Altsasun zintzilik errausketaren kontra

Altsasun zintzilik errausketaren kontra

'Olaztin errausketarik ez' blogean sareratutako irudia.

Gazte talde bat Altsasuko eraikin baten horman zintzilik dago Olatzagutiako Portland enpresari Nafarroako Gobernuak hondakinak erretzeko baimena eman diolako  protestan. Ekintza horretan Urte Zahar gaua arte jarraituko dutela iragarri dute.
Atzotik, abenduak 27, daude horman ipiniriko plataforma batean zintzilikaturik gazteok, azpian daukatela Cementos Portlanden ikurra daraman “Inposaketarik Ez. Errausketarik Ez” pankarta. Orain artean Berriak eta Naizek eman dute gertatzen ari denaren berri.
Hiru Mugak Batera elkarteak jakinarazi duenez “Nafarroan egin daitekeen basakeria handienaren inguruan” gizartea ohartarazi nahi dute gazte ekintzaileok. “Guztion artean galarazten ez badugu, hondakinak erretzeari ekingo dio UPNren gobernuaren onespena jaso ondoren (…) Arrazionaltasun aldarria egin nahi dugu, eta beste eskualde batzuetan baztertu dena hemen burutzea ekarriko lukeen baimenik ez ematea eskatzen dugu, gizakion osasunerako arriskutsua delako eta aberastasun eta enplegu galera ekarriko lukeelako”.
Zintzilik dauden gazteok laguntza eskea egin diete beren herrietan edo inguruetan hondakinak erretzeko proiektuen kontra protesta egin duten guztiei, Nafarroako Sakanan Portland Valderrivasek eta Nafarroako Gobernuak daukaten asmoa oztopatzeko. Eta Iruñeko gobernuari eskatu diote “era bihurrian, amarruz beterik eta asmo txarrez tramitatu den” proiektua ez dezala onartu.

Comentarios