Santimamiñe, historiaren lekuko mutua

GARA > Idatzia > Kultura

Santimamiñe, historiaren lekuko mutua

1916. urtea zen. Ume kuadrilla batek, jolasean zebilela, kobazulo bat aurkitu zuen Kortezubiko Basondo auzoan. Bertan barneratu, eta, kandelen laguntzarekin, ikertzen hasi ziren umeak; bat-batean, marrazkiak aurkitu zituzten hormetan, eta, beldurtuta, herrira jaitsi ziren gertatukoa kontatzera. Santimamiñeko koba ezaguna aurkitu berri zuten.

p036_f01.jpg


Mikel PASTOR | KORTEZUBI

Urdaibaiko erreserbako lurretan historiaren eboluzioaren testigu mutua daukagu. Milaka urtetan zehar, mota guztietako animalia eta gizakiak ikusi ditu bere barrenak miatzen, bere sabelean babesa bilatuz. Toki mitologikoa bilakatu da ia, eta musulmanek Mekara erromesaldia egiten duten antzera, euskaldunok geure erromesaldi berezia egiten dugu Kortezubiko Santimamiñeko koba ezagunera.

Basondoko auzotik abiatuta, zenbait eskailera igo behar ditugu Ereñozu mendiaren magalean gora. Ezkerrera biratu, eta aurrez aurre aurkitzen dugu, barrote beltz eta sendoz babestuta, Bizkaiaren eta Euskal Herriaren historia bizia den Santimamiñeko koba. XX. mendeko 20ko hamarkadan landatutako ipuru erraldoi batek jagoten du sarrera, tokiaren handitasuna sinbolizatu nahian.

Ehunka, milaka, bisitari pasatzen dira bertatik urtean zehar. Urte mordoa dira horrela dela, 40 inguru. Bitxia den arren, bertaratutako gehienak umeak dira, ikastolek antolatutako txangoetan kobazuloa bisitatzen duten haurrak. Badirudi, gainera, txangoa gustukoa izaten dutela, Bizkaiko Diputazioaren iturrien arabera, gazte garaian Santimamiñera joandako gehienak, emakume zein gizon, bertara bueltatzen baitira seme-alabak izaterakoan. Nostalgia kontua, ziur aski.

Ia ehun urte igaro dira kobazuloa aurkitu zutenetik. Eta era bitxian, gainera. Izan ere, umeak, munduko kuxkuxeroenak, izan ziren aurkikuntzaren «errudunak», abuztuko egun bero batean.

Mendian jolasean ari zirela, toki ezkutu eta estu batera ailegatu ziren. Kuriositateak jota, taldetxoak bertara sartzea erabaki zuen. Iluntasunari aurre egiteko zenbait kandela piztu, eta, esperientzia handiko espeleologoak bailiran, kobazuloan behera abiatu ziren. Hura ezustekoa eramango zutena koitaduek!

Jakin gabe, sekulako aurkikuntza egin zuten. Halere, hormetan bisonte, zaldi edota untxiak aurkitu zituztenean, ez zuten hori buruan, ez. Guztiz beldurtuta eta harrituta, tximista bezain azkar alde egin zuten kobazulotik. Herrira jaitsi eta ikusitakoa kontatu zutenean, ez zien inork sinetsi. Beno, hobeto esanda, ia inork. Sinetsi zienen artean, hori bai, herriko eskolako irakaslea zegoen. Irakasleak Jesus Guridi lagun minari kontatu zion istorioa. Jarraian, euskal musikari famatuak Bizkaiko Foru Aldundiari eman zion aurkikuntzaren berri. Horrelako mezulari famatuarekin, tokiari begiratu bat ematea erabaki zuten Foru Aldundiko arduradunek; txundituta geratu ziren bertara bidalitako langileak; imajinaezina zen ondare historikoa gordetzen zuen kobazuloak.

Lehenengo begiratuan bertan argi ikusi zuten kobaren barruan altxor antropologiko izugarria zegoela. Horregatik, Bizkaiko Foru Aldundiak estu hartu zuen ikerkuntza, eta talde prestatu eta profesionala bidali zuten Kortezubira.

Taldearen buru Telesforo Aranzadi, Jose Miguel Barandiaran eta Enrique Eguren ziren. Historialari hirukote famatua osatzen zuten, izen handia zuena paleontologiaren eta antropologiaren arloetan. Bi urtez indusketa lanak zuzendu zituzten, altxatzen zuten metro bakoitzeko altxor txiki ugari aurkituz. Paleolitoko silexez egindako erremintak, neolitiko aztarnak, erromatarren garaiko zeramika eta burdin platerak... izugarrizko ondare historikoa zuten zain. Lurrari jaten zitzaion zentimetro bakoitza janari goxo bati koskada handia ematea bezalakoa zen.

Urte pare bat eman zuten aztarna eta hezur artean, jo eta ke lanean. Punta-puntako teknologia erabili zuten, eta Europan ezinbesteko erreferentzia gune bilakatu zen Kortezubiko kobazulo galdua. Fama horrek nazioarteko ikerle pila erakarri zituen, Urdaibaiko altxorraren usainari adi. Izaten ari ziren arrakasta zela eta, ikerketa 1926. urtera arte luzatzea erabaki zuten.

Hasieran aipatu bezala, lurraren eta gizakien agerpen, moldaketa eta desagerpenaren testigu aparta izan da Santimamiñeko koba. Paleolitoan kokatzen dira kobazuloan aurkitutako lehendabiziko aztarnak. Gizakiak agertu baino lehen, animalia haragijaleen babesleku izan zen, bertan otsoen, hartzen eta beste hainbat animaliaren hatzaparrak eta haginak aurkitu dira-eta.

Paleolitoko bertako, baina ehunka urte geroagoko, gizakiaren presentziaren frogak ere aurkitu dituzte Santimamiñen. Kobazuloaren funtzioa ezberdina zen, baina orokorrean ehiza garaietan erabiltzen zen babesleku puntual gisa. Kobazuloaren kokapena ezin hobea zen. Hotzetik babesteko berotasuna eta epeltasuna eskaintzen zien ehiztariei, non eta animalia ugari zegoen tokian. Gainera, bere kokapen bikaina dela-eta (hego-mendebalderi begira dago), haize hotzen hatzaparretatik urrun jartzen zituen gizakiak. Kontuan hartu behar da garai horiek hotzak izan zirela oso, eta ingurune gehienak elurtuta zeudela.

Ehizarako ere leku ezin hobea zen Santimamiñe, Urdaibaiko bailara kontrolpean izateko aparta. Kontuan hartu behar da garai hotzak zirela, eta, hortaz, zuhaitz gutxi zeudela, harana kontrolatu behar zuten ehiztarien lana izugarri erraztuz. Ehiza kanpaleku hutsa zen, beraz, baina garaiko gizakientzat funtsezko balorea zuen elikatzeko orduan.

Kobazuloaren erabiltzaileek bizirauteko ehizatu beharra izateak harreman estua du historialari askoren ustez barnean agertutako labar-pinturekin, ehizan zorte ona izateko egiten zituztela uste baitute. Beste historialari askoren ustez, aldiz, naturaren irudikapena ziren, eta ez zuten ehizarekin zerikusirik. Azkenik, pinturok erlijioarekin lotzen dituen teoria ere badago. Horren arabera, animaliak jainko gisa hartzean oinarritzen zen Santimamiñeko artea. Azken teoria horren arabera, hilerri edo santutegi gisa erabiltzen zuten labar-pinturok biltzen dituen aretoa.

Behin Paleolitoa pasata, gizakiaren ohiturak aldatzen joan ziren. Bizimodu nomadak nolabaiteko sedentarismoari paso eman zion, arrantza eta abeltzaintza direlarik horren ondorio zuzenak. Santimamiñek, noski, garapen horretan paper garrantzitsua jokatu zuen. Horren erakusle, Urdaibaiko kobazuloan Neolito garaiko sedentarismoaren zenbait froga aurkitu dituzte. Garrantzitsuenak, garaiko artzainek erabilitako zenbait makila, arrantzarako arpoiak...

Garai hotzak pasatu eta gero, Urdaibai berdetu egin zen, abeltzaintzarako gune zoragarri bilakatuz. Itsasoaren gertutasunak, gainera, arrantza ere erraztuko du. Hortaz, bi jarduera horiek ehizari gailenduko zaizkio. Alde batetik, fisikoki ez zirelako hain gogorrak, eta, bestetik, luzaroan aurrera eramandako ehiza intentsiboak animalien kopurua nabarmen txikitu zuelako.

Kobazuloak antzeko funtzioa izaten jarraituko du, gotorlekuarena, baina bertan gizakiek emandako denbora askoz luzeagoa izango da. Horrez gain, arrainen biltoki ere bihurtuko da Santimamiñe. Metalezko erremintak ere aurkitu dituzte, gizakiaren eboluzioaren aztarna.

Askotan pentsatu izan dugu -oker- erromatarrek Euskal Herrian ez zutela kanpalekurik edota antzekorik antolatu. Hori ez da inolaz ere egia; Kortezubi alboko Forua herrian, adibidez, Iberiar penintsula iparraldeko asentamendu handiena izan zen bost mendez. Santimamiñeko koba bera ere erromatarren ondarearen lekuko da. Gainera, Erromatar Inperioaren krisien eta gorabeheren berri ere izan daiteke aurkituko aztarnetan oinarrituta.

Nola? Erromatarren krisi garaietan, kokalekuko biztanleek, lapurreten beldur, euren baliozko ondasunak kobazuloan bertan ezkutatzen zituzten. Ondasun horiei egindako frogetan, Erromatar Inperioko krisi garaietakoak direla ikusi dute ikertzaileek.

Ehunka urte pasa dira azken erromatarrak Urdaibaiko koba zapaldu zutenetik, eta gaur egun bisitari oso ezberdin eta anitzak dauzka.

XX. mendeko lehen laurdenean zabaldu zizkien ateak kobazuloak bisitariei. Hortik aurrera, milaka izan dira bertatik pasatutako ume, gazte eta nagusiak.

Bereziki aipagarria da umetxoek jokatutako papera. Ikastola gehienek antolatzen dituzte txangoak bertara, eta, ondorioz, Bizkaiko eta Euskal Herriko herritar mordoa egon da Santimamiñen, nahiz eta asko ondo gogoratu ez. Diputazioko iturriek, hori bai, datu interesgarria aipatu dute horren harira: «Gazte garaian txangoan etorritako gehienek, aurreko esperientziaren xehetasunak gogoratzen dituzte, baina ez guztia. Ilusio handia egiten die txikitan bisitatutako toki berezi honetara itzultzea».

Zoritxarrez, gizakiaren presentzia negatiboa da koba historikoarentzat. Gizakiok arnasa hartzerakoan askatzen dugun karbono dioxidoak kobaren barrunbeak hondatu ditu, birusen eta bakterien agerpena errazten duelako. Hori eragozteko, bisitak murriztu zituzten lehendabizi, baina emaitzak onak ez zirela ikusita, kobazuloaren aurrealdea soilik erakustea erabaki zuten ostean Foru Aldundiko arduradunek. Sarrera baino ez zaie erakusten bisitariei egun, eta, kobazuloa osotasunean ikusteko, hiru dimentsioko sistema bat erabiltzen da hiru urtetik hona; hain zuzen ere, kobatik gertu dagoen San Mameseko baselizan ezagutu daiteke ikus-entzunezkoa.

Santimamiñe gizateriaren ondare izandatu zuen Unescok 2008. urtean. Nazioarteko erakundeko zenbait teknikarik, euskal espeleologoekin batera, ikerkuntza talde bat osatzen dute egun. Bi hilabeteko iraupena duten kanpainak egiten dituzte, eta, orain artean, oso emankorrak izan dira: aurkikuntza berriei esker, koba urpean egon zela ondorioztatu dute, eta, horren bitartez, Urdaibaik duela zenbait milioi urte zuen itxura eta orografia jakitea lortu dute.

Toki eta adin ezberdineko gizakiok kobazuloaren barrenak arakatzen ditugun bitartean, Santimamiñe hor egongo da, lasai, isilean, eboluzioaren testigu mutu, aldaketen lekuko. Besteok joan eta etortzen garen bitartean, betiko kokalekua defendatuz jarraituko du Santimamiñek.

Teknologia berriak gizartearen zerbitzura

Aipatu bezala, bisiten ondorioz Santimamiñeko kobazuloaren egoerak txarrera egin zuela konturatu ziren orain dela bost urte. Gizakion arnasketak, karbono dioxidoa askatzean, barnealdeko hormak kaltetzen zituen, bakterien eraketa errazten zuelako. Hortaz, bisitak kobaren aurrealdera mugatzea erabaki zuten. Erabaki gogorra izan zen Bizkaiko Diputazioarentzako, bisitariek ehunka metro ez ikustea esan nahi baitzuen. Horrek interes galera suposa zezakeen, eta, hortaz, zerbait egin beharra zegoen, baina... zer?

Comentarios