Kantauri isurialdean 68 gunetan dago uholde arrisku «nabarmena»

2011-07-19

Kantauri isurialdean 68 gunetan dago uholde arrisku «nabarmena»

Uholde mehatxuari aurre egiteko plan bat egin nahi dute Uraren Euskal Agentziak eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak

Gizakiak ibai inguruetan «gehiegi» eraiki izana aipatu dute arrazoien artean

Ainara Arratibel

Urumea ibia gainezka eginda Hernani inguruan. / JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRES

Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak eta Uraren Euskal Agentziak egindako txosten baten arabera, uholdeak izateko arrisku «nabarmena» dago Kantauri isurialdeko 68 gunetan. Dokumentua uholde arriskuari aurre egiteko kudeaketa plan bat egiteko oinarri gisa erabili nahi dute. Bi erakundeek gogorarazi dute Kantauri isurialdearen ekialdean dagoela batez ere arrisku hori: «Dituen ezaugarri orografiko, hidrografiko eta klimatikoak kontuan hartuta, uholdeak izateko aukera gehiago dago inguru horretan. Gizakiak, gainera, nabarmen okupatu ditu hango ibaietako ertzak». Mehatxu hori erabat desagertzea «ezinezkoa» dela aitortu dute, baina posible dela murriztea. «Lortu behar dugu ez eraikitzea uholdeak izateko arriskua dagoen inguru horietan, eta ezta ibaien erriberetan ere. Ibaiei beren bidea egiten utzi behar zaie».

Behin txostenaren berri emanda, hiru hilabete daude ekarpenak egiteko. Horiek jaso, arrisku guneen mapa berraztertu eta plan bat egingo dute. Europako Batasunak berak 2007an zuzentarau bat onartu zuen halako planak egitea gomendatzen duena. Europan 1998. eta 2004. urteen artean 700 pertsona zendu ziren uholdeen ondorioz, eta 25.000 milioi euroren kalte ekonomikoak eragin zituzten.

Neurri «hutsalak»

Orain arte uholde arriskuari aurre egiteko hartu diren neurriak «egiturazkoak» izan direla azaldu dute Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak eta Uraren Euskal Agentziak: urtegiak nahiz dikeak eraiki dituzte, ibaien ibilbidea aldatu dute... «Ingurumen kostu handia izan dute erabaki horiek. Gainera, defentsarako neurri noriek arriskua gutxitzeko balio dute, baina ez ezabatzeko».

Araban Nerbioi ibaiaren inguruan dago bereziki uholde arriskua; zehazki, Laudio, Amurrio eta Urduña artean.

Oria, Urumea eta Deba ibaiak zeharkatzen dituzten herriek dute uholdeak izateko mehatxu gehien Gipuzkoan. Urumearen kasuan, Donostia eta Hernani arteko zatian, adibidez, 279 hektarea daude mehatxupean.

Bizkaian, Bilboko itsasadarrean, 462 hektareatan dago uholdeak izateko arriskua. Ibaizabal, Butroe eta Cadagua ibaien inguruan ere aukera hori nabarmena da. Azken urteetan, hala ere, Getxo izan da Bizkaian gehien kaltetutako herria, Gobela ibaiak gainezka egin duelako.

Baztan ibaia igarotzen da Elizondotik eta Oronoz-Mugairitik. Txostenaren arabera, Nafarroan bi herri horietan dago uholde arrisku handiena. Elizondon 293 hektarea daude mehatxuan, eta Oronoz-Mugairin, 211.

Leku horiek arrisku gune izaterako orduan ondorengo irizpideak hartu dituzte kontuan, besteak beste: inguruan bizi den populazioa, komunikaziorako dauden bide zein azpiegiturak —errepideak, erietxeak, suhiltzaile parkeak, zentral elektrikoak— eta gehienez eragingo liratekeen kalte materialen ponderazioa.

Historian izandako uholdeen datuei ere rreparatu diote. «Baina kontuan hartuta hirigintzak aldaketa handiak eragin dituela paisaian».

Comentarios