Hitzez eta legez hainbeste babesten den kostaldeak etengabeko erasoak jasaten ditu




GAUR8.info
-

Kostaldea, edota natura oro har hartuta, gogor kaltetzen duten proiektuak bultzatu edo onartzen dituzte urtez urte erakunde publikoek. Legez babestuta dauden eremuetan hirigintza proiektuak egitea ohiko bihurtu da. Bitartean, noski, proiektuok onartzen dituzten erakunde publikoetako ordezkariek naturaren balio eta edertasunaz hitz egiten digute etengabe.

Amaia Zurutuza

2011ko Uztailaren 15a

Ekologistak Martxan taldeak, urtero, 1999. urteaz geroztik, «Bandera beltzak» izeneko txostena osatzen du Estatu espainoleko kostaldearen egoeraren berri eman eta bertan egiten diren jarduera kaltegarrienak salatzeko. Hala, aurtengo txostenean Bizkaian eta Gipuzkoan 11 bandera edo puntu beltz kokatu dituzte. Hirigintzak, isuriek (organikoak eta industrialak), uraren garbiketa ezak nahiz portuek eta obrek sortutako kalteak hartzen dituzte aintzat.

Bizkaian, hirigintza alorrean, Urdaibain Guggenheim museo bat eraikitzeko proiektuari eman dio talde ekologistak bandera beltza, eta puntu beltza jarri die ere Muskizen, Barrikan eta Ondarroako Alleri paduran etxebizitzak eraikitzeko planei. Isuri kutsakorrei eta uren garbiketari dagokionean, bandera beltza berriro Urdaibain jarri dute, Oka ibaiaren arroak hondakin-uren garbiketarik gabe jarraitzen duelako. Azkenik, portu eta obrei erreparatuta, Bilboko portua handitzeko lanek jaso dute bandera beltza.

Gipuzkoan, berriz, hirigintzan, Orioko Munto urbanizazioak jaso du bandera beltza. Deba ibaiaren arroak jasaten duen kutsadurari ere bandera beltza eman diote, baita Pasaiako kanpoa portua eraikitzeko proiektuari ere. Donostian, Monpasen eraiki nahi duten pasealekuan jarri dute puntu beltza.

Itsas hondoen erauzketa Arena hondartzaren parean

Ekologistak Martxan taldeak salatu duenez, Bilboko superportua deiturikoak natura irensten jarraitzen du bere «hazkuntza geldiezina» elikatzeko. Harrobiak eta era guztietako hondakinak nahikoak ez direnez, orain itsasoko hondarra behar dute zabalguneak betetzeko. Portuko instalazioak handitzeko hirugarren fasea 2008an hasi zuten itsaso gainean 293.000 metro karratu «irabazteko» asmoz. Horrela, Bilboko portuak 528.000 metro karratuko azalera lortuko du.

Horretarako, betegarri iturri nagusia itsasoko hondarra izango da; hain zuzen ere, Muskizko hondar-bankua deiturikotik hartuko dute. 208 hektarea ditu bankuak eta kostaldetik 1,3 eta 3,3 kilometrora dago, 19 eta 38 metro arteko sakoneran. Bertatik 6 milioi metro kubiko hondar ateratzeko asmoa dute. Arena hondartzaren desagerpenaren aurkako plataforma herritarrak ekimen ugari egin ditu proiektuaren aurka. Muskiz eta Zierbenako udalak, baita Bizkaiko Batzar Nagusiak ere, aurka daude. Proiektuak ingurumen-inpaktu handiak ekarriko ditu; besteak beste, floraren eta faunaren sarraskia, sedimentu kutsatuen mugimendua eta hondartzen murrizketak.



Petronorren planta berria Muskizen

Petronorrek Muskizko Barbadun estuarioan duen findegia duela 30 urte baina gehiago eraiki zuten padura gune batean. Ordutik etengabe handituz joan da, eta, 2009. urtean, URF (Unidad de Reduccion de Fueloil), petrolio-azpiproduktuak koke petrolio bihurtzeko planta oso kutsakorra, eraikitzen hasi ziren. 2010eko azaroan koke plantaren kontsumo altua energiaz hornitzeko Petronorren kogenerazio zentral berri baten eraikuntza amaitu zuten. Urte bukaeran martxan jartzeko asmoa dute.

Planta berriaren funtzionamenduak, beste ingurumen-inpaktu larri batzuez gain, hondakin-uren isuriak handituko ditu. Lehen Barbadun ibaiaren bokalean isurtzen zituzten hondakin-urak, orain, berriz, itsasora bidaltzen dituzte zuzenean hustubide baten bidez.

Urbanizazio berria Arena hondartzaren ondoan

Zierbenak eta Muskizek partekatzen duten Arena hondartzaren ondoko 19.000 metro karratuko lursail batean, etxebizitzak egiteko proiektua abian da. Luxuzko urbanizazio bat egiteko (74 pisu eta 60 txalet), Muskizko Udalak arau ordezkatzaileak aldatu zituen aisialdira eta jolasera bideratutako 7.000 metro karratuko lursail bat hirigintza jarduerarako birsailkatuz. Ekologistek jarritako helegite baten ostean, pasa den apirilean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Muskizek egindako birsailkapena nulua zela ebatzi zuen. Beste epai batean, etxebizitzen eraikuntzaren zati bat legez kanpokoa dela ebatzi zuen gertu dagoen oliobide batekiko segurtasun distantzia ez errespetatzeagatik. Hala ere, Zierbenako Udalak proiektua mantentzen du. Proiektua Arena hondartzaren eta Barbadun itsasadarreko paduren ingurunean kokatzen da. Antzinako padura bat da, urteetan zehar behin eta berriro artifizialki aldatu dutena.

Barrikabaso eta Muriolako itsasertzean etxebizitzak

Barrikan, Muriola eta Barrikabaso itsasertzaren inguruan, babes bereziko eta urbanizatu ezin ziren 19 hektarea birkalifikatu zituzten luxuzko 85 txalet eta hamabi etxebizitza egiteko. Txipio Bai talde ekologistak jarritako helegiteari erantzunez, 2001ean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak birkalifikazioa bertan behera utzi zuen forma akats bategatik, baina arazoaren funtsari heldu gabe. Bizkaiko Aldundiak proiektuarekin jarraitzeko agindu berria eman zuen ondoren. Ekologistek helegitea aurkeztu zuten berriro eta 2009an Auzitegi Nagusiak birkalifikazioa bertan behera utzi, arazoaren funtsari heldu eta proiektua inguruko paisaia balioen aurkakotzat jo zuen. Hala, itsasertzeko eremu honen behin betiko babesa gertuago dagoela baieztatu du Ekologistak Martxan taldeak. Hamalau txalet eraikita daude, eta, horien etorkizuna, erabakitzeke.

Birkalifikazioak Barrikabaso inguruari eragiten dio, Muriola hondartzatik gertu dagoen 65 hektareako eremuari. 1987an babes bereziko paisaia izendatu zuen Gasteizko Gobernuak.

Guggenheim museoaren proiektua

Bilbon Guggenheim museoa eraiki ostean, orain Urdaibaiko Biosfera Erreserban, Sukarrietan zehazki, eraiki nahi dute bigarren museo bat Bizkaiko Aldundiak eta Guggenheim Fundazioak. Proiektuak zuzenean eragingo lioke eremu natural babestuari eta bertako ekosistemen orekari. Gasteizko Gobernuak orain arte proiektuaren aurkako jarrera azaldu du publikoki eta pasa den martxoan monumentu-multzo izendatu zituen BBKren koloniak. Bertan egin nahi zuten museoa, eta, beraz, beste leku bat bilatu beharko dute orain proiektuaren bultzatzaileek.

«Urdaibaietz! Gure kulturaren eta naturaren defentsan» lelopean bildutako plataforma herritarra museoa eraikitzearen aurka dago, baita Zain Dezagun Busturialdea plataforma historikoa eta hainbat talde ekologista ere.

Hondakin-urak oraindik ere garbitu gabe

Busturialdean kokatutako Urdaibaiko itsasadarrak 230 metro karratuko azalera hartzen du, Bizkaiko lurraldearen %10. 1986. urtean Biosfera Erreserba izendatu zuten Urdaibai. Guztira 22 udalerri ditu Busturialdeak, horietako hamabi erreserbaren barruan daudelarik oso-osorik. Duen hedadura eta kontserbazio maila kontuan hartuta, Euskal Herriko inguru heze garrantzitsuena da, baita hegazti migratzaileentzat negua igarotzeko edo atseden hartzeko funtsezko gunea ere. 1994ean ZEPA gune izendatu zuten; hegaztien babeserako inguru bereziko ingurua, alegia. Ondorioz, Europako Natura 2000 sarearen barruan dago.

Oka ibaia Oiz mendian jaiotzen da eta izen bereko bailara zeharkatzen du 12 kilometro eskaseko ibilbidean. Gernikatik itsasoratzen den arte, hondartza zabalez osaturiko estuarioa osatzen du. Estuarioa Biosfera Erreserbaren bihotza da. Ingurumen balio handia izan arren, Okaren arroak hiriko eta industriako urak garbitzeko sistemarik gabe jarraitzen du herri gehienetan. Urdaibaiko Saneamendu Plan Orokorra 1984. urtean hasi ziren idazten. 2003. urtean Gasteizko Gobernuak eta Busturialdeako Ur Partzuergoak hitzarmena sinatu zuten hondakin-urak garbitzeko, sei urteko epean 35 milioi euroko inbertsioa aurreikusiz. 2010. urtearen erdialdean baina, 7 milioi baino ez zituzten inbertitu. Egun behar den inbertsioa 75 milioitan kuantifikatu dute.

Ezkerreko ertzean, biztanle gehien eta isuri handienak dauden lekuan, hodi biltzaileak eta hondakin-uren araztegi bat ari dira eraikitzen. Aurreikuspenen arabera, 2013. urtean jarriko dute martxan dagokion urpeko hustubidearekin. Eskuineko ertzean, bi araztegi daude aurreikusita, dagozkien hodi biltzaileekin; aldiz, proiektuak ez du plan zehatzik.

Alleriko paduran etxeak eraikitzeko egitasmoa

Ondarroako Artibai itsasadarreko bokalean, Alleriko paduran, 480 etxebizitza eraikitzeko proiektua bultzatu dute Ondarroako Gestorak eta Gasteizko Gobernuak, lurzoruaren birsailkapena ere egin dutelarik. Proiektuaren oinarri legala 1993. urteko arau ordezkatzaileetako lurraren sailkapena aldatzen duen egitasmo berezia da. Egitasmoaren aurka aurkeztutako helegite baten harira, 2010eko irailean kautelazko gelditzea agindu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Iazko abenduan berretsi egin zuen erabakia. Urte hasieran, auzitegi berak Zaldupe eta Alleri artean pasealekua egiteko proiektua gelditzea ere agindu zuen. Ekologisten iritziz, proiektu hori urbanizazioa eraikitzeko obren ezkutuko hasiera litzateke.

Proiektuak padura eta urak har dezakeen inguru baten lehortze partziala eta afekzioa dakar, hain zuzen ere, Europar Batasunak biodibertsitatearen zaintzarako duen Natura 2000 sare ekologikoan sartuta dagoen zonalde batena. Era berean, kaltetuko den eremua Bisoi Europarraren Zaintzarako Kudeaketa Planaren barruan dago. Zuzentarau komunitarioetan bisoia zorrozki babestu beharreko espezie gisa dago katalogatuta. Gainera, proiektuak ez ditu aintzat hartzen klima-aldaketaren arabera urpean gelditzeko aukera duten eremuen inguruko europar zuzentarauen aurreikuspenak.

Ibaiaren arroa Gipuzkoako kutsatuena da

Deba ibaia Elgeako mendilerroan jaiotzen da, 540 metro karratuko arroa du (%10 Araba eta Bizkaian, gainontzekoa Gipuzkoan), eta 62 kilometroko luzera. Arrasaten Oñati ibaia batzen zaio. Euskal Herriko eskualde industrial nagusietakoa zeharkatzen du eta soilik hasierako tartean du kalitate oneko ura; gainontzean kutsadurak eta isuriek Gipuzkoako ibairik kutsatuena bihurtzen dute.

Debagoiena zeharkatzean jasotzen dituen isuri industrialak dira Deba ibaiaren kutsaduraren arrazoi nagusia. Besteak beste, Aretxabaleta, Arrasate nahiz Antzuolak ur-araztegirik gabe jarraitzen dute. 2007. urtean Elgoibarren hondakin-uren araztegia inauguratu zuten eta 2008an Bergaran beste bat. Datorren udazkenerako jarri nahi dute abian Arrasaten eraikitzen ari diren araztegia. Sistema horiek hasierako tarte horretan uraren kalitatea asko hobetu beharko lukete Ekologistak Martxan taldearen arabera. Hala ere, azpialdeko arroan kutsadurak handia izaten jarraituko du, bai behintzat Bizkaitik Ego ibaira botatzen duten uraren garbiketari aurre egiten ez dioten bitartean. Bereziki premiazkoa da Ermua-Mallabiko araztegia.

Oria ibaiertzeko Muntourbanizazioa

Orion, Oria ibaiaren bokalean aurrera jarraitzen dute urbanizazio eta eraikuntza proiektuek, ia hondartzaren ertzeraino. Hala, Orioko Udalak onarturiko Munto Plan Partziala deritzonak aurrera darrai. Lehenik futbol zelai bat inauguratu zuten, baita 300 aparkaleku eraiki zelaiaren azpian ere. Aurrerago, pasa den martxoan inauguratutako polikiroldegia eraiki zuten. Planak merkatal gune bat eraikitzea ere jasotzen du, eta 200 bat etxebizitzako hiru bloke. Hainbat prozedura judizialek Plan Partzialak jasotzen dituen hainbat proiektu legez kanpokotzat jo dituzte behin betikoak ez diren ebazpenen bidez. Hala, obrak prozedura judizialen aurretik doazela salatu dute ekologistek. Kantauri Isurialdeko Erreka eta Ibaien Ertzen Antolamendurako Lurralde Plan Sektorialak urpean geldi daitekeen inguru gisa kalifikatutako eremu batean ari dira aurrera eramaten Plan Partziala.

Orioko dendari, ostalari eta profesionalen Arkupe Elkarteak plana baztertu du eta Ezker-Batuak hainbat helegite judizial aurkeztu ditu Plan Partzialaren aurka.

Pasabidea Monpaseko itsaslabarretan

Ulia mendiko itsaslabarretan oinezkoentzat pasabidea eraikitzea Donostiako ekialdeko kostako zatia artifizialki luzatzen jarraitzea dela salatu du Ekologistak Martxanek. Proiektuak 725 metroko azpiegituraren eraikuntza dakar uraren mailatik 15 eta 22 metro arteko altueran. 2010eko urrian Ferrovial enpresari eman zioten pasabidea eraikitzeko lana 9 milioi euroren truke. Udal berria proiektua berraztertzen ari da.

Jaizkibelen kanpo portua eraikitzeko proiektua

Pasaiako kanpo portuaren mehatxuak bere horretan jarraitzen du. Jaizkibelgo itsaslabarretan kalte handia eragingo du proiektuak; hau da, naturaren ikuspegitik interes berezia duen inguru bat kaltetuko du. Gipuzkoan ondoen mantendutako itsasertzean hiru kilometro itsaslabar suntsituko ditu. Portuak sortuko dituen korronteen eta olatuen aldaketek itsasertzeko dinamika sedimentarioa kaltetu eta Jaizkibelgo itsasertz osoa eragingo dute. Hondarribia eta Hendaiako hondartzek ere kalteak jasan ditzakete.

Comentarios