Alleriko plana behin-betiko eten du EAEko Auzitegi Nagusiak

Alleriko plana behin-betiko eten du EAEko Auzitegi Nagusiak

2010/11/30
Bestelakoak Nork Maribi Ugarteburu

Udal Kudeaketa Batzordeak pasa den irailean ipinitako helegitea atzera bota du horrenbestez.

Ezingo da etxebizitzen plana gauzatu Alleriko paduran, harik eta gaiaren inguruan oraindik egin behar den epaiketa egin eta ebatzi arte. Bien bitartean, etenda geratuko da Alleriko Plan Berezia. Horrela ebatzi du, behin-betiko etena edo suspentsioa aginduta, EAEko Auzitegi Nagusiak. Atzo eman zuen sententzia. Modu horretan, atzera bota du auzitegiak pasa den irailean Ondarroako Udal Kudeaketa Batzordeak Alleriko Planaren behin-behineko etenari ipini zion helegitea.
Behin betiko etenaren aginduaren aurrean zer egingo duen galdetuta, oraingoz horretaz ezelako adierazpenik ez duela egingo emon zuen jakitera Kudeaketa Batzordeko buru Felix Aranbarrik atzo.

Martxoan onartu zen Plana


Alleriko Plan Bereziari behin betiko onespena aurtengo martxoan emon zion Udal Kudeaketa Batzordeak. 1993ko Arau Subsidiarioak oinarri modura hartuta, Plan Berezian Alleriko lurren hamabi hektarea hartu ziren kontuan. Hortik %12 beteko zuten etxebizitzek; bide, ekipamendu eta zerbitzuek %6, eta beste %82a hezegune eta berdeguneek.
Guztira 480 etxebizitza egiteko egitasmoa aurreikusten du Planak; horietatik %88 babestuak (%66a tasatuak eta beste %22 babes ofizialekoak); eta beste %12 promozio librekoak.
Plana onartzerakoan Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Osasun, Kultura eta Barne sailek diotena; Aldundiko Herrilan, Errepide eta Nekazaritza sailek agindutakoa eta Espainiako gobernuko Ingurumen Ministerioaren iradokizunak «kontuan hartzen zirela» baieztatu zuen Udal Kudeaketa Batzordeak. Planak «Alleriko ingurunea berreskuratzea bilatuko zuela» agindu zuten orduan.

Ordurako, baina, otsailean, Berdeek Europako Parlamentuan egina zuten Alleriko hezegunea babesteko eskaria, «ekologia eta nekazaritza aldetik daukan balio handiagatik». Batik bat bisoi europarraren gordeleku izanda Babes Hertsiko katalogazioa daukala Allerik esan zuen Berdeen europarlamentari Raul Romevak orduko hartan.
Alleri hezegunea Natura 2000 Europako naturaren babes sarean izendatuta dago; baita EAEko Garrantziako Lekuen katalogoan be. Zaintza Bereziko Gunea eta Babes Bereziko Eremua izendapenak dauzka Alleriko padurak.

Uztailean eten zuten
«Alleriren ezaugarri ekologikoak aintzat hartuta» jo zuen Alleri Zainddu herritarren plataformak justiziara. Eta joan den uztailaren 27an EAEko Auzitegi Nagusiak Alleriko plana behin-behinean geratu eragitea agindu zuen euren salaketari jaramon eginda.
«Udal Kudeaketa Batzordeak arau subsidiario zaharkituetan oinarrituta onartu du hirigintza plana hezegunerako. Baina, kontua da legeen arteko talka gertatzen denean, goragoko mailako legeek balio dutela. Eta kasu honetan, Europako Batasuneko eta EAEko legediek emoten diote babesa Alleriri», esan zuten orduan Alleri Zainddukoek. Orain gaia epaiketaren zain geratzen da, eta bitartean ezingo da han eraiki.

Comentarios