Industriagaz bilera egin gura dute Inamako langileek, enpresa lekualdatzeko baimena eskatzeko

INAMA
2010/11/15 Gernikaldeko Hitza

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailagaz batu da gaur Inamako langileen ordezkaritza bat, beraien egoerari “irtenbideak” bilatu nahian. Hala ere, enpresa lekauldatzeko baimenarekiko konpromisorik ezin izan dute lortu, “hori Industria sailari dagokiolako”, langileen ordezkari David Palaciosek azaldu duenez. Horregatik, industria sailagaz eta Lurralde Antolamendurako arduradunekin bilera egitea da orain Inamako enpresa komitearen asmoa. “Batzarra eskatuko dugu, eta Inama Ajangizeko industriagunera lekualdatzeko baimea eman dezaten eskatuko diegu”. Hala ere, enpresa Ajangiz ez den beste edonora eramatea ere ez dute baztertzen langileek. “Jaurlaritzak beste kokaleku bat proposatzen badigu printzipioz ez genioke ezetzik esango”. Inamako arduradunak prest daude enpresa beste norabaitera eramateko egin behar diren inbertsioak egiteko, eta Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunek ere proiektu hori babesteko prest liratekeela esan zieten joan den astean egindako bileran.

Inamak legea bete beharko du, nahitaez

Ingurumen sailagaz gaur egin duten batzarrean enpresak, nahitaez, legea bete behar duela esan diete Jaurlaritzakoek Inamako langileei. “Esan digutenez, Inamak ez du beste biderik, Ingurumen legea betetzen ez badu Ingurumen sailak enpresa zarratzeko agindua emango duela esan digute”. Enpresak, dagoeneko, hasi ditu legea betetzeko izapideak. “Ingurumen baimena eskatu du Udalean, gaur egungo enpresa ereduan oinarrituta, anpliazioa kontuan hartu barik”. Eskaera hori Ingurumen sailari helaraziko diote gero. Legea betetzeari ondo deritzote langileek, eta “beharrezkoa” dela uste dute. “Hala ere, horrek ez du gure egoera konponduko. Guk epe luzerako proiektua behar dugu. Izan ere, Inama gaur egun dagoen lekuan eta gaur egun dagoen moduan utziz gero, ez dugu uste merkatuan lehiakorrak izan gaitezkeenik”.

Comentarios