Ezker abertzalearen ustez, azken 30 urteetako «gabeziak estaltzeko pantaila» da Guggenheim


Ezker abertzalearen ustez, azken 30 urteetako «gabeziak estaltzeko pantaila» da Guggenheim

Politika

«Ekosistema suntsi dezaketen bestelako proiektuak» sor ditzake Guggenheim museoak, ezker abertzalearen iritziz.

BUSTURIALDEKO HITZA

Iñaki Biteri Sukarrietako ezker abertzaleko kideak eta Busturiko alkate Andoni Elorrietak Urdaibairen egoeraren inguruko eta Guggenheim museoaren gaineko hausnarketa egin zuten atzo goizean, prentsaurrean. Museoarena «inposatu» nahi duten proiektua dela esan zuten ezker abertzaleko bi kideek, azken 30 urteetan EAJk eskualdean sortu dituen «gabeziak estaltzeko pantaila» dela ere aipatuz. Turismora bideratutako proiektua dela esan zuen Biterik, «Troiako zaldia» izan daitekeen proiektua. Izan ere, ezker abertzalearen arabera, museoak «ekosistema suntsi dezaketen bestelako proiektuak» sor ditzake, hotelak eta golf zelaiak, esate baterako. «Ezin dezakegu eskualdearen etorkizuna turismo sektorearen esku utzi», Biteriren esanetan.

Zentzu horretan, azken urteetan Busturialdean «10.000 lanpostu inguru» galdu direla nabarmendu zuten ezker abertzaleko bi kideek. «Industriaguneak desegiten ari direla ikusi dugu azken urteotan, baina hori ez da krisiaren eragina soilik izan. Muxikako poligono industriala duela bost urte inguru sortu zen, Gernika-Lumoko Ibarrako industriagunean hirigintza egitasmo bat garatzeko asmoagaz», azaldu zuen Elorrietak. Oraingo proiektua bide beretik doala gaineratu zuen, baina, kasu honetan, «turismora bideratutako hirigintza egitasmoak» abian jartzeko, haren esanetan.


Golf zelaia, hiru hotel, 350 etxe

Duela zenbait urte Busturiko hiri antolamendurako plan nagusirako Udalean aurkeztutako proposamenaren berri eman zuen, bestetik, herri horretako alkateak. «Golf zelaia, hiru hotel eta ia 350 etxebizitza libre azaltzen ziren Busturirako zehazki egindako proiektu hartan, eta guk, zelan ez, atzera bota genuen. Gainera, eraikitzeko baimenik ez zuten lurretan eraikitzea proposatzen zen. Hori guztia zortzi urteko epean egiteko».

Eskualdearen etorkizuna turismoaren esku utzi beharrean, berrindustrializazioaren aldeko apustua egin beharko litzatekeela uste du ezker abertzaleak eta, era berean, PADAS plana mahai gainean dagoela gogoratu zuten Biterik eta Elorrietak. Plan hori modu parte-hartzailean onartutakoa dela azaldu zuen Elorrietak, eta inoiz ez dela indarrean jarri kritikatu. «EAJri ez zaio inoiz interesatu PADAS plana martxan jartzea. Eta ez hori bakarrik, PADAS planaren aurka joan eta aipatu ditugun sarraski guztiak egin ditu».

Ildo horretatik, Busturialdean Lan eta Bizi plataforma egiten ari den lana aipatu zuen Biterik. «Eskualderako proiektua ari da garatzen Lan eta Bizi, baina zabala. Ezin daitekeena egin da izar proiektu bat aurkeztu, saltzeko erraza dena, eta horrekin aurrera egin edozelan». Euren arabera, sektoreka bultzatu behar da Busturialdeko ekonomia. Azpiegitura hobeen beharra ere ezinbestekoa dela uste dute ezker abertzaleko kideek.

«Kromoen trukea»

Diputazioaren hasierako asmoa Guggenheim museoa BBKren udalekuak hartzen dituen lursailean eraikitzea bazen ere, kokapen zehatzaren berri ez dutela nabarmendu zuen Elorrietak, Sukarrietan edo Busturian izan daitekeela aipatuta. Kritikatu zuenez, gainera, inor ez da eurekin harremanetan jarri dauden asmoen berri emateko, «ezta zein iritzi dugun jakiteko ere». Ezker abertzalearen ustez, beraz, Aldundiak eman beharreko lehenengo urratsa azterketa bat egitea litzateke.

Bestalde, Urdaibai paradore bat kokatzeko leku «bikaina» dela esan du PPk asteon, eta horren aurkako iritzia ere agertu zuten atzo, «kromoen trukea» esamoldea erabiliz. Alderdiak «hauteskundeei begira» daudela esan zuten; «batzuek Guggenheim proiektua dakarte hauteskundeen aurretik, eta besteek paradorearena».

Comentarios