Eskualdeko ekonomia berpizte aldera, 132 milioi inbertituko ditu Jaurlaritzak Gernikan

Ekonomia

Astran, antzinako arma lantegian, proiektu ekonomiko «pizgarriak» garatu nahi dituzte.


Gorane Barrenetxea (Busturialdeko Hitza)

«Gernika-Lumoko ekonomia berpiztuko duen plana» osatzeko izan duten azkenengo batzarraren berri ematen zuten atzo Jose Antonio Pastor PSEko eledunak eta Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak. Proiektu hori elkarlanean ari dira garatzen Udala eta Eusko Jaurlaritza eta horren gaineko azalpena eman zuten, prentsaurrean. Hala ere, aipatutako plana ez da Gernika-Lumora soilik mugatuko, Busturialde osora zabaldu nahi dute-eta. Plana garatzeko 132 milioi euro inbertituko ditu Eusko Jaurlaritzak. «Inbertsio horri esker, 900 lanpostu sor daitezke Busturialdean eta urtero 95,5 milioi euro faturatzera ere hel daiteke», Pastorrek zehaztu zuenez.

Alkateak azaldu zuenez, Udalak duela hiru urte jarri zuen martxan Gernika-Lumoko eta eskualdeko ekonomia berpizteko plana. «Gernika-Lumo eta inguruak betidanik oso aberatsak izan dira, baina 80ko hamarkadaz geroztik ekonomikoki gainbehera izugarria jasan dute», Jose Mari Gorroñoren esanetan. Gainbehera horri aurre egiteko azken hiru urteotan hainbat izan dira Udalak egindako inbertsioak, alkatearen esanetan; Astra arma lantegia eta alboko lurrak erostea, esaterako. Hala ere, alkateak onartu duenez, Udalak ezin ditzake bere kabuz proiektu horiek guztiak gauzatu, eta horregatik ari da, hain zuzen, Jaurlaritzarekin elkarlanean.

Alabaina, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza ere ez dutela baztertzen esan zuen atzo Gorroñok. Pastorrek ere Jose Luis Bilbao Aldundiko Ahaldun Nagusia gonbidatu zuen proiektuan parte hartzera, «guztion artean egin beharreko proiektua delako».

Gernika-Lumoko Udaleko gobernu taldea Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin batu zen atzo, planaren azken detaileak finkatzeko. «Emaitzak nahi ditugu eta, gure ustez, plan horren bidez epe labur batean emaitzak ikusiko ditugu», nabarmendu zuen alkateak.

Jose Antonio Pastorrek, bere aldetik, Gernika-Lumo Jaurlaritzak Urdaibai berpizteko duen planaren baitan kokatuko dela azaldu zuen. Hala ere, planaren garapena bermatzeko eskualdeko eragile politiko, kultural eta sozial guztien parte-hartzea eskatu zuen Pastorrek. «Gure plana Busturialdearen ekonomia berpizteko pentsatuta dago, betiere, ingurumena errespetatuz», esan zuen PSEko eledunak.

Jaurlaritzaren lehenengo pausoa Urdaibai marka nazioartean ezagutzera ematea da. «Urdaibaikoa Euskal Herrian dugun biosfera erreserba bakarra da eta berau ezagutzera eman behar dugu kalitatezko zeinua delako». Horrez gain, Gernika-Lumo eta Bermeo bezalako hiriguneetan ekonomia eta kultura garatzeko ekintza garrantzitsuak egingo dituzte. Atzo, dena den, Gernika-Lumori dagozkionak baino ez zituen azaldu.

Bost oinarri dituen proiektua

PSEko eledunak bost puntutan oinarritu zuen Gernika-Lumorako plan hori: sormen lantegia, energia berriztagarrietan oinarritutako lanbide heziketarako zentroa, ekodiseinurako institutua, enpresen mintegia eta Bekoibarrako industriagunea. Proiektu guztiak Astra inguruan kokatuko dituzte, beraz, aniztasun kulturala batuko duen gunea izango da etorkizunean antzina arma lantegi izandakoa.

Sormen lantegiari dagokionez, «bake ekimena izateaz gain, sormen artistikoa eta kulturala garatzeko gunea» izango dela esan zuen Pastorrek. Herriko talde guztiek eraikin horren berreskurapenerako diseinuan parte hartu ahal izango dute. Bestalde, Astrako bunkerra sormen lantegi horren erakusketa areto legez erabiltzea da asmoa.

Horrekin batera, Urdaibaiarte deritzon proiektua gauzatuko dute. «Natura eta artea uztartuko dituen proiektua izango da» eta Euskal Herriko zein kanpoko artistek parte hartu ahal izango dute.

Bestalde, Astra inguruan energia berriztagarrien lanbide heziketako zentro berria kokatuko dute. Energia, ura, turismoa eta ostalaritza familietako zikloak ikasi ahal izango dira. Beste alde batetik, goi mailako ikasketek ere lekua izango dute Astran, bertan eraikiko den ekodiseinu institutuaren bitartez. Halaber, Euskal Herrian erreferentea izango den ekodiseinuko zentroa izango da. Are gehiago, goi mailako eskola horretatik enpresen mintegia garatzea ere aurreikusten dute.

Azkenik, Bekoibarrako industriagunea martxan jartzeari dagokionez, berori Gernika-Lumoko eta eskualdeko ekonomiaren «benetako pizgarria» izango dela esan zuen Jose Antonio Pastor PSEko eledunak.

Horrela, eremua urbanizatzeaz eta berreraikitzeaz gain, ekodiseinu eta lanbide heziketako proiektuen bideragarritasun azterketak egingo dituzte 2011n. 2012. urterako, berriz, enpresen mintegiaren, sormen lantegiaren, bunkerraren eta zonaldearen urbanizazio proiektuak prest izatea aurreikusten dute, 2013 eta 2014 urteen artean Astrako eraikin berriaren eraikuntza burutzeko.

Comentarios