Bilboko estresaren isla, Urdaibai

Bizkaiko Eje Radialaren Aurkezpena

2010-10-03
Muxikako Gorozika auzoan kezkatuta daude, Bizkaiko Foru Aldundiak inguruan egin nahi duen errepidea dela eta; «bueltarik gabeko kalteak» eragingo ditu inguruan, haien arabera.
Bilboko estresaren isla, Urdaibai

Eider Aranberri.
Muxika 
Autoek botatako kea, zebrabideetako jendearen joan-etorria, metroko eskaileretako lasterketak... Estresa transmititzen dute Bilboko kaleek. Hartatik ihesi joan zen Muxikako Gorozika auzora (Bizkaia), duela bost urte, Arkaitz Zarraga. Urdaibairen bihotzean egonda, natura arnasten den leku horietako bat da Gorozika. Orain, baina, kolokan da lasaitasun hori,Autzaganeko saihesbidearen egitasmoarengatik. Istripu asko gertatu ohi da Autzaganen, errepideak bihurgune asko baititu. Bihurgune horiek gutxitzeko pentsatutako tunelaz gain, biribilgune bat egitea proposatu zuten Bizkaiko Foru Aldundiak eta Interbia enpresak 2007an, Oka ibaitik gertu. Aldundiak Urdaibaiko Patronatuan aurkeztu zuen proiektua, baina ez zuten guztiz ontzat eman; Oka ibaitik gertuko biribilgunea arazotsua izan zitekeela eta, proiektua berraztertzeko eskatu zioten aldundiari.

Lehen proiektuaren alternatiba, handik urtebetera aurkeztu zuen foru aldundiak, baina inguruko bizilagunek ez zuten haren berririk izan joan den urtera arte. Zazpi lerroko «makroproiektu» bat dela dio Zarragak: bina lerro norabide bakoitzerako, beste bi lerro azeleraziorako, eta beste bide bat inguruko etxeetara heldu ahal izateko. Horrez gain, bi tunel ere agertzen dira proiektuan.

Ingurumenari kalte


«Atzera bueltarik gabeko kalteak ekarriko ditu errepide berri horrek, egiten bada», Zarragak dioenez. Besteak beste, Oka ibaiaren ezkerraldeko bi ibaiadar hodi batean sartuko dira, 30 metroan gutxienez. Horrekin, ibaiak berez egiten dituen meandroak desagertu egingo lirateke. Ondorioz, inguruko hezeguneak estali egingo dira, eta «arazo larriak» sortuko dira uholde garaietan, Zarragaren hitzetan. Bi ibaiadarren inguruko fauna eta flora guztia ere «ezerezean» geratuko litzateke. Zarragak ohartarazi du ibaiadar horiek Urdaibaiko biosferako babes bereziko gunean daudela. Inguruan ehun urte baino gehiagoko haritzak ere badaude. Zarragaren arabera, «ibaiadarrek Okarekin bat egiten duten gunea oso zabala da, kokaguneak duen garrantziaren adierazgarri. Errepideak gune hori zeharkatuko luke».

Faunari dagokionez, eskualdeko espezie gehienak biltzen dira bertan. Besteak beste, bisoi europarrak, karramarroak, igel hanka luzeak eta zozo akuatikoak bertan dute berezko bizilekua.

Proiektuko bi tuneletako bat bi kilometro ingurukoa da. «Tuneletatik ateratako lurra nonbait bota beharko da», azaldu du Zarragak, eta lau zabortegi egiteko asmoa dagoela zehaztu. Urdaibaiko erreserban, baina, «guztiz debekatuta» daude zabortegiak. Ingurumenari ez ezik gizabanakoari egindako kalteak ere ugariak izango direla dio Zarragak: «Tunelaren sarrerak ibarraren sakonetik sortuko lukeen zarata saihestezina izango litzateke, ibarrak berak oihartzun efektua egingo baitu».

Errepide berriak, gainera, Bilborekiko lotura baino ez lieke erraztuko Muxika inguruko biztanleei, Gernikarako norabidean ez baitute errepide berriarekin loturarik egiteko asmorik. Egiartebarrena eta Agirre auzoetako biztanleei ere eragingo lieke proiektuak, «sekulako itzulia» egitera behartuko bailituzke. Txapelene baserria, berriz, guztiz bakartua geratuko da.

Dauden beharrentzat, tunelik egin gabe ere, errepide zaharra konpon daitekeela uste du Zarragak. Ez du argi ikusten zer zirkulazio kopururentzat egin den proiektua: «Bermeoko portura doazen kamioi asko pasatzen dira hemendik, baina horiek Sollubetik bideratu nahi dituzte orain. Ez dakit zer espero duten». Zarraga ez da kexu den bakarra; Mari Egiartek 61 urte daramatza Gorozika auzoan bizitzen. Haren lurretan egin nahi dute errepidea, baina Egiartek argi dauka: «Ez dut nahi. Paraje honek ez du preziorik». Itxaropen gutxirekin dago, baina: «Horiek gu baino gehiago dira».

Proiektua Urdaibaiko Patronatuan aurkeztu bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Saileko iturriek aurreratu dutenez, proiektuaren aldeko txostena egin dute sail horretako teknikariek; ez du beste adierazpenik egin nahi izan. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren Biodibertsitateko zuzendaritzak ere ez du iritzirik eman, aldundiak ez duelako proiektua oraindik aurkeztu. Erabaki baten zain. Hala jarraituko dute Muxika aldean, hiriak berez dakarren estresa etxe parean sentitu arte.

Comentarios