Urdaibai


06-17

Urdaibai

Alfonso Caño

Gernikako Ekologi Lan Taldekoa

Azken bi urteotan tinta asko gastatu da Urdaibaiko Guggenheim 2 proiektuaren inguruan. Batzuk alde, Bizkaiko Foru Aldundia eta EAJ (GuBai plataforma barne); beste batzuk zalantzazko adierazpenak zabalduz (funtsean PSE-EE) eta bestelako zenbait, batez ere gizarte eragileen ikuspegitik, agerraldi kritikoak adieraziz, (Lan eta Bizi plataformak, sindikatuak, ekologistak, kultur taldeak...).

Tinta asko, baina txipiroiarenak gutxitan balio izan du gairik argitzeko: EAJk PSE-EEk eta PPk euren eremura eraman dute, lehia politikorako edozein gai balitz bezala. Konbentzituta nago erabat EAJk Busturialdean galdu eremu politikoa berreskuratzekotan egin zuela proposamena: museoa aurrera badoa, meritua gurea izango da; eta, ostera, azkenean gauzatuko ez balitz, errua oztopoak jarri dituztenena litzateke (Patxi Lopez and Co.).

Ekologistok, berriz, debatea beste eremu batera eraman nahi dugu. Unescok Urdaibai Biosfera Erreserba izendatu zuenetik (25 urte), argi dugu mamia eskualdearen garapen ekonomiko eta sozialean dagoela. Hau da, Urdaibai biosfera laborategia izatea garapen iraunkorreko jarduerak eta proiektuak egiteko. Urdaibairen kontra hasieratik egon direnek ere, azkenean onartu egin behar izan dute helburu hori.

Hortik dator beren proposamenaren justifikazioa: artea eta natura uztartzea Urdaibaiko garapen iraunkorra lortzeko. Urteetan, Bizkaiko Foru Aldundiak eta zenbait udalek boikotatu egin dute Urdaibaiko funtzionamendua, eta pikutara bidali garapen iraunkorra bultzatzeko aukera eta ekimen guztiak. Aldiz, euren eskumenak erabili dituzte pinu eta eukaliptoaren landaketa laguntzeko, azpiegitura gogorrak proiektatu eta egiteko, eta espekulazioari babesa emateko.

Azken hilotan, aldiz, Urdaibaiko Biosfera Erreserba positiboa dela aitortu dute. Badirudi natura defendatzeari errentagarritasuna ikusi diotela. Baina sinesgarria al da?

Itzul gaitezen gakora: Urdaibaiko garapen iraunkorra eta interdependentzia: garapena ez da lortuko, naturaren babesarekin batera egiten ez bada, eta natura ezin izango da babestu -Urdaibai den hain espazio gizatiartuan- garapen iraunkorreko esperientziarik egiten ez bada.

Horrek ez du esan nahi ezin litekeela museorik egin. Kontua da edozein jarduera ekonomiko eta sozial bultzatzean, kontuan izan behar dela lurraldearen harrera-ahalmena. Ez da erraza ahalmen hori kalkulatzea eta, gainera, aldatzen da jardueraren arabera. Baina, zenbat lagunek bisitatu dezakete eskualdea bere balioak kaltetu barik? Zein azpiegitura berri eskatuko luke bisitarien etorrerak, eta non leudeke?

Erabakiak ezin dira hartu ondorio guztiak ondo baloratu eta ezagutu barik. Oinarrizko ezaugarri batzuk izan behar ditu: bertoko baliabide naturaletan oinarritutako jarduerak lehenestea; orekatua izatea sektore bat besteen gainetik kokatu barik. Laburbilduz, tradizionalak eta orain arte iraunkorrak izan diren jarduerak balioestea eta, aldi berean, trakzioa eragin dezaketen jarduera berriak sustatzea.

Puzzle honetan pertsonak oso pieza garrantzitsuak gara. Norentzat eta zertarako garapen iraunkorra, ingurune horretan bizi eta kanpotik datozen lagunentzat ez bada? Garapeneko eredu tradizionalak, aldiz, jarduerak eta lurraldea zatitzen ditu. Ez ditu kontuan izaten jarduera edo proiektu batek izan ditzakeen eraginak, ekonomikoak ez badira -batez ere akzionista edo jabe gutxi batzuen poltsikoetan, jakina-. Gainera, optimismo kapitalistaren eskutik, uste dute hazkunde ekonomikoa gertatuko dela azpiegiturak egiten badira. Beraz, Guggenheimen sukurtsala Urdaibain eraikiz gero, denok aberats. Kasinoko ekonomia kontzeptua hedatu da. Badirudi horrela gabiltzala Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiari entzuten diogunean 100 miloi euro dituela Guggenheim 2 museoa egiteko.

Propagandatik harago, badirudi Aldundiak sosik ez duela Guggenheim 2 egiteko. Gainera, proiektuari ez dio ezertan laguntzen Jaurlaritzaren Kultura Sailak Sukarrietako Koloniei eman dien babesak.

Dena dela, uste dut inoizko unerik egokiena izan daitekeela Urdaibairako zein eredu sozioekonomiko nahi dugun eztabaidatzeko. Hain zuzen, turismoaren inguruko hausnarketa sinplea egitea gustatuko litzaidake. Ekarpena ez da; beraz, nire iturriak aipatuko ditut: Gune Babestuetako Turismo Iraunkorrerako Europako Gutuna -2007an gaurkotua-.

EUROPARC Federazioak egin du hitzarmen hori, Rio de Janeiroko Lurraren Gailurreko (1992) 21 Agendari eta Europako Batasunaren garapen iraunkorrerako ekintza komunitarioei buruzko seigarren programari jarraituz. Gutuna 2007an gaurkotu zuten, eta, Europako beste erakunde publikoen artean, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ere sinatu zuten. Ikus ditzagun gutunaren ezaugarri batzuk:

Gutunak honela ulertzen du garapen iraunkorra: gaurko belaunaldien beharrak asetzen ditu, geroko belaunaldien beharrak asetzeko ahalmena arriskuan jarri barik. Garapen mota horrek ondokora behartzen ditu: geroko belaunaldientzat baliabideak babestea, garapen ekonomiko bideragarria eta bidezko gizarte garapena bermatzea.

Oinarrizko bi helburuok ditu: Europako gune babestuen ezagutza eta laguntza bultzatzea. Espazio babestuen garapen iraunkorra eta turismoaren kudeaketa hobetzea, ingurumenaren, bertan bizi diren lagunen, enpresen eta bisitarien beharrak kontuan hartuz.

Tokiz tokiko estrategia aldarrikatzen du Gutunak, turismo iraunkorra-ren aldekoa. Turismo-mota hori martxan jartzeak hainbat pauso exijitzen du: Herritarron parte-hartzea eta jarduera turistikoen eta gainerako sektore ekonomikoen arteko elkarrekintza indartzea.

Alegia, turismoko estrategiak eta plangintzak lehenetsi behar dituzte, turismoa bultzatzearen gainetik jarriz: «bisitarien fluxuak ez ditu ondareko baliabideak suntsitu behar».

Batetik, ingurumen hezkuntza eta ondarearen interpretazioa politika turistikoaren oinarri izan behar dira. Bestetik, ibilgailu partikularren zirkulazioa murriztea lehentasuna izan behar da, eta, horrekin batera, bizikleta eta oinez mugitzea sustatu. Eta azkenik, turismoari lotuta izango diren eraikinak egiterakoan, lehendabizi eraikitakoa berreskuratzea hautatuko da, tradizio arkitektonikoak errespetatuz.

Jarrai genezake beste puntu asko zerrendatzen, baina gure asmoa ez da Turismo Sailari plangintza egitea. Bai, ordea, azpimarratzea zelan Guggenheim 2 proiektuak talka egiten duen EUROPARC-ek egin duen turismo iraunkorrerako Gutunarekin -Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak izenpetuta-. Batez ere hiru ideiekin geratzen gara: lehena, turismo iraunkorra bertako balioetan oinarritu behar dela eta balio naturalekin osagarria, arriskuan jarri barik; bigarrena, turismo masiboa kaltegarria dela beti, eta, hirugarrena, turismoa ezin dela izan monolaborantza ekonomiko berria, gainerako jarduera ekonomikoekin osagarria izan behar dela.

Urrun gaude eredu horretatik, baina oraindik garaian norabide egokira joateko. Eta bidean ikusiko da zein museo eta zein azpiegitura diren beharrezkoak, inprobisaziotik arrazionaltasunera igaroz.

Comentarios