Ingurumen osasuntsuaren alde, kanpoko porturik ez


2010-06-16

Ingurumen osasuntsuaren alde, kanpoko porturik ez

Pilar Barquin

Ekologistak Martxan-eko kidea

Duela egun batzuk Miguel Buenek, Pasaiako Portuko Agintaritzako lehendakariak, prentsaurrekoa eman zuen kanpoko portua egokitu behar zela iragartzeko. Egungo krisialdi ekonomikoaren aitzakian aurkeztu zuen, orain arteko ekonomia eta bideragarritasun txosten guztiak kontrakoak atera zaizkiela ahazturik balitu bezala. Bide batez, ingurumen gainean ekarriko lituzkeen kalteak zeharka onarturik, gaineratu zuen horiek ere gutxituko direla, kaia txikiagoa eginez. Bioaniztasunaren urte honetan eta munduan Ingurumenaren Eguna ospatu berri dela gogoratzearekin batera Jaizkibelgo kanpoko portuaren proiektu ez-iraunkorra eta bideraezina behin betiko baztertzeko eta egitasmo hura bertan behera uzteko eskaera egiten dugu. Une ezin egokiagoa iruditzen zaigu eta.

Krisialdia orokorra bada ere, egia da modu berean, eta aurreratu dugun legez, eskaturiko txosten ekonomiko guztiek proiektuaren bideragarritasun eza ondorioztatu dutela. Etekina enpresa bakar batzuek aterako lukete, eta betiere obra egiterakoan. Dirua, aldiz, denok jarriko genuke, ditugun beste lehentasunen kalterako. Orain ez da unea bideragarritasunik ez duen proiektu batean diru publikoa xahutzeko. Gainera, ekonomia egoera traketsean baldin badago, are okerrago dago ingurumena. Hori bai krisi latza. Klima Aldaketaren egiazko mehatxua hor daukagu, eta Nazio Batuek bioaniztasunaren galerarekin gure bizitza bera ere kinka larrian jartzeko arriskuan gaudela ohartarazi berri dute. Bai, bioaniztasuna galtzen ari gara, eta oso azkar, gainera. Hemen ere bai. Inoiz gertatu den iraungipenik handiena da hau, seigarrena eta handiena. Hor gaude gu. Kanpoko portuak, pasaitarren bizitza ez hobetzeaz gainera, egoera okertuko luke. Gure Ondare Naturalaren aurkako eraso zuzena litzateke, flora eta fauna espezie mehatxatu ugarirentzat oso kaltegarria suertatuz. Horiek jasotzen dituzten habitatak ere, Europako Batasunak babesten dituenak, mehatxupean leudeke. Balio handiko eremua izaki, itsasertza babestu zen (Itsasertzeko SLP) eta horregatik ere Europa mailako babesgune izendatu zen, GKL (Garrantzi Komunitarioko Lekua).

Buen jaunak, demagogia eta zinismoz beteriko adierazpenetan, Pasaiako edozein bizilagun Schreiber muskerraren aurretik jartzen duela esan zuen. Eta nork ez luke jarriko? Baina hori al da egoera? Espezie hori kontserbatzea, alabaina, herritarron eskubideak defenditzea ere bada. Gure Ondare Naturala kontserbatzea gure eskubideak babestea da. Nork erabiliko luke Lezoko Kristo Santuko Eliza baino herritarrak nahiago dituelako argudioa? Edo nork alderatuko lituzke pertsonak eta, esaterako, Pasai Donibaneko karrikak edo San Markoko gotorlekua? Edozein modutan ere, bizilagunen aldeko kezka hain handia badu, nola onartzen ditu burdina-txatarraren metaketa horiek eta beren mugimenduak sortzen dituen tona hautsak? Nola defenditzen ditu Zentral Termikoa eta hark sortzen duen kutsadura?

Gaur egun txatarra pilatan egotea eta alde batetik bestera estali gabe garraiatzen eta mugitzen ibiltzea ezin da onartu. Orain, sortzen den hautsa gutxitzeko neurri bakarra puntu batzuetan ureztatzea da. Herdoildutako burdinek sorturiko oxido-hautsak, tonak eta tonak airetik barreiaturik, inguruetan pilatu egiten dira. Horiek seguru ez dietela onik egingo Buenek aipatzen zituen bizilagunei, seguru osasunerako ez zaiela ona gertatuko. Errenteria eta Pasaia arteko A-8rako lotura berriak honezkero hartu duen kolorazio gorrizta ikusita, auzokideen etxeak garbiak egongo al dira? Eta haien azala? Eta birikak? Berehalako konponbidea nahi dugu. Lehen munduko portu askotan, txatarra edukiontzietan garraiatzen da; hemen zergatik ez? Horixe bera exijitzen dugu Pasaiarentzat. Herritarron osasuna ez dago salgai eta bakar batzuen onura ekonomikoaren gainetik egon beharko luke. Zentral Termikoak dagoeneko onenak eman ditu eta zaharkiturik dago. Kutsadura-iturri zuzena da, nahiz eta ziur gauden maiz eta prestu aldatuko dizkiotela filtroak tximiniari. Ez da berotegi efektua bakarrik, beste hainbat konposatu kutsakor igortzen baititu, batzuk Gipuzkoan ere behatu den euri azidoaren sortzaileak izanik. Horregatik, hura ixteko eskatzen dugu. Horrek, gainera, lur-azalera handia libratuko luke, eta erabilera berriak ahalbidetu.

Laburbiltzeko, oinarrizko giza-eskubideak aldarrikatzen ari gara; ingurumen eta giro osasuntsua izateko eskubidea, hain zuzen ere. Egungo portuak kanpoan barreiaturiko eta pilaturiko txatarrarekin zein zaharkiturik dagoen Zentral Termikoarekin ez ditu oinarrizko eskubide horiek errespetatzen. Baina kanpoko portuaren alde egitea aipaturiko eskubideen urraketan sakontzea da. Ekonomia baino gehiago, osasuna lehenetsi behar da. Kanpoko portuaren eraikuntzak sekulako inpaktuak izango lituzke bertako ingurumenean, eta ez bakarrik obra egiterakoan, baizik eta ohiko erabileran ere. Bestela, pentsatu egin beharreko lotura eta azpiegitura guztietan, eta izango den milaka eta milaka kamioiren trafikoan, beren ke txar eta hauts zikinekin. Hori zentral elektriko berria ahaztu gabe, gehiago ez bada, CO2 iturri izango dena. Zer esanik ez, begi-lerro nahiz paisaian sortuko duen inpaktua ikaragarria izango da, hango bazter zoragarri bezain bitxi horren galera ekarrita. Horrelako toki magikoez ingurune garbi batean bizi eta gozatu ahal izatea ere herritar eskubidea da. Eta, zergatik ez, Schreiber muskerra handik ikusteko parada izatea sekulako marka litzateke, eta horixe nahi dugu, seinale ezin hobea litzateke-eta.

Horregatik guztiagatik, Ekologistak Martxan Gipuzkoa Elkartekook kanpoko portuaren egitasmoa behin betiko baztertzeko eta, aldi berean, Pasaiako Badiaren berreskuratze eta zaharberritze lanei tinkotasunez ekiteko eskatzen dugu. Aitzakiarik gabe. Orobat, zaharkituta dagoen Zentral Termikoa ixteko exijitzen dugu. Bestelako mundu bat posible den moduan, bestelako Pasaia berri bat ezinbestekoa da.

Comentarios