BIZKAIKO ERRIGOITI HERRIKO MALLUKI INDUSTRIALDEAZ EGIN BEHARREKO INGURUMEN-INPAKTUKO EBALUAZIOA

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILBURUA IDATZIZ ERANTZUTEKO LEOPOLDO BARREDA DE LOS RÍOS EUSKAL TALDE POPULARREKO BOZERAMAILEAK EGINDAKO GALDERAREN ERANTZUNA. GAIA: BIZKAIKO ERRIGOITI HERRIKO MALLUKI INDUSTRIALDEAZ EGIN BEHARREKO INGURUMEN-INPAKTUKO EBALUAZIOA.

ARRAZOIAK:
Azken hilabeteetan, hedabideek behin eta berriz azpimarratu dute hastear direla Olabarri auzoa eraberritzeko eta Malluki (Errigoiti) industrialdeko sarrerak eraikitzeko lanak. Lanon aurrekontua, antza, 1,4 milioi eurokoa da; lanak amaituta, 2011 urtearen hasieran, industrialdea bera, 67.000 m2-ko azalera, urbanizatu egingo litzateke.

Horrela adierazi du alkateak, Madariaga jaunak. Alkateak, gainera, ziurtatu du industrialdean jarriko den lehendabiziko enpresa biomasako zentral eztabaidagarria, auzoetarik asko haren aurka baitago, izango dela. Zentral horrek zalantza ugari eragin ditu bere dimentsionamenduari buruz, urtero behar duen erregaiaren biomasa Bizkaian eskuragarri dena baino hainbat aldiz handiagoa da eta.

Nolanahi ere, Malluki industrialdeaz harrigarriena da alkateak horrela iragarri duela: "zortzi urtez isilean egindako lanaren ondorioa da". Isiltasun horrek, bada, ez dirudi oso bateragarria denik halako proiektu batek eskatzen duen informazioarekin eta gardentasunarekin. Tramitatze isil horren meritu ustezkoa ezin da ulertu baldin eta beste erakunde batzuei begiratzen badiegu edo erabilitako prozedura aztertzen badugu: Ez URAk, ez Eusko Jaurlaritzak, ez Foru Aldundiak ezin dute ontzat jo isiltasun hori baldin eta indarrean dagoen legeria betetzen
badugu.

Guk dakigula, proiektuak ez du ingurumen-inpaktuko ebaluazioarik, eta hala ere lanean hasi dira: mozketa-lanak eta sastraka-garbitzea negu honetan hasi dira.

Euskal Herriko ingurugiroa babesteko lege orokorrak, 3/98 Legeak, ezartzen du ingurumen-inpaktuko ebaluazio sinplifikatua egin behar dela "... lurzoruaren aprobetxamendu motan aldaketa eragiten" duten jardueretan eta "zuhaixka edo zuhaitzezko geruza deuseztatzen denean eta 5 ha eta 50 ha bitarteko azaleran egiten direnean".

Malluki industrialdeak 6,7 hektarea izango ditu; beraz, ingurumen-inpaktuko ebaluazio sinplifikatua behar du proiektua onetsi aurretik.

Lege berak ingurumen-inpaktuko banakako ebaluazioa exigitzen du "ibaiak bideratzeko lanak eta ibilguaren aldaketak, egoera naturaleko ibilguan gutxienez 250 metrotan eragiten denean". Mallukin, Larragan errekaren 320 metrotan eragiten da.

Ingurumen-inpaktuko banakako ebaluazioa eskatzen da industrialdeko proiektua "guztia edo zati bat ingurugiro-zona sentikorretan eraikitzen denean" ere. Bada, lurralde-antolaketari dagokionez, Malluki eta Olabarri ingurumen-korridore eta lotura-arro batean daude, eta mehatsaturiko espezie batzuen habita dira, besteak beste bisoi amerikarrarena (espezie horri buruz indarrean dagoen kudeaketa-planean hala agertzen da). Hori horrela, Euskal Herriko Natura Babesteko Legeak ere jarduera horiek galarazi beharko lituzke.

Beraz, iruditzen zaigu bai legea eta bai gertaerak aski argiak direla. Iritzi publikoak ezagutzen dituen datuak dira; baina inon ez da agertzen ingurumen-inpaktuko ebaluazioa egin denik, nahiz eta lanak abiatuak diren.

Hori dela-eta, sailburuari ondoko galderei erantzuteko eskatzen diogu:

GALDERA:
1.- ¿Tramitatu da Malluki industrialdeari buruzko ingurumen-inpaktuko ebaluazioa? Gaiari buruz, zer-nolako jarduerak bideratu dituzte eta zein informazio dute URAk eta sailak berak?

ERANTZUNA:
Sailean ez dugu Mallukiko poligonoak ingurumenean duen eraginaren ebaluazioaren izapideen berri, eta urbanizazio-egitasmoaren berri ere ez.

GALDERA:
2.- ¿Ebaluazioa egin bada, zeintzuk dira haren ondorioak eta azken emaitzak?

ERANTZUNA:
Aurreko atalean aipatu den bezala, sailean ez da egin Mallukiko poligonoak ingurumenean duen eraginaren ebaluaziorik.

GALDERA:
3.- ¿Ebaluazioa egin ez bada, eta udalaren asmoak publiko eta agerikoak direla kontuan hartuta, zer proposatzen dute Uraren Euskal Agentziak eta sailak azkenduriko gertaerak eta atzerapausorik gabeko jarduerak saihesteko?

ERANTZUNA:
Aipatu den bezala, sailean ez dakigu ezer Mallukiko poligonoaren egitasmoaz. Legeen arabera, egitasmoak Ingurumenaren gaineko eraginaren banakako ebaluazioa bete behar duenean soilik jardun behar du sail honek ingurumen-organo gisa. Eta, edonola ere, urbanizazio-egitasmoa onesteko prozeduran, eskumena udalarena bakarrik da. Alde horretatik, sailean ez dakigu zer asmo duen Errigoitiko Udalak, administrazio horrek urbanizazio-egitasmoa bideratzeko aurreikusita dituen epeen kasuan.

GALDERA:
4.- ¿Badago koordinaziorik foru-aldundiaren, sailaren eta URAren artean?

ERANTZUNA:
Administrazio horien artean dagoen koordinazioa ez da hedatzen, oraingoz, Mallukiko poligonoaren gaira. Izan ere, arestian aipatu den bezala, sail honetan ez dago jasota ezer gai horren inguruan.

GALDERA:
5.- ¿Ingurumenari buruzko legeria eta mehatsaturiko espezieak babesteko legeria direla-eta, hauteman da lege horiek urratzeagatik Fiskaltzari eta Justiziari jakinarazi beharreko jarduerarik? "Isildu" egin da azken zortzi urteetan legeriaren urraketarik?

ERANTZUNA:
Sailean ez dago jasota Mallukiko poligono horretan aipatutakoak bezalako jarduerarik egin denik.

Gasteizen, 2010eko maiatzaren 31n
Vitoria-Gasteiz, a 31 de mayo de 2010
Pilar Unzalu Pérez de Eulate

Comentarios