Zakarrak, kea eta eztabaida Errigoitin

BERRIA 2010-05-26

Errigoiti eta Arrieta artean Bioforest Bost SLU enpresak eraiki nahi duen biomasa zentrala ez dute begi onez hartu bertako hainbat biztanlek; plataforma osatu dute proiektuari aurka egiteko
.

Zakarrak, kea eta eztabaida Errigoitin

Maite Berriozabal.

Errigoiti

Etxe ondoan biomasa erretzeko zentral bat eraikiko dietela, prentsaren bidez jakin zuten iazko azaroan Errigoitiko eta Arrietako bizilagunek (Bizkaian). Bioforest Bost SLU enpresa da zentralaren sustatzailea, eta Errigoitiko Olabarria auzoan eraiki nahi du biomasa zentrala, Malluki poligonoarentzat gordetako lekuan. Eusko Jaurlaritzari ingurumen baimena eskatua dio enpresak, eta aurten bertan hasi nahi du zentrala eraikitzen. Errigoitiko alkate Iñaki Madariagak eta eskualdeko alkate gehienek begi onez hartu dute proiektua. Ez hala Errigoiti Arrieta Garbi plataforma sortu duten herritarrek. Prentsatik izan zuten lehen albistea, eta hasieran sentitu zuten harridurari haserreak hartu dio lekua.

Arrietan bizi dira Argiñe Urkiola eta Theo Reichenberg, eta plataformako kideak dira biak. Egitasmoaren berri prentsaren bidez jasotzea deitoratu du Urkiolak. Baina berriz topo egin zuten ezustearekin. Abenduaren 20an iragarkia argitaratu zen prentsan, eta egitasmoari helegiteak jartzeko epea urtarrilaren 6an amaitzen zela jakin zuten horrela. Antolatu, eta helegiteak aurkeztu bazituzten ere, haserre dago horrekin guztiarekin Urkiola: «Iragarkia atera zenerako, helegitea aurkezteko epeak egunak zeramatzan zabalik». Urkiolak salatu du alkateak ez dituela herritarrak behar bezala informatu, eta informazioa ezkutatu duela.

Proiektuari buruzko txostena irakurriz, «bereziki» basoko biomasa erreko dela jakin dute herritarrek. «Baina ez da gehiago zehazten. Txostenak 'bereziki' hitza erabiltzen du, baina ez du esaten beste ezer erreko ez denik. Informazio asko falta da», ohartarazi du Reichenbergek. Biomasa zentralak, urtean, basoko zakarren 180.000 tona erreko dituela jasotzen du txostenak, baina plataformako kideek diote txostenak ez duela argitzen biomasa hori guztia nondik ekarriko duten. Reichenbergek nabarmendu du ehun kilometro baino urrutiagotik ekarriko balitz, energia larregi gastatuko litzatekeela eta, beraz, zentralak sortutakoa ez litzatekeela energia berriztagarri gisa hartu behar.

%30eko etekina

Biomasatik energia ateratzeko egur asko erre behar izaten dela azaldu du Theo Reichenbergek; Errigoitiko zentralean biomasa erretzetik sortutako beroa ez litzatekeela aprobetxatuko ere salatu du: «Lurrin beroa aprobetxatu ahal izateko, sare bat egin beharko litzateke, beroa batetik bestera garraiatzeko, eta proiektu honetan ez dugu horrelakorik ikusi». EHNEk emandako datuen arabera, energiaren %30 besterik ez du aprobetxatuko zentralak, nahiz eta, beroa aprobetxatuko balitz, %80ko etekin energetikoa atera daitekeen.

Urkiolak eta Reichenbergek argi utzi dute ez daudela biomasa errez energia sortzearen aurka. Neurrian dago gakoa, Reichenbergen esanetan: «Ez da gauza bera udalak kudeatutako biomasa zentral txiki bat jartzea, edo Bizkai osoarentzat ekoitziko duena. Horrelako proiektu handiak kontrol barik geratzen dira». Zentralaren tamainari buruz ere zalantzak dituzte. Madariagak aurkeztutako neurriak eta zentralaren ingurumen eragina aztertzeko txostena idatzi duen Idema enpresaren txosteneko neurriak ez datozela bat nabarmendu dute Urkiolak eta Reichenbergek. EHNEk salatu du «makro-zentrala» eraiki nahi dutela Errigoitin, eta kamioiak dozenaka ibiliko direla, atzera eta aurrera. Astean 450 bat kamioi igaroko direla uste dute.

Proiektua Bizkairako onuragarria dela adierazi dute enpresak eta Errigoitiko alkateak, Urkiolaren arabera; alegia, Bizkaiko beharrei begira eraikiko dutela zentrala. Hala bada, zentral hau jarri edo ez Bizkai osoan eztabaidatu beharko litzatekeela uste dute. Hain justu, sektorearentzat lurralde planik ez egotea da arazo handiena, Urkiolaren iritziz. Plan horren faltan, proiektu klase hauentzat ezer ere ez dagoela arautua adierazi du.

Egitasmoarekin kritiko izateko bestelako arrazoiak ere eman dituzte Reichenbergek eta Urkiolak. Zentrala eraikiko duten Malluki poligonoak 63.500 metro koadroko azalera du. Zentralak 3.250 metro koadro inguruko azalera hartuko du. Malluki, Reichenbergen hitzetan, manufaktura eta zerbitzu sektoreei zuzendutako poligogonoa da. Errigoitiko Arau Subsidiarioek hala zehazten dutela, eta horrek biomasa zentral bat jartzea debekatzen duela dio Reichenbergek. Poligonoa eraiki gabe dago oraindik, eta biomasa zentrala da, oraingoz, bertan kokatzeko eskaera egin duen bakarra.

Zentralak eragin dezakeen zarata eta kutsadurarekin ere kezkatuta daude plataformako kideak. Zentralaren tximiniak, bestalde, 50 metroko garaiera izango duela adierazi dute, nahiz eta, diotenez, 32 metrotik gorakoa ezin duen izan. CO2, sufre oxido, eta nitrogeno oxido isuriekin ere kezkaturik daude.

Plataformako kideak eta alkatea haserre daude euren artean. Alkateak eta Bioforest Bost SLU enpresak BERRIAri adierazi diote ez dutela adierazpenik egingo gaiari buruz, oraingoz. Plataformako kideek, berriz, alkateari aurpegiratu diote informazioa emateko jarritako txartelak kentzen aritzea: «Jartzen ditugun txartelak kenduz, alkateak informazioa ezkutatu nahi du; ez du nahi herriak ezagutzea zentralak ekarriko dituen kalteak».

Comentarios