Urdaibai irakurriz

Zaurian piko

Urdaibai irakurriz

Katixa Agirre - Viernes, 26 de Marzo de 2010 - Actualizado a las 07:29h.

EZIN hobeto ekin genion udaberriari pasa den asteburuan. Familia osoa bildu, Sukarrietan bazkaldu ostean ontzi batean sartu eta Urdaibaiko tripak ezagutzera joan ginen marea gora aprobetxatuta. Gauzak bertatik bertara ikusita, gogoa sartzen zaio bati berriro ume izateko, uda bakar batez bada ere Ricardo Bastidak diseinatutako kolonietarako eraikinean disfrutatu ahal izateko. Eta behin gauza inposibleetan pentsatzen jarrita, gogoa sartzen zaio bati halaber erreserba honetako magaletako batean etxe ilegal bat eraikitzeko. Areago, golf-zelaiak edo museoak (hobe biak, osagarriak baitira) han-hemenka sakabanatzeko gogoa ere sartzen zaio bati ahalegin handirik gabe, paraje errepikaezin honetaz ahalik eta jende gehienek disfrutatu ahal izateko beti ere, esan gabe doa. Baina imajinazioa apaldu eta paseoaz disfrutatzean kontzentratu ginen, guztion hobe beharrez.

Bakarka egin izan bagenu, lekuaren edertasunarekin, udaberriko lehenengo eguzki-izpiekin eta hegazti saldoen zalapartarekin konformatu behar izango ginatekeen. Hori baino askoz gehiago egin genuen, Edorta Jimenezek ingurua irakurtzen lagundu baitzigun.

Irakurketa geologikoak, ornitologikoak, arkeologikoak, politikoak eta sexualak. Denetarikoak egin zizkigun Edortak, eta guk berarekin. Urdaibaiko etxe tradizionalek zergatik ematen dioten itsasoari bizkarra azaldu zigun. Itsaso-erroten fun-tzionamendua eskuen keinu azkar birekin argi geratu zitzaigun. Oraindik aurkitzeke dauden kastro zelten kokalekuaz espekulatu genuen. Kaioen adina beren lumajearen koloreagatik zehazten ere irakatsi zigun. Eta amaitu aurretik, Euskal Herrian bistarik ederrenak dituen pikaderoaren kokalekua hartu genuen gogoan, ondo gogoan hartu ere.

Listo. Uretatik irakurri dugu Urdaibai. Orain lurretik egitea falta zaigu. Ea udaberri hau amaitu aurretik egiten dugun. Eta ea datozen udaberrietan ere ez digun Urdaibaik terrorezko irakurketarik eskaintzen.

Comentarios