Mundakako Udalak Larrinaga jauregia babesteko neurriak hartu ditu


Mundakako Udalak Larrinaga jauregia babesteko neurriak hartu ditu

Mundaka Eraikinak segurtasun, osasungarritasun eta hermetikotasun baldintzak bete beharko ditu.

o. zabalondo

Mundakako Udalak, herriko «ondare historiko-kulturala zaintzeaz arduratuta», eraikinaren oinarrizko mantenua egiteko beharrezkoak diren neurriak hartzera behartu ditu Goiko kalean dagoen XIX. mendeko Larrinaga jauregiko jabeak. Agindu horren bitartez, Udalak eraikinaren babesa bermatu gura du. Izan ere, Larrinaga jauregiak estilo errenazentista du eta udalerriko araudi urbanistikoak babesten du. Hala ere, gaur egun hondatuta dago.

Egikaritze agindua eman du

Herriko ondarea babeste aldera, Mundakako Udalak egikaritze agindua eman die Larrinaga jauregiko jabeei eta dekretuz eman dute irizpena.

Eraikina segurtasun, osasungarritasun eta hermetikotasun baldintzetan mantendu behar izango dute jabeek. Hori dela eta, zenbait hobekuntza lan egitera behartzen dituzte.

Udalaren arabera, beharrezkoa izango da eraikinaren estaldurak eta leihoak konpontzea ura barrura sar ez dadin, egitura eutsi behar izango dute eraikinaren inguruko segurtasuna bermatzeko eta eraikinaren egonkortasuna bermatzeko eta inguruko lorategiak garbitu behar izango dituzte osasungarritasun eta garbitasun kontuengatik.

Herritarren eskariei erantzun

Agindu horren bitartez, Mundakako Udalak herritarrek eraikina babesteko egindako eskariei erantzuna ematen diela dio, izan ere, ez dute herriarentzat historikoa den eraikina galdu gura.

Comentarios