Guggenheimen alde banatan

Busturialdea suspertzeko proiektu «egokia» dela azaldu du Juan Ignacio Perez Iglesiasek Gernikan; Iñaki Antiguedadek, ordea, auzitan jarri ditu Bizkaiko Aldundiaren asmoak eta proiektua bera.
Guggenheimen alde banatan

Irune Berro. Gernika

Einsteinek esaten zuen: arazo bat ezin da konpondu arazoa bera sortu duen pentsaera beretik, eta nago ez ote dagoen Bizkaiko Aldundia Busturialdearen geroa eraiki nahian Busturialdearen beheraldia eragin duen pentsaeratik beretik». Tinko mintzatu zen Iñaki Antiguedad atzo eguerdian Gernikan. «Orain artean, baina, ez dut Guggenheim ez den bestelako proposamenik ikusi mahai gainean, eta Busturialdeko egoera larria da», erantzun zion Juan Ignacio Perez Iglesiasek. «Azter ditzagun Aldundiak aurkeztutako proiektuaren alderik ahulenak eta egin dezagun aurrera museoarekin».

«Guggenheim bai edo ez?», galdetu zieten Gernikako Institutuko irakasle eta ikasleek Perez Iglesiasi eta Antiguedadi. Natur zientzietan adituak dira biak; Fisiologia katedraduna da Perez Iglesias -eta Gu Bai herri plataformako kidea- eta Hidrologia katedraduna Antiguedad. Ordea, ikuspegi arras desberdinak dituzte Bizkaiko Foru Aldundiak Urdaibaiko biosfera erreserban egin nahi duen Guggenheimen inguruan. Soka beraren bi muturrak dira, eta hariei tira eginez murgildu ziren atzo eztabaidan.

«Museoa baino gehiago»

Perez Iglesias Aldundiak aurkeztutako egitasmoaren «guztiz alde» dago, «berritzailea izango baita, museo hutsa baino gehiago». Egitasmoa diseinatzeko Guggenheim fundazioak eratutako adituen batzordean parte hartu du Perez Iglesiasek, eta, dioenez, «erakusketak ez ezik, biltzarrak, jardunaldiak eta artistentzako egonaldiak ere» antolatuko lituzke Urdaibaiko Guggenheimek, aurrera aterako balitz. Horrek guztiak bisitariak eta turistak erakarriko lituzke Busturialdera, «eta Urdaibaiko kultur eta natur ondare baliotsuari inoiz ez bezalako etekina aterako litzaioke».

Antiguedaden ustez, «Guggenheim bai edo ez? galdera amarrutsua da». Bestela planteatuko luke: «Zergatik egin behar da museo bat eta zergatik izan behar duen Guggenheim markakoa?». Horixe da gakoa, haren iritziz. «Gauzak ez baitira kasualitatez gertatzen, eta aztertu beharko genuke zer egin den txarto, eta zergatik, azken 30 urteotan, Busturialdearen garapen sozioekonomikoa maldan behera joateko». «Analisia egin ostean, eskualdea suspertzeko bide orria adostu beharko lukete eskualdeko bertako eragile guztiek», Antiguedaden esanetan. «Eta bide orria diseinatzean ikusi beharko litzateke museoa beharrezkoa den edo ez; eta, horren arabera, Guggenheim izan behar duen edo ez».

Busturialdearen garapen sozioekonomikoa «mila modutara» bultza daitekeela dio Antiguedadek, baina bera eredu iraunkorraren aldekoa dela azaldu zuen. «Izan ere, Guggenheimen kontra egoteak ez du esan nahi Busturialdearen garapenaren kontra egotea, inondik ere». Bizkaiko Aldundiaren jarrera «itxia» gaitzetsi zuen Antiguedadek: «Josune Ariztondo Kultura diputatuak dio aztertu dituztela beste proiektu batzuk Busturialdea suspertzeko, baina erabaki dutela Guggenheim museoa dela egokiena. Aizu! Ez ezazue horrenbeste erabaki hartu, eta jar itzazue mahai gainean denon eskura aztertu dituzuen beste proiektuak ere, denon artean eztabaida eta erabaki dezagun zer den onena eskualdearentzat».

Perez Iglesiasek uste du duela hogei urte Bilboko Guggenheimen kontra azaldu ziren «berberak» direla orain Urdaibaiko Guggenheimen aurka egiten dutenak. «Eta lehen oker bazebiltzan, zergatik ibiliko dira zuzen orain?». Zuhurtziaz jokatzeko deia egin zuen Antiguedadek, baina Perez Iglesiasen iritziz, «zuhurtzia printzipioaren arabera jardun izan bagina, beste egoera batean geundeke orain; ez genituzke edukiko azken urteetan garatu ditugun hainbat proiektu».

Aitzitik, EHUko errektore izandakoaren ustez, ausardiaz jokatu beharra dago. Ez du «inolako kezkarik» Guggenheimek ingurumenean eragin ahalko lituzkeen kalteen inguruan, «jakin baitakit biosfera erreserbako legea zorrotza dela, eta ez dela urratuko. Ondorioz, ez da kalterik gertatuko, ziur naiz».

Susmoak eta golf zelaiak

Antiguedad, alabaina, ez da fio. «Ezinezkoa zait ikusita Aldundiak herri honekiko eta ingurumenarekiko zer politika darabilen». Susmoak ere baditu Guggenheim museoa ez ote den «amu bat» noizbait aipatu izan diren beste hainbat proiektu egiteko, «esate baterako, golf zelai bat».

Perez Iglesiasentzat, baina, eskualdean hirugarren sektorea bultzatzeko proiektu «egokia» da Guggenheim, ez baitu sinesten soilik lehen eta bigarren sektoreak, alegia, arrantza, nekazaritza eta industria bultzatuta atera daitekeenik aurrera Busturialdea. «Horretarako ez da halabeharrez Guggenheim museo bat egin behar», sinetsita dago Antiguedad. «Areago: Busturialdea eredu ekonomiko egiaz iraunkor baten arabera garatzeko hautua egingo bagenu, Guggenheimek berak esango luke ezetz, ez duela nahi museo bat Urdaibain».

Artearen munduko hainbat eragilek ere ez dutela halako museorik nahi gogora ekarri zuen Antiguedadek. Perez Iglesiasek adierazi zuen Bilboko Guggenheimek «onurak baino ez» dizkiola ekarri euskal artegintzari.


© berria.info

Comentarios