'Lan eta bizi'-k inposaketak albo batera uztea eta eztabaida sakonagoa egitea aldarrikatu du

'Lan eta bizi'-k inposaketak albo batera uztea eta eztabaida sakonagoa egitea aldarrikatu du

Ekonomia Herritarren parte-hartzea ezinbesteko ikusten du; gutun bat bidali du Jaurlaritzara eta Aldundira, eskaera eginez.

endika urlezaga/busturialdeko HITZA

Urdaibaiko Guggenheim auziaren harira, `Busturialdean Lan eta Bizi´ plataformak inposaketak albo batera uztea eta eztabaida sozial sakonagoa egitea eskatu du. «Bere garaian proiektuaren aurka geundela esan genuen, eta orduan ere hausnarketa sakonagoa egin beharko litzatekeela aldarrikatu genuen», azaldu dute.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren zein Bizkaiko Foru Aldundiaren erantzunik jaso ez dutela eta, plataformako kideek berriz eskatu dute eztabaidan parte-hartze sozial handiagoa izatea. «Elkarrizketarako planteamenduari muzin eginez, beste behin ere hedabideen bitartez jakin izan dugu Guggenheim Bilbao Fundazioak museoa Urdaibaira zabaltzeko asmoekin jarraitzen duela».

Eskualdearen ekonomiari buruzko «hausnarketa lasaia eta parte-hartzailea» egitea ezinbestekotzat jotzen dute, eta hori bultzatzeko «konpromiso zintzo eta tinkoa» hartzen dutela diote. Bide horretan, iragan barikuan, hilaren 27an, gutun bana igorri zieten Patxi Lopez EAEko lehendakariari eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiari. `Lan eta bizi´-tik diotenez, «eskualdeko eragileekin elkarrizketak hastea exijitzen diegu, eta erantzunaren zain izango gara».

Jaurlaritza eta Aldundia elkar-mokoka ari direla eta herritarrak inoiz ere ez dituztela kontuan izan esan dute plataformakoek. Hori dela eta, Guggenheim Urdaibai proiektua «ez inposatzeko» eskatu dute.

'Busturialdean Lan eta bizi'-k egindako hausnarketa

Guggenheim Urdaibai proiektuan «dagoeneko diru publiko asko xahutu» dutela deritzote, eta etorkizunean ere horrela izango dela uste dute. Agindu dituzten hamar txostenetan, esaterako, 342.000 euro gastatu ditu Bizkaiko Aldundiak.

Guggenheim frankiziaren sostengu ekonomikoa ere «diru publikoarekin» egingo dela eta «defizitarioa» izango dela esan dute `Lan eta Bizi´-koek. Lehenengo lanak aurrera eramateko 133 milioi euro behar izango dituztela ekarri dute gogora. Urteko gastuak, bestalde, ia 6,7 milioi eurokoak izango dira, eta kopuru hori herritarren diruarekin ordainduko dutela ohartarazi dute `Lan eta Bizi´-koek. Izan ere, bisitarien eta babesleen diru sarrerak kontuan hartuz gero kopuru osoaren %36 baino ez da lortzen.

«Ezin dugu onartu gure diruak espekulatzaileen poltsikoetara ihes egitea», esan dute. Diru horrekin inbertsio produktiboak eta sozialak lortu beharko liratekeela uste dute.

Diru kontuak albo batera utzita, Sukarrietako egoitzaren garrantzia nabarmendu nahi izan dute. Bertan, zerbitzu publikoak eskaintzen direla eta ingurumen hezkuntzarako punta-puntako erreferente bilakatu dela esan dute. «Biosfera Erreserbako ezinbesteko zutabeetako bat da», haien iritziz.

Era berean, proposatzen duten proiektua garapen jasangarriaren aurka doala zehaztu dute. «Busturialdeak bere garapen sozioekonomikorako plan estrategiko bat dauka dagoneko, Urdaibaiko legearen agindupean». Gaineratu dutenez, «museoan xahutu nahi duten dirutza guztia lehenengo eta bigarren sektorean inbertitu beharko litzateke». Izan ere, plan hori garatzeko ordua dela uste dute.

Comentarios