Kopenhage: klima aldaketari aurre egiteko azken aukera

2009-12-10

Kopenhage: klima aldaketari aurre egiteko azken aukera

Ainhara Plazaola

ELA sindikatuko Ingurumen alorreko kidea

Dagoeneko ukaezina da klima aldaketa gertatzen ari dela. XIX. mendean industrializazioa zabaltzen hasi zenetik gaur arte planetaren tenperatura 0,74 gradu igo da eta azken 30 urteetan prozesua bizkortzen ari da. Igoera honek ondorio latzak ekarri dizkigu: polo eta glaziarren urtzea, itsaso maila igotzea, zonalde baxuenak urperatzea, lehorte eta eurite gogorragoak jasatea, deforestazioa, biodibertsitatea galtzea, nekazaritza lurrak agortzea, migrazioak...

Baina, nola iritsi gara egoera honetara? Industria kutsakorrak eta batez ere garraioak izan duten garapen izugarriaren ondorioz, berotegi efektuko gasen kontzentrazioa hazten ari da atmosferan eta horrek tenperaturak igotzea eragin du.

90eko hamarkadan arazo honen larritasunaz ohartu ziren zientzialariak. Orduan hasi ziren estatuak bildu eta bakoitzak egin beharrekoaz hitz egiten. Kezka hau Kyotoko Protokoloan islatu zen 1997an. Akordio horren arabera, mundu mailan 1990ean igortzen ziren berotegi efektuko gasen %5 gutxitu behar da 2012rako.

Kyoton herrialde industrializatuek bakarrik zituzten murrizketak ezarrita, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) salbu, ez baitzuten akordioa sinatu kutsatzaileena izan arren. Garapen bidean zeuden herrialdeek ez zuten igorpenik gutxitu behar. Baina Kyotoko konpromisoak ez dira bete, eta horren adibide garbiena Hego Euskal Herrian dugu. Zaila da hemen eman den bilakaera baino okerragorik aurkitzea, isurketak %40 igo baitira.

Oraintxe Kopenhagen egiten ari den goi bilera da Kyotoko Protokoloa berriztatzeko momentua. Atmosferako CO2 kontzentrazioa gutxitzeko 1990. urteko emisioak %40 jaitsi behar dira 2020. urterako. Gaur egun atmosferan dagoen milioi bat partikulako 390 dira CO2 partikulak. Kontzentrazio hori 350era murriztu behar da, horrela tenperatura ez litzateke 2 gradu baino gehiago igoko eta klima aldaketaren ondorioak ez lirateke hain katastrofikoak izango.

Bi gai nagusi daude Kopenhageko mahaian. Lehenengoa emisioak jaisteko konpromiso zehatzak hartzea da. AEBetako Gobernua ez dago horretarako prest. Europar Batasunak berea besteen konpromisoetara baldintzatzen du. Eta garapen bidean dauden estatuek orain arte bezala jarraitu nahi dute, derrigorrezko murrizketarik gabe. Bigarren iskanbila laguntza ekonomikoaren banaketa da, garapen bidean dauden herrialdeei eman behar zaiena, murrizketak gutxitzeko eta klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko. Abenduko goi bilera aurretik egindako negoziazioek erakusten dute herrialde industrializatuetako gobernuak ez daudela prest dirua jartzeko. Hori horrela izanda, Kopenhageko goi bileraren emaitza porrota izango da. Halakoetan gertatzen den moduan, akordioa egongo da, baina edukirik gabekoa.

ELAk gobernuei exijitzen die klima aldaketari aurre egiteko baliabide guztiak jar ditzaten. Egun hauetan Kopenhagen egiten ari den goi bilera etorkizun hobe baterantz lehen pausoa emateko gunea izan beharko litzateke.

ELAk argi dauka klima aldaketaren arazo larriari aurre egiteko aldaketa sakona eman behar dela, bai eredu ekonomikoan eta baita gizarte ereduan ere. Horregatik Kopenhageko bileran emisioen murrizketa handiak eta laguntza ekonomikoak adostea exijitzen diegu gobernuei. Konpromiso horiek hartzea lehen pausoa izan behar da benetako aldaketarako, gizateriaren garapen iraunkorrerako.

Comentarios