Ingurua modu inteligentean kudeatzen




Berria.info
2009-12-26

Duela 25 urte izendatu zuen Unescok biosfera erreserba Urdaibai. Izendapen horrekin, helburua da lurraldea zainduz eta bioaniztasuna bermatuz gizakia garatzea.


Ibai Maruri.
Gernika-Lumo

Oka ibaiak Kantaurira bidean sortzen duen itsasadarra da Urdaibai. Bere bi ibarrek Busturialdea osatzen dute. Natura eta kultura aldetik, sekulako ondarea dauka gordeta. 1984an, inguru hori guztia biosfera erreserba izendatu zuen Unescok, MAB egitasmoaren barnean (Man and Biosphere Reserve Programme). «Programa berritzailea zen. Babestutako eremuetan ordura arte erabiltzen ziren politiken aldean desberdina zen», dio German Alonso Eusko Jaurlaritzako Bioaniztasun zuzendari eta Urdaibaiko Patronatuko kideak.

Gizakia naturaren parte moduan ulertzen duen planteamendua daukala dio. «Aurretik natura pertsonengandik baztertu egiten zen babesteko. Gizakia izaki txartzat zeukaten, ukitzen zuen guztia desegiten zuena. Pertsonak ez ziren naturaren partetzat hartzen», gogorarazi du. Aurrenekoz, bada, gizakia naturan bizi den izaki modura ulertzen hasi ziren. Babes formula berri horrek hiru helburu zituela azaldu du Alonsok: «Batetik, ingurumena zaintzea; bigarrenik, gizakiaren garapena bermatzea; eta, hirugarrenik, lurraldearen gobernantza garatzea edo gizakia naturan integratzea». Padurak, artadiak eta itsasertza izendatu zituzten babestu beharreko elementu nagusi modura.

«Garrantzitsua da nabarmentzea ez garela ohiko natur parke bat egiten ari. Gizakia biziko den eremu natural bat mantentzeko eta garatzeko ari gara lanean, gizakia ingurumen horren parte baita. Are gehiago, berak du ingurumena bere erara moldatzeko gaitasuna. Horregatik zehaztu behar da bizikidetza hori zein arauk markatuko duten», dio Alonsok. Urdaibaik aberastasun handia dauka natura eta kultura aldetik, eta ohartarazi du ezinbestekoa dela konturatzea bi horiek mantenduz, zainduz eta uztartuz aurrera egin daitekeela. Uste du aintzakotzat hartu behar direla inguruak dituen gaitasunak zein diren. Bilboko itsasadarrak izan duen garapena jarri du adibide modura: «Ez dut nik esango okerra denik, baina bai eremu hark zituen gaitasunen gainetik egindakoa dela».

Alonsok gogorarazi du duela 25 urte astialdiari begirako eta bigarren etxebizitzei begirako eskualde bihurtzen hasi zela Busturialdea. Industria sektorean berrikuntzak egiteko asmoa zegoela dio, eskualdearen tradizio naturalaren kontrara. Basogintza intentsiboarekin ere hasita zeuden. Garapen iraunkorrari buruzko ikerketa egiten ari ziren zientzialari batzuk inguruotan zebiltzan, eta hala sortu zen aukera. «Proposamena Euskal Herritik egin zen. Unescori helarazi zitzaion, eta konbentzitzeko ez zen aparteko lanik egin behar izan. Ondo aztertu zuten, eta konturatu ziren posible zela, eskualdearentzako aukera aparta zela».

Izendapenaren ostean, Urdaibaiko Erreserbaren Babes eta Antolaketa Legea onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, erreserbari zegozkion gai juridikoak erabat finkatuz. Eta, segidan, kudeaketa eredua ezarri zen. Urdaibaiko patronatua sortu zen hala. Parte hartze organo bat da, eta bertako kide dira Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, eskualdeko udalak eta kulturari, ingurumenari, ondareari eta halakoei lotutako hainbat elkarte eta erakunde. Gobernantza hobetze aldera, udalek eta eskualdeko gizarte eragileek ordezkapen handiagoa izan behar dutela uste du Alonsok.

Krisiari aurre egiteko


Patronatuak bulego teknikoa dauka. Eskualdean garatu nahi diren proiektuak aztertzeko eginbeharra du. Bulego horrek gorabehera handiak izan ditu 25 urteotan Alonsoren esanetan. «Ekonomia krisiak, gaur egungo modura, une txarrak dira, garapen iraunkorraren eredua auzitan jartzen dutelako zenbaitek. Patronatutik sistema berriztu eta indartu behar dugu abagunea aprobetxatuta. Eskualdeko biztanle gehienek erabat onartu eta barneratu dute erreserbaren filosofia. Orain lortu behar dugu garapen eredu hori krisiari aurre egiteko bitartekorik onena izatea, eta hala dela frogatzea». Hortaz, krisia oztopo izan beharrean, aukera galanta dela uste du. Gainera, lurraldeari presio gehien egiten zioten sektoreak, dela hirigintza dela basogintza, «stand by egoeran» daudela dio. «Ibiltzen ari garen bide alternatibo hau artezteko une aproposa da».

Patronatuak kritika ugari jaso ditu 25 urte hauetan. Batzuek garapenari trabak jartzea leporatzen diote, muga gehiegi ezartzen dituela. Besteek, ordea, behar baino gutxiago egiten dutela. «Urdaibai postal huts bihurtu dela esaten dutenean, ez dakit ontzat edo txartzat hartu. Batzuek nahiago izango dute argazki horretan gizakirik ez ikustea. Besteek Mediterraneo kostaldean dauden gune turistikoen parekoa. Gustu guztietarako postalak egon daitezke, baina nik hauxe ikusten dut egokien». Urdaibai beti izan dela postal bat uste du, bere paisaia zoragarria delako. «Gizakiak bere ingurua nola moldatu duen erakusten digun argazkia da. Moldatze lan hori, gainera, oso zaharra da. Neolito garaiko herritarren aztarnak ditugu, erromatarrenak... Inguruotan aspalditik bizi izan da gizakia. Horiek guztiek ingurua nola kudeatu duten, horixe islatzen du. Postalak oinarri natural baten inguruan egindako kudeaketa on baten emaitza izan behar du».

Halere, ingurumena ez dago postalean ikusten den bezain ondo. «Bidea egiten ari gara oraindik». Halere, Urdaibain beste batzuekin alderatuz bioaniztasun hori mantendu egin dela dio. Ez da ezagutzen espezierik galdu denik. «Azken batean bioaniztasuna produktu bat da, lurrari emandako tratutik lortuko dugun emaitza. Ondo zainduz gero, bioaniztasun oparoa izango dugu. Eta Urdaibaik bioaniztasun oparoa dauka».



Zain Dezagun Urdaibai garapen iraunkorraren aldeko taldeak 25 urteon balantze ezkorra egin du. Biosfera Legeak dioena ez dela betetzen salatu du Edorta Jimenez presidenteak. Espekulazioaren arriskuaz ohartarazi du.



Postaleko argazkiari ‘photoshop’-a kenduz
Zain Dezagun Urdaibaiko lehendakaria, Edorta Jimenez.
I. Maruri
Gernika-Lumo

Eskualdean ingurumenaren aurka egiten ziren gehiegikeriak salatu eta konponbide bat eskatzeko hainbat talde sortu ziren 1970eko hamarkadan. Talde horietako bat zen Zain Dezagun Busturialdea. Gerora, izena aldatu zuten, eta, egun, Zain Dezagun Urdaibai dira. Bertako lehendakaria da Edorta Jimenez idazlea. Izendapenaren egunetik gaur arte jazotakoaz egiten duen balantzea ez da batere baikorra: «Sekulako presioa egiten da legea bete ez dadin», salatu du. Erreserba izatetik «espekulazio eremu» izatera pasatzeko interesak daudela dio. «Eta, honezkero, bada espekulazio eremu».

Orduko egoera ez zela samurra gogoratu du. Ekonomia aldetik, eskualdea zulo beltzean zegoen. «Gernika inguruan zilargintza eta mahai tresneriagintzari lotutako industria geneukan. Baina sektorea krisi latzean zegoen, desegiten ari zen. Baserrien egoera ere makurra zen. Bazegoen basogintza eredu bat, eta hori ez zen egokiena Urdaibairako ez beste inorako». Arrantza zen guztien artean egoerarik gozoena zuen sektorea. Erakundeen aldetik emandako erantzuna ez zen egokia izan Jimenezen irudiko.

Jimenezek ohartarazi nahi du ez dela bete Eusko Legebiltzarrak 1989an onartu zuen Urdaibaiko Erreserbaren Babes eta Antolaketa Legeak dioena. «Hemengo jarduera ekonomikoak iraunaraztea zen helburuetako bat. Alegia, nekazaritza, arrantza, bertoko industria txikia, basogintza eta portuak bultzatu, garapen iraunkorraren barruan». Jimenezek irizten dio arlo horietan lanpostuak sortu behar direla.

Alabaina, hori egin beharrean eskualdea turismoaren esanetara makurtu dutela salatu du. «Proiektu estrategikoak, berriz, atzeratu egin dira. 25 urte igaro dira, eta Urdaibaiko ur zikinen sarea amaitu gabe dago». Muruetako ontziolak, gainera, aurkako bidean joanarazi dituela dio. «Estuarioa nahierara erabili izan dute beti. Ontziak itsasora ateratzeko baino ez duela balio uste dute. Denborak erakutsi du zelango triskantzak egin dituzten». Dioenez, eragin duten hondamendia zenbaterainokoa den jakiteko, nahikoa da azken dragatzeen emaitzak ikustera joatea. Neurriak txosten independenteek esandakoaren arabera hartu beharrean, aldeko txostenak berariaz egin direla dio.

Denbora tarte horretan ingurumenak txarrera ez duela egin dio.«Baina ez dakit askorik hobetu dugun». Bizkaiko Foru Aldundiaren datuak hartu ditu ahotan zalantza hori argudiatzeko: «Erreserbaren bihotzean dauden hiru hondartzatan bainua ez dela egokia diote: Toñan, San Antonion eta Kanalapen. Askotan, Mundakako hondartzan ere ez. Zer esan nahi du horrek? Isuriak etengabe handitzen joan direla». Itsasadarreko urari hainbat lekutan kiratsa dariola dio. «Larria da goialdeko paduretan, zingiretan, lakuetan dagoen hondakin eta zabor pilaketa». Nekazaritza eta basogintza beharrezkoak direla ikusten du, baina bi sektore horietan ere iraunkortasunaren aldeko apustua eskatzen du kalteak saihesteko.

Agintarien arreta, baina, turismoak erakarri du Jimenezen esanetan. Ez dago sektore horretan lan egitearen aurka, baina ereduz okertu direla irizten dio. Aitortzen du bizkaitarrek hondartzara joateko eskubidea dutela, baina uste du ahaztu egin dela eskualdeak hori baino gehiago duela. «Urdaibaik urte osoko turismoa behar du, eta mailakoa. Eskualdeak dituen baliabide historiko eta kulturalak ez dira behar bezala ustiatu; tartean hizkuntza bera».

Bizkaiko Foru Aldundiak Guggenheim Urdaibai aurkeztu du Busturialdeko kulturak eta ekonomiak behar duten akuilu modura. «Zuhaitza botatzeko aurrena aizkorakada batzuk jotzen dira, eta gero ziria sartu. Ba hemen aizkorakada asko eman zaizkio Urdaibairi, eta orain azken ziria sartu nahi digute beste negozio modu batzuei bide egiteko. Guggenheim museo berria espekulaziorako aitzakia da».

«Erreserbako indioak»

Lotsagarria iruditzen zaio New Yorken Busturialdean baino gehiago jakitea proiektuaz. Agintariak «koloniatik metropolira» joan direla dio, «nagusiak konbentzitzera». Museoa «operazio handi baten brankako maskaroiarekin» parekatzen du. «Laino artean ikusten da maskaroi hori. Lainoa urratzen denean, itsasontzi osoa ikusiko da, eta orduan jakingo dugu zer ontzi pirata den».

Proiektu horri esker hainbat azpiegitura gaurkotzeko aukera sortu dela adierazi dute agintari politikoek. «Horiek guztiak lehendik erabakita zeuden, ez dira kontu berria. Bermeo eta Mungia Sollubetik tunelez lotuko direla, Sukarrietan egin behar dituzten lanak… Lagunok, proiektuok ez dute zer ikusirik Urdaibairekin».

Zain Dezagun Urdaibai elkartetik makina bat proposamen egin dituztela dio, eta patronatuak atzera bota dituela gehientsuenak. «Gero zakarretatik atera eta beste momentu batzuetan gauzatu dituzte maiz». Izan ere, argi dute eskualdea askotarikoa dela, askotariko premiak dituen askotariko jendearen bizilekua. «Nahiz eta askok erreserbako indioak garela uste duten». Beste batzuek itsasoa eta hondartza pare bat dituen inguru bukolikoa besterik ez dutela ikusten salatu du. «Hau ez da postala, e? Eta postaleko urak ez daude garbi, argazkietan baietz eman arren. Photoshop lar erabiltzen da hemen».

Comentarios