«Ez dugu inolako informaziorik jaso Arrietako eta Errigoitiko udaletatik»

Theo Reichenberger, Carles Grau eta Leire Forhouet ð- Errigoiti-Arrieta Garbi

«Ez dugu inolako informaziorik jaso Arrietako eta Errigoitiko udaletatik»

Errigoiti

Errigoitiko eta Arrietako bizilagunek bat egin dute Errigoiti-Arrieta Garbi plataforma eratzeko; herrian eraiki nahi duten biomasa zentralaren aurka azaltzen dira.

endika urlezaga

Theo Reichenberger (Alemania, 1966) Arrietan bizi da eta Carles Grau (Bartzelona, Herrialde katalanak, 1970) eta Leire Forhouet (Bilbo, 1976) Errigoitiko Olabarri auzoan. Errigoiti-Arrieta Garbi plataformako kideak dira hirurak, eta Olabarriko Malluki industriagunean eraiki asmo duten biomasa zentralaren aurka daude. Domekan, urtarrilaren 3an, elkarretaratzea egingo dute Olabarriko jolas parkean. Plataformako kideek eta batu nahi zaien guztiek 13:00etan izango dute hitzordua.

Zer da biomasa zentral bat?

Reichenberger: Biomasa zentral bat baso ustiapenetako material organikoa erretzen duen lantegia da. Erretzen den materiala basoetan sobran dauden hondakinak izaten dira, eta zuhaitz adarrak zein basoetako orbela bezalako hondakinek osatzen dute lantegiaren lehengaia. Alde batetik, energia elektrikoa sortzen duten zentralak daude eta, bestetik, argindarra sortu eta beroa aprobetxatzen duten zentralak. Biomasak balio energetiko txikia dauka eta, horregatik, material asko erre behar da konbustio prozesuan bero asko galduz. Zentral konbinatuek bero hori aprobetxatu egiten dute etxebizitzak berotzeko edo industrian erabiltzeko, esaterako. Arazoa zentral konbinatu bat egitea zailagoa dela da. Logikoa litzateke honelako zentralak eraikitzea, baina Errigoitin ez dago aurreikusita, eta ez da bidea.

Nola eragingo du zentralak eguneroko bizitzan?

Forhouet: Zentzu askotan eragingo du zentralak. Alde batetik, nekazal gune horretan lasaitasuna hausteko arriskua dago honelako zentral handi bat eraikiz gero. Bestalde, Gernikatik Mungiara doan errepidea [BI-2121] nahiko txarto dago gaur egun, eta zentralak eragingo zuen trafikoak gehiago zapuztu lezake. Txostenak dioenez, kamioi bakoitzak 24 tona garraiatuko ditu eta hamahiru metroko kamioiek eramango dute material organikoa. Era berean, inguruetan dauden nekazaritza ekologikoko ustiapenak kolokan jar daitezke. Zentraletik 100 metrora Butroi erreka dago eta, errekaren bioaniztasunean eragiteaz gain, errekaren norabidea aldatuko dute.

Reichenberger: Nire ustez, hamahiru metroko kamioiak ezingo dira erabili. Hortaz, benetako kamioi kopurua bi bider handiagoa izango da, edo kamioiak ez dira bertan sartuko. Honek beste zalantza bat sortzen digu: Ez al da izango errepide guztia zabaldu eta konpondu nahi dutela? Gainera, industriagunean izango diren beste enpresek ere trafikoa handituko dute. Arrietan, orain arte esan dutenez, irteera turismoa izan behar zen, baina orain zentral hau egingo dute.

Nola sentitzen dira inguruetako biztanleak?

Grau: Sorpresa handia izan zen eta sekulako desilusioa. Apurka- apurka nekazal lurrak zirenak birkalifikatu egin zituzten eta bat-batean biomasa zentral bat eraikiko zutela jakin genuen. Hori jakin genuenean gure haserrea handituz joan zen. Bebes gabe gaudela sentitzen dugu, inork ez digulako azalpenik eman. Lehen pabilioi batzuk eraiki behar zituzten lekuan orain zentral handi bat egingo dute, eta horrek biztanleen artean ezinegona eta tirabirak sortzen ditu. Gurekin jolasean ari direla uste dugu.

Ba al dakizue noiz eraikiko duten zentrala?

Forhouet: Egia esan, ez dakigu. Teorian 2010. urteko bukaeran hasiko dira, eta 2011ko urrian martxan izatea espero dute. Dena den, zonaldea egokitzeko obrak oraindik ez dira hasi, eta luze joko duela uste dugu, ez direlako industriagunea egiten ere hasi. Azken urteetan bertako landaredia baino ez dute kendu. Hala ere, guk ez eraikitzea lortu nahi dugu.

Protesta egiteko eta antolatzeko, Errigoiti-Arrieta Garbi plataforma sortu duzue zenbait herritarrek. Zeintzuk dira helburuak?

Grau: Helburu nagusia Eusko Jaurlaritzak, Aldundiak edo eragin dezakeen norbaitek Errigoiti zentrala eraikitzeko leku egokiena ez dela esatea da.

Forhouet: Txosten guztia aztertzea bilatzen dugu oker daudela ikus dezaten. Euskal Herrian ez dituzte arautu azpiegitura hauek eraikitzeko prozedurak, eta okerreko bidetik doazela uste dugu.

Helburu horiek bete daitezkeela uste al duzue?

Forhouet: Oraindik helegite garaian gaude, baina baietz uste dugu. Momentu honetan alegazio garaia luzatzen ahalegintzen ari gara gaia hobeto aztertzeko.

Reichenberger: Momentu honetan 120 pertona inguru gaude plataforman, eta herritarren artean informazio falta dagoenez, jende gehiago batuko da. Arrietako EAJren hiru zinegotzik, adibidez, alegazio garaia luzatzea onartu dute. Inork ere ez du batere argi zer gertatuko den, baina alkateren batek ez dela eraikiko esango balu nahikoa litzateke.

Energia berdea dela suposatzen da, baina benetan horrela al da?

Grau: Gure ustez, ez da horren energia berdea. Kontuan izan behar dugu biomasatik ateratako energiak ez duela energia berriztagarrien ziurtagiria. Ingurumena zaintzeko energia lortzeko modu garbiagoak erabili nahi dituzte, baina zentrala egiteko gune berde bat zanpatuko dute.

Reichenberger: Asko jolasten da energia berdea terminoarekin. Gutxiago kutsatzen duen energia iturri bat sortu beharrean, gutxiago kontsumitu beharko genuke. CO2 gutxiago isuriko litzateke atmosferara, etxeko aislamentua hobetuz, esaterako. Inbertsio askoz onuragarria izango litzateke.

Ezinbestekoa al da zentrala eraikitzea?

Reichenberger: Ez, guk ez dugu horrela pentsatzen. Nik barneratu dezaket eztabaida hori herrian egotea, baina eraikitzeak logikarik ez duela diogu. Herriak baimena emanez gero ere gauzak modu egokian kudeatu behar dira, `logika monetarioa´ albo batera utziz. Hasiera batean enpresa txikientzako industriagune bat eraiki behar zuten, eta orain biomasa zentral erraldoi bihurtu da bat-batean.

Nola izan zenuten horren berri?

Grau: Prentsa idatziaren bitartez jakin genuen munstruo hau eraiki behar zutela. Azaroaren 26an prentsan agertu zenean herritarrak mugitzen hasi ginen.

Forhouet: Kasualitatea edo ez, egun horretan publiko egin zen helegiteak egiteko epea zabalik zegoela. Orduan Iñaki Madariaga alkatearengana joan ginen, batzar bat egiteko proposamenarekin. Hasieran onartu egin zuen, baina batzarra egin behar zen egunean bertan behera utzi zuen. Gainera, alkateak bakarrik joateko agindu zigun, ez zuelako zalaparta handirik sortzerik nahi. Telebistan agertu ginenean proiektuko teknikariekin bilera egitea erabaki zuen Madariagak, baina ez ziren izan txostena garatu zuten teknikariak, ordezko bat baizik.

Eta berria ezagutu zenetik Arrietako eta Errigoitiko udalak ez dira zuekin harremanetan jarri?

Reichenberger: Ez digute ezer gehiago esan.

Grau: Zentzugabeko batzar horretan, gainera, basozain bat agertu zen, eta azaldu zuenez norbanako bezala agertu zen batzarrera. Hala ere, bilera bukatutakoan Madariagarekin hitz egiten izan zen, eta zera esan ziola ziurtatu dezakegu: «Txostena lehenago emango bazenidan hobeto landu ahal izango nuke».

Gutxienez informazioa eskuratu ahal izatea eta zeuon iritzia ematea al da aldarrikatzen duzuena?

Grau: Eskatzen dugun gauzetako bat da. Informazioa izanez gero gauzak hobeto aztertzeko aukera izango genuke, baina...

Zergatik uste duzue Arrietako eta Errigoitiko udalek ez dutela plataformako kideen iritzia ezagutu nahi?

Grau: Honelako proiektu batez hitz egiten denean logikoa da jende kopuru bat kontra azaltzea, eta hori da ez dutena ikusi nahi.

Forhouet: Legeak esaten duenez, herritarrek proiektuaren hasierako fasean informazioa jasotzeko eta eztabaidatzeko eskubidea dute, baina kasu honetan ez da horrela gertatu.

Reichenberger: Arrietan ere berdin gertatu da, eta informazioa ezin jaso izana errespetu falta handia da.

Nola baloratzen duzue, hortaz, Arrietako eta Errigoitiko udalek egindako kudeaketa?

Grau: Niretzat, pertsonalki, guztiz okerra izan da.

Reichenberger: Nik, egia esan, ez dut aurrerapauso handirik espero Madariagarengandik. Arrietako alkateak [Miren Edurne Torrealdai], aldiz, ezer ez dakiela dio, eta arraroa da horrela izatea. Bere aldetik jarrera aldaketa bat izatea gustatuko litzaiguke. Izan ere, garaiz dago oraindik. Oraindik ez diogu eskatuko noren alde dagoen esatea, baina gutxienez informazioa ematen hastea nahi dugu. Bere Udal taldean ere zalantzak daudela ikusteak zer pentsa emango dio.

Inguruko herrietako alkateek zer diote?

Forhouet: Morgako alkateak, esaterako, erraztasun handiak eman ditu informazioa eskuratzeko eta alegazioak egiteko. Izan ere, zentralaren kutsadurak bereziki eragingo du Morgako zenbait gunetan, nahiz eta emisio eremua zein den zehatz ez dakigun. Beste arazo bat da hau. Inguruko herrietako biztanleak egoeraren jabe ez direla uste dugu. Izan ere, emisioek beraiei eragingo die batez ere.

Grau: Oraindik izozmendiaren punta baino ez dugu ikusten.

Zentralak eguneroko bizitzaren arlo askotan eragingo duela uste dute plataformakoek

Arrietako eta Errigoitiko Udalek egindako kudeaketa gogor kritikatu dute

Comentarios

  1. El mito de emisiones cero es mentira, los arboles recrecen y resecuestran el carbono despues de decadas, y que decir del cloro que contienen las hojas y la corteza, pues que al quemar se convierten en dioxinas y furanos.
    Dara tiempo a la sociedad civil a que se oponga antes de que sea demasiado tarde?
    ¿Quereis saber algo mas? ir a Biofuelwatch y olvidaros de los blandenges de "greenpiece"

    ResponderEliminar

Publicar un comentario

Que para que una publicación tenga legitimidad estén seguros que publicaremos los comentarios, rectificaciones, respuestas y criticas que estén escritas con respeto a las normas de cortesía habituales, aunque sean contrarios a nuestra linea de pensamiento o a alguno de nuestros colaboradores.

Por lo contrario, en caso de que se lleguen a nuestro Blogg esos comentarios ilícitos o falsedades los eliminaremos de oficio en cuanto tengamos conocimiento de los mismos, para evitar del daño que pretende causar el autor de tales comentarios.