Urdaibaiko Guggenheimek 148.000 bisitari izango dituela dio Aldundiak

BERRIA 2009-10-06

  • Urdaibaiko Guggenheimek 148.000 bisitari izango dituela dio Aldundiak
  • Museoari buruzko lehen bideragarritasun azterketak egin dituzte, eta
    diotenez, 3.500 lanpostu sortuko ditu eskualdean
  • Eusko Jaurlaritzak ez du oraindik argitu museo berrian parte hartzeko
    asmorik duen

Irune Berro.

Bilbo

Urdaibain eraiki nahi duten Guggenheim museoaren inguruko lehen bideragarritasun azterketak egin dituzte Bilboko Guggenheim museoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, eta gaur-gaurkoz azterlan guztiak erabat amaitu

ez dituzten arren, zenbait ondorio aurreratu dituzte. Diotenez, 148.000 bisitari izango ditu urtean Urdaibaiko Guggenheimek. Eta, horretaz gain, 3.500dik gora lanpostu sortuko ditu. Hala adierazi dute, behinik behin, hedabideetara igorritako ohar baten bidez.

«Bilboko Guggenheim museoa handitu aurreko lanak egiteko» agiria sinatu zuten Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak eta Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak, iragan ekainaren 11n.

Itun horren bidez, milioi bat euro jarri zituen Aldundiak «museoa handitu aurreko lanak egiten hasteko». Agerraldi hartan, Guggenheim berria egiteko asmo sendoa erakutsi zuten Bilbaok zein Bidartek, artean museoa bideragarria ote zen ez bazekiten ere.

Prentsa oharrean diotenez, Bilboko Guggenheim museoko 2.668 bisitariri galdetu diete Urdaibaiko museora joango liratekeen Bilbokoan egon ondotik, eta horiek emandako erantzunetan oinarrituta atera dute ondorioa: urtean 148.000 bisitari hartuko ditu batez beste.

Ekonomian izango duen eraginaren inguruko azterlana ez dute oraindik amaitu, baina eman dituzte lehendabiziko datuak. Museoa eraikitzeak bakarrik, zuzenean nahiz zeharka, 384 milioi euroko aberastasuna eragingo duela diote. Halaber, 169 milioi euroko barne produktu gordina sortuko du Urdaibaiko museoak, eta Bizkaiko ogasunak 73 milioiko diru sarrera izango du, betiere Guggenheimek eta Aldundiak emandako datuen arabera. Iturri horiek diotenez, 3.536 lanpostu ere sortuko ditu museo berriak.

Urdaibaiko biosfera babestutako naturgunea izanik, araudi zorrotza betetzea ezinbestekoa da ezer eraikitzeko. Museo berriak, nolanahi ere, arau guztiak zorrozki beteko dituela jakinarazi dute Guggenheimeko eta

Aldundiko ordezkariek. Hautatutako eremuan eraikitzea, gainera, posible dela diote. BBK-k Sukarrietan dituen udalekuetan egin nahi dute museoa, Ricardo Bastida arkitektoak 1925ean altxatutako eraikina eraitsi ondoren. Lur sail hori egokia den egiaztatzeko, azterketa geoteknikoa egin dutela azaldu dute, eta eremua aproposa dela ondorioztatu dute.

*Laborategi eta erakustareto*

Urdaibaiko Guggenheim lauzpabost urte barru irekiko dutela esan zuten ekainean Bilbaok eta Bidartek, «2013an edo 2014an». Haatik, ez zuten inolako proiektu museografikorik aurkeztu. Gauza bakarra esan zuten museoaz: «Hurrengo hamarkadako kulturaren paradigma izango da».

Orain argitu dute Urdaibaiko museoa ez dela Bilboko Guggenheimen errepikapena izango. «Ez dugu Bilboko museoa handituko, beste bat sortuko dugu», zehaztu dute. Nazioarteko adituek osaturiko taldeak zazpi kontzeptu aipatu ditu, museo berria egituratzeko. Haiek diote museo ez
ezik, lantegi ere izan behar duela egoitzak; horrenbestez, etengabeko aldaketan dagoen sorkuntza gunea izango da. Museoaren jarduna, halaber, laborategiaren ideiari estuki loturik garatzea proposatu dute. Hots, uste dute museoak artea beste diziplina batzuekin harremanetan jartzeko tokia izan behar duela. Haien arabera, adituen bilgune izan behar du orobat, eta erakustareto dinamikoa. Museoaren jarduera inguruari zabalik egotea komenigarria dela ere azaldu dute adituek.

Abenduan bilduko dira Bilboko Guggenheimeko patronatua eta Urdaibaiko Guggenheimeko Batzorde Betearazlea. Azterketen emaitzak aztertu, eta zein pauso eman erabakiko dute. Eusko Jaurlaritzak museoan parte hartuko duen ere argitu beharko du.

Comentarios