Criterios de sostenibilidad en las actuales políticas de ordenación del territorio

Lurraldearen antolaketako gaur egungo jasangarritasun irizpideak
* Traducción al español del original en euskera
José Allende Landa

Dagoeneko hamahiru urte igaro dira 1987an Nazio Batuetako Bruntland Batzordeak oraindik ere ezezagun eta enigmatikoa iruditzen zaigun garapen jasangarriaren kontzeptu-filosofia sortu zuenetik.

Neoliberalismoak hala nahi duelako da enigmatikoa, gauza baterako zein besterako balio duen edozertarakoa bailitzan; praktikan, ostera, ezer gutxirako balio du horrek. Oraingoz ez da gaur egungo ekoizpen eta kontsumo eredua aldatzeko interesik somatzen, nahiz eta jada argi ikus daitekeen bere jasanezintasuna.

Jasangarritasunaren aldeko lehenengo pausoak 1992ko Rioko Gailurrean eman ziren ofizialki, Ingurugiro eta Garapenari buruzko Nazio Batuen Konferentzian 178 Estatuk sinatu eta onartutako agiri-egitarau garrantzitsu haien bidez. Rioko Adierazpena eta 21 Agenda dira garapen jasangarrirantz hartutako bidearen euskarri nagusiak.

Lurraldearen antolaketari dagokionez, eta Europaren ikuspegitik, Europar Batasunaren "Ingurugiro Hiritarraren Liburu Orlegia"-n (1990) eta "Garapen jasangarrirantz" izenburuko Ingurugiroko V. Egitarauan aurki dezakegu gure funts kontzeptual eta metodologikoa. Era berean, aipatzeko modukoak dira baita Europar Batzordearen "Europako Hiri Jasangarriak" Txostena (D.G. XI, 1996ko martxoa) eta Orlando delakoa (COM (98)0605-CH-0059/99).

Pirinioez bestalde, eskala lokalean oinarrituta egiten ari dira garapen jasangarriaren antolaketa operatibo lurraldetarra, ez eskualde edo nazioetako gobernuetan. Horrek adierazten du ingurugiroaren ikuspegitik ari direla interpretatzen garapen jasangarria, ekonomiko eta soziala albo batera utzita, azken bi hauek garapenaren jasangarritasuna erabat errendu eta ahultzen dutelako. Nolanahi ere, garbi esan beharra dago 1992az geroztik Europa horretako autoritate lokalek -ez ostera Euskal Autonomia Erkidegoak- gobernu nazionalek baino askoz ere arreta handiagoa eskaini diotela 21 Agendak jasotzen duen egitarauko prozesu osoari.

Euskal Herriko eta EAEko Lurralde Antolaketako Direktriz, Plan Partzial, Sektorial eta Hiri Antolamenduko Planei begirada bat boteaz argi asko ikus daiteke lurralde antolaketako politiketan apenas egiten dela garapen jasangarriaren gaineko hausnarketa eta zabalpenik. Samingarria da halakorik aitortu behar izatea, baina errealitate gordinaren isla besterik ez da.

Eskualdeetako Politikaren Batzordeak 1999ko apirilaren 23an emandako Orlando Txostenak Euskal Herriak oso kontuan hartu beharko lituzkeen puntu batzuk jasotzen ditu. Lurzoruaren erabileraren arazoak izango duen larritasuna ohartarazten du, ondasun urria izango baita, eta, horregatik, "lurzoruaren erabileraren plangintzari eragingo dion ingurugiroaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoari buruzko direktibarekin ados gauden arren, lurzorua erabiltzeagatik zerga ekologiko berri bat ezarri beharko litzatekeela uste dugu".

EAEn ahaztuta dago erabat Ingurugiroaren Lege Orokorrak onartutako lurraldearen antolaketaren plan eta egitarauen EIA, ez baita indarrean sartzeko prozedurarik garatu. Hori kezkagarria da benetan, plan lurraldetarrek ingurugiroaren gainean daukaten eragina ebaluatzea oso aurrerapauso garrantzitsua izango bailitzateke lurraldearen antolaketan garapen jasangarria txertatzeko.

Euskal Herrirako funtsezkoa iruditzen zait, halaber, aipatutako txostenak aipatzen duen lurraldearen jasangarritasunaren irizpidea. Honela dio: "garapen hiritarraren politika finkatzen dutenek ecologica footprint delakoarekin bat egiten duen ikuspegi berri bat erabili beharko lukete hiriaren garapena aztertzeko, gizatalde baten "zama" jasaten duen eskualde baten benetako dimentsioa neurtzen laguntzen duena. Horri esker, hiri eta inguruneak garatu ahal izateko irizpide berriak hartuko lirateke, nekazaritzako inguruarekin oreka berri bat lortuz, eskualdeen ekoizpenak indartuz, eta baliabide lokalen erabilpen eta berrerabilpenean oinarrituta jarduera ekonomikoak sortuz".

Jasangarritasunak, hortaz, garrantzi berezia dauka lurralderako; lurraldearen antolaketa, bestetik, bitarteko paregabea da garapen jasangarrirako ezinbestekoak diren neurriak sartzeko. EAEko Administrazioek, ordea, ez dute oraindik garapen jasangarriaren gaia ulertu nahiz landu -ez Administrazio autonomikoak, ez lurralde historikoetakoek, ez eta udalek ere-. Izan ere, lurraldea oraindik ere lurzorua bailitzan aurreikusten dute beren plan eta egitarauetan. Ez dira hazkundeari mugak ipintzeko neurrietan pentsatzeko gai, nahastu egiten dituzte hazkunde jasangarria eta garapen jasangarria, eta muzin egiten diete behetik gorako zentzua hartu beharko luketen kontzientziazio eta partaidetza prozesuei, kontuan izan behar delarik prozesuok 21 Agenden gauzatze eta aplikatzearekin estuki lotuta daudela. Gasteizen izan ezik, beste inon ez zaio bere esanahi eta edukiari begiratu. Hona zer dion Europako Parlamentuaren Orlando Txostenak (99/04/23) beste Europari buruz: "1992az geroztik, autoritate lokalek gobernu nazionalek baino askoz ere arreta handiagoa eskaini diote 21 Agendari".

Kontzeptuak anbiguo eta enigmatikoa izaten darraien arren, egia da garapen hiritar jasangarriaren estrategiei buruzko debatea Europako hiri askotan piztu dela, hegoaldean ez beste, eta, besteak beste, honako hauek aztertzen hasiak direla: hiri polizentriko eta deszentralizatuak sustatzea, hirigune eta nekazaritza munduaren artean oreka berria ezartzea, nekazaritzako lurrak hutsik gelditzearen aurkako neurriak hartzeko politikak, hiri txiki eta ertainetako sareak indartzea, eta abar.

Honek guztiak azterketa sakon eskatzen du, hain present dagoen eta jasangarritasun lokalaren arloan hainbeste kontraesan sortarazten ari den globalizazio ekonomikoaren prozesuaren paradoxa kontuan izanik.

Garapenerako irizpide berriak lantzeko orduan, jasangarritasunera bideratutako kudeaketa batik bat prozesu politiko bat dela aitortu ohi da, eta, erantzunkizuna elkarbanatua izaterakoan, plangintza parte-hartzailea behar duela. Baliabide naturalen, energiaren eta hondakinen zikloak ixten dituen plangintza integratu batean oinarritzen da estrategia, eta honakoak dira bere irizpide orokorrak: baliabide naturalen kontsumoa ahalik eta gehien murriztea, ahalik eta hondakin gutxien sortzea, atmosfera, lurzorua eta urak ahalik eta gutxien kutsatzea, espazio naturalak eta hirietako bioaniztasuna areagotzea, eta abar.

Beraz, lurraldearen estrategia ekosistemikoa geureganatzeak gizartean sustraituta dauden baloreak sakonetik aldatzea eskatuko du, eta baita sistema ekonomikoen oinarriak ere (Europako Hiri Jasangarriak, EB, 1996ko martxoa). Horrek guztiak egungo ekoizpen eta kontsumo ereduak goitik behera aztertzea galdatzen du, eta gaur egun jasanezinak diren bizimoduan partaidetza, sormena eta aldaketak areagotzea.

21 Agendak ezeztatu egiten du merkatuko indarrak ingurugiroko, ekonomiako nahiz gizarteko arazo larriak konpontzeko gai direnik. Lurralde batek karga jasan edo harrera egiteko daukan gaitasunaren azterketa, merkatuko edozein irizpideren gainetik dagoen gaia da, integrazio, kooperazio, homeostasi, subsidiaritate, sinergia eta abarren printzipioak behar dituena. Jasangarritasunera bideratutako kudeaketa prozedura politiko bat da gehienbat, ez teknikoa. Bruntland Batzordearen esanetan, "eredu tradizionalak baztertzeko garaia da. Gizarteko sektore guztiak errotik aldatu behar dira: ekonomia, kultura, gizartearen egitura, industria, trafikoa, garraioa, kontsumoa, eta abar. Aldaketa hauek ezin dute gizartearen izaera ekonomiko eta morala aldatu gabe gertatu. Eguneroko bizitza arrisku bizian dagoela ikusi behar du jendeak. Politikari eta hiritarren bizimodu eta jarrerak aldatuz sortu ahal izango dugu geroko belaunaldien ongizateari begira egongo den printzipio, helburu eta xedeen multzo bat".

Bruntland Batzordearen stablishment-etik datozen hausnarketa horietatik abiatuz, zer esan dezakegu bada EAEko lurraldearen antolaketari buruzko egungo politikek garapenari dagokionez jarraitzen dituzten irizpideei buruz? Egia esan, oraindik ez gara bidean jarri ere egin, eta hausnartzen ere ez. Kezkagarria izaten hasia da Euskal Herria gai hauei heltzeko azaltzen ari den berandutza.


José Allende Landa, Zientzia Ekomikoetako irakaslea UPV/EHU
Argazkiak: Lur Hiztegi Entziklopedikoa

Euskonews & Media 85.zbk (2000 / 6-30 / 7-7)


Comentarios