“BUSTURIALDEAN LAN ETA BIZI” PLATAFORMAREN PRENTSA OHARRA.-

Azkeneko egunotan Gabonak baino lehenago kaleratutako “BUSTURIALDEA BIZIBERRITZEAREN ALDEKO ALDARRIKAPENA” erakunde publikoetara igortzen ari gara. Bermeoko udaletxean, eskualdeko handiena izanez, erregistratu ere egin genuen Aldarrikapena, sinbolikoki, hilaren 21an.

Komunikabideengatik ikusi dugun legez, Bermeoko Alkateak “EAJren aurkako kanpaina” dela esan du plataformaren ekimen hau.

Aldarrikapenarekin batera “Lan eta bizik” galdetegi bat zabaldu du. Bizkaiko Ahaldun Nagusiak San Joanak baino lehenago 100 milioi euroko erreserba egin zuela esan zuen, Guggenheim Sukarrietako Kolonietara erakarriz, turismoa eskualdearen biziberritzerako benetako traktorea izango delakoan. Eta galdera zen: Zein jardueratan inbertituko zenuke zuk diru hori guztia Busturialdea biziberritzeko?

Plataforma honen barruan dauden talde ezberdinak erabaki zuten, herriz herri, erantzunak jasotzeko toki ezagun batzuetan buzoiak jartzea jendeari lana errazteko. Plataforman parte hartzen duten Bermeoko taldeak, hain zuzen, zenbait lekutan buzoiak jartzea erabaki zuten, komunikabideetan iragarri zen bezala. Hala nola, Bermeoko Liburutegian, Kultur etxean etab.

Bermeoko Alkateak plataformaren ekimen hau “EAJren kontrako kanpaina” edota “beraien kontrako hauteskunde kanpaina” zela eta esan ondoren, debekatu egin du esandako toki publiko bi hauetan galdetegiaren erantzunik jasotzea. Itxuraz, zera agindu zuen “eraikinak alderdi baten kontrako kanpaina egiteko ez dira erabiliko”.

Ez da geure asmoa honelako jarreren aurrean gu ere berak erakutsitako neurriko erreakzioa izatea. Ez da horretarako jaio plataforma hau, geure eskualdeko egoera prekarioa hobeto ezagutzeko eta denok batera garapen solidario bat lortzeko baizik. Errespetu guztiarekin, beraz, hausnarketa batzuk plazaratu nahi ditugu auzokide denon aurrean, Alkatea barne.

1.- Ez da posible EAJren kontrako kanpaina dela argudiatzerik. Talde anitz eta ezberdin parte hartzen dute plataforma honetan. Horregatik, kritiken eta hausnarketen aberastasun eta sakontasunak fidagarritasun gehiago dute eta normalean, beraz, errespetuz, behintzat, onartzekoak litzateke. Helburua argi gelditzen dela, uste dugu, plazaratutako Aldarrikapenean eta geure adierazpen guztietan, Alkate eta beste erakundeetako arduradunei igorritako kartan, etab: “Busturialdeko garapen iraunkorra guri denoi dagokigun auzia” izanez gero, egiten den eskabidea: “arduradun publikoek garapen iraunkorrerako onartutako Planak bete ditzatela, herritarrokin auzolan bateratu bat eginaz bete ere”.

2.- Era berean, oso saila da adieraztea EAJren kontrako kanpaina bat dela, jakinda jelkide askok ere ez daudela ados Guggenheim, merkataritza frankizia, Sukarrietan dauden zerbitzuen ordez jartzearekin.

3.- Ez da, beraz, eta edozeinek ikusten du, EAJren kontrako kanpaina bat. Baina Alkatearen erreakzioak pentsarazten digu bere talde politikoaren gain botatzen duela Aldarrikapenak salatzen duena, hau da, erakunde publikoak ez dutela bere zereginak bete eta horregatik dugula eskualdearen egoera prekario hau. Hola balitz, osa ona litzake horrela aitortzea eta beste eragileekin batera egoera konpontzen haztea. Bide hori egitera animatzen dugu Alkatea eta bere talde politikoa.

4- Aldarrikapen honen aurrean -eta ez da egiten dugun lehenengoa- ikusten ari garen erreakzio baikorrak eta Bermeon, hain zuzen, egiten ari den lan arduratsu eta txukunak egoera larria kontuan izanik, kontrastatzen du oso Alkatearen jarrerarekin.

5.- Debekuaren erreakzioaren gainean gauza asko esan litzake. Edozeinentzat argi dago erakunde publikoa ezin dela zarratu herriko errealitateari, batez ere lanpostuetaz eta bizi kalitateaz aldarrikatzen denean. Beraz, erreakzio honek ez dauka auzolanak beharko lukeen oinarria. Eta ez dugu gehiago sakondu nahi. Hausnarketa sinple bat egingo genuke, dena den: herritarrek herriaren egoeraren mina sentitzen duenean, alkateak, antza, bere partiduarena sentitzen du. Diferentzia hau apurtu behar delakoan gaude, batez ere diferentzia hau erakunde publikoaren izenean agertzen denean. Guztion parte hartzearekin, bakarrik, erakunde eta herritarrok, auzo lanean, lortuko dugu eskualdearen garapen sozioekonomikoa iraunkorra izatea.

Busturialdean, 2009-01-30

Comentarios