Urdaibairen aldamenean CO <->2 biltegi bat egiteko eremua gorde du Espainiak

Urdaibairen aldamenean CO <->2 biltegi bat egiteko eremua gorde du Espainiak

Eusko Jaurlaritzak azalpenak eskatu ditu, eta ekologistek gogor kritikatu dute egitasmoa.

iñaki petxarroman (berria)

Lagako hondartzatik kilometro eta erdi eskas batera eta Lekeitiotik bost kilometro eta erdira 270 kilometro koadroko itsas eremua gorde du Espainiako Industria Ministerioak, etorkizunean CO<->2 biltegi moduan erabili ahal izateko. Biltegia itsas plataforman egongo litzateke, mila metroko sakoneran. Ondoan, Urdaibaiko biosferaren erreserba dago, alegia, Euskal Herrian dagoen ekosistemarik aberats eta estimatuenetako bat.

Joan den otsailaren 8an agertu zen Espainiako Buletin Ofizialean Espainiako Gobernuak hamaika eremu gorde dituela Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan eta Espainian, etorkizunean balizko CO<->2 biltegiak zabaldu ahal izateko. Horietako bat, Bizkaiko kostaldean da. Albistea pixkanaka ari da zeresana ematen, baina oraindik ere oso zehaztasun gutxi dago Gobernuak duen benetako asmoen inguruan.

Espainiako Gobernuko Industria Ministerioko iturriek BERRIAri adierazi diotenez, «badaezpadako neurria» izan da. «Ikusi behar da etorkizunean CO<->2 hartu eta pilatzea posible izango ote den. Oraingoz hori ahalbidetu dezakeen teknologia ikertzen ari dira zientzialariak. Ez dakigu bideragarria izango den. Lur eta itsas eremu batzuk gorde ditugu biltegi moduan erabiltzeko, bideragarria dela erabakiko balitz ere».

Alabaina, iturri berek azpimarratu dute prozesuaren «hasiera-hasieran» gaudela. «Nolanahi ere, aurrera eramatea erabakiko balitz, prozedura guztia errespetatuko litzateke, nola ez, besteak beste, Ministroen Kontseiluak onartu beharko luke». Besteak beste, ingurumen azterketa zehatzak egin beharko lituzkete, eta zundatze geologiko zorrotzak, gordetako lur eremuen bideragarritasuna neurtzeko. Industria Ministerioak gogoratu du ez dela berria Gobernuak lurralde batzuk erreserbatzea etorkizunean emango zaien erabilera baterako, baina aitortu du kasu honetan eremu horiek gordetzeko baliatu den arrazoia bai dela berria, CO<->2 hartu eta biltzeko teknika oso berritzailea delako. Oraingoz ikerketak egiten ari dira, CO<->2ren hartzearen inguruan, Cartagena inguruan (Murtzia-Espainia). Biltzen saiatzera ere ez dira iritsi oraindik zientzialariak Espainian.

Europan saio batzuk egin dituzte CO<->2 hartu eta biltzeko, Iparraldeko Itsasoan eta Danimarkan, esaterako. AEBetan ere aztertzen ari dira teknika berria. Bizkaiko kostaldeko biltegiaren kasuan, gertu dauden zentral termikoekin lotua egongo litzateke, eta haiek isurtzen duten CO<->2 gordeko luke. Gutxienez 100 milioi tona biltzeko ahalmena izango luke, konpartimendu itxietan.

Jaurlaritzaren kezka

Eusko Jaurlaritzak komunikabideen bidez jakin du albistea. Ingurumen Saileko iturriek kazeta honi adierazi diotenez, administrazioen arteko harremanetan «ez da biderik egokiena» hedabideak erabiltzea. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak ez du uste Espainiako Gobernuaren asmoa irmoa denik, bestela beste era batera egingo baitzituen gauzak.

Eusko Jaurlaritzak oroitarazi du CO<->2 hartu eta biltzeko sistemak galdera asko dituela oraindik ere erantzuteko. «Bide hau hastapenetan da, eta galdera asko daude airean. Oraindik ez dakigu zer ondorio izan ditzakeen halako biltegi batek. Oraindik ere oso eztabaidagarria da, eta zientifikoki kontrastatu gabe dago». Dauden zalantza asko Espainiako Gobernuak azaldu behar dituela uste du Eusko Jaurlaritzak.

Albistea berria da, eta oraindik ere inor gutxi ausartzen da iritziak ematera. Inguruko udalak informazio gehiagoren zain daude, eta Bizkaiko arrantzaleek ere prentsan agertu dena baino ez dakitela adierazi dute. Ekologistak izan dira egitasmoa gogor kritikatu duten bakarrak. Ekologistak Martxan-ek esan du sistema hori ez dela biderik egokiena klima aldaketaren arazoari irtenbidea emateko, eta problema hurrengo belaunaldiei konpondu gabe ematea gaitzetsi du.

Udalek informazioa nahi dute eta arrantzaleek prentsan agertutakoa baino ez dakite 

Espainiak dio «badaezpadako neurria» dela, eta ikertzen jarraitu behar duela zalantza asko sortzen dituen teknika


Oraindik ere CO<->2 hartu eta biltzeko teknika aztertzen ari dira zientzialariak munduko hainbat lekutan. Teknikaren nondik norako nagusiak ondokoak dira.

Zer da?

Erregai fosiletako CO<->2 biltzeko sistema, erre aurretik edo erre ondoren. Lur azpian edo itsasoan gordetzen da gero.

Nola egiten da?

Hiru modu daude: Erretzearen aurretik, erretzearen ondoren, eta oxikonbustioaren bidez.

Erretze aurretik: C0<->2 hartzen da erregaia erre aurretik, eta ondoren bildu egiten da. Ikatzaren kasuan, gasifikazioaren bidez egiten da, solidoa gasa bihurtuz.

Erretze ondoren: CO<->2 bereizten da, esaterako, xurgatuz (prozesu fisiko baten bidez, edo substantzia kimikoen bidez). Ondoren, bildu, lehortu eta garraiatzeko prest geratzen da.

Oxikonbustioa: Nitrogenoa bereizi egiten du. Ondoren, erregaiari oxigenoa gehitzen zaio, eta horrek erre egiten du, batik bat CO<->2z osatutako gas eta ur lurruna isuriz. Hori kondentsa daiteke, eta garraiatzeko zein biltzeko prest utzi.

Non bil daiteke?

Gatz ur geruza sakonetan: Biltzeko gaitasun handia dute. Alabaina, energia geotermikoaren balizko iturri oso garrantzitsuak dira.

Petrolio eta gas putzuetan: Irtenbide egokienak lirateke. Baina, putzu erabili eta utziak direnez, porlanaren korrosioa dela-eta,CO<->2 ihes egiteko arrisku handia dago.

Ikatz zainetan: Ikatz zainetan CO<->2 sartuz gero, ikatzak xurga dezake, eta hainbat gas isuri, batik bat metanoa.

Gatz domoetan: Ahalmen oso txikia dutenez, zientzialariak ikertzeko aukera baztertzearen aldekoak dira.

Muga eta arriskuak

Garestia: Elektrizitate sorkuntzaren kostuak %40 eta %80 artean garestitzen ditu. Gainera, epe luzean kostuak asko handitzen ditu, etengabeko kontrolak egin behar direlako.

Eraginkortasun mugatzailea: Teknika honek zentral termikoen eraginkortasun produktiboa murriztu egiten du, era nabarian.

Ihesak: Ingurumen arrisku larria dute bildutako ihesek. Ura azidotu daiteke, itsas ekosistemak hondatu, eta landare, animalia eta pertsonak ito.

Ikerketa: Asko ikertu behar da oraindik garatu ahal izateko. Energia berriztagarriak garatzen inberti daitekeen diru multzo handiak erakar ditzake.

Epea: 2020ra arte ez da eskuragarri egongo teknika hau, baina ordura arte klima aldaketari aurre egiteko neurriak hartu behar dira.



 

«Edozein ekosistemaren hondamendia ekar dezake»

Raquel monton- Greenpeaceko eleduna

CO<->2 biltzeko asmoaren atzean erregai fosiletan oinarritutako energia sistema iraunarazteko borondatea ikusten du Greenpeacek.

i. petxarroman

Greenpeaceren ustez, CO<->2 bildu eta harrapatzea ez da irtenbidea klima aldaketari aurre egiteko, eta, besteak beste, arazoa hurrengo belaunaldiei pasatzen die . Raquel Monton Espainiako Greenpeaceko klima aldaketaren aurkako kanpainako arduraduna da.

Zergatik ez da klima aldaketaren irtenbidea?

Ez dugu guk bakarrik esaten. Nazio Batuen Erakundeko adituek ere esan dute. Gainera, zientzialariek ikerketa gehiago behar dituzte martxan jarri ahal izateko. Hala, martxan jartzerako berandu izango da dugun arazoari heltzeko. Izan ere, hamar urte ditugu berotegi efektua sortzen duten gasen isurketak murrizteko.

Legez onartua dago sistema hau?

Segun eta non lurperatzen duzun CO<->2 erantzunak ere ezberdinak dira. Esaterako, Europako Batasunean itsasoan lurperatzea guztiz debekatzen dute indarrean diren hainbat nazioarteko itunek, esaterako Londresko eta Stockholmeko itunek. Zeren CO<->2 lurperatzeak zein eragin izan dezakeen itsasoan ezin da jakin . Azidotzen du, alegia, itsasoaren PHa murrizten du, eta horrek inguruan duen ekosistemaren hondamendia ekar dezake. Harkaitzean lurperatzeak, alegia, lehorrean, hainbat ondorio izan ditzake. Esaterako, batzuek planteatzen dute petrolio plataformetan gordetzea. Oroitarazi behar da horiek ez daudela ukitu gabe, ustiatu eta dinamitatuak baizik. Gasa pitzaduretatik irten liteke, pixkanaka edo bat-batean. Kasu batean zein bestean, ondorio berberak lirateke. Gainera, lurpera daitezkeen gasen artean interakzio kimikoak sor litezke, zeren ez da lurperatzen bakarrik CO<->2. Interakzio horietako batzuk oso konplexuak dira, eta kasu bakoitzean aztertu behar duzu zer eta non sartu behar duzun.

Hori posible al da?

Hain zuzen ere, ezinezkoa da. Denok dakigu nola funtzionatzen duen mundu honek. Europako Batasunak debeku zorrotzak ditu ingurumenaren alorrean, eta, hala ere, arazo larriak ditugu. Agerikoa da sistema hauen gaineko jarraipen eta balorazioaren azterketen zorroztasuna zenbait herrialdetan ezinezkoa dela. Eta, Espainiari dagokionez -Euskal Herrian gauza bera da-, ez dugu erregai fosilik, inportatu egiten ditugu. Beraz, zentzugabea da baliabideak xahutzea gure sistema energetikoaren menpekotasuna luzatuko duen zerbaitetan.

Espainiako Gobernuko Industria Ministerioak dio oraindik ez dela ezer erabaki. Soilik ikerketak egin behar dituztela. Zer uste duzue?

Hamar urte daramatzagu eskatzen ikerketak egiteko itsasoko energia eolikoaren plan bat egiteko, eta ez dugu ezer lortu, nahiz eta baliabide berriztagarria izan. Zortzi mila kilometroko kosta dugu, eta hor izan daitekeen ahalmena ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Energia geotermikoa ere hor dago: lurpean sakondu ahala tenperatura gora doa, eta horko beroa baliatzea energia baliatzea litzateke. Horrelako ezer ez da egiten ari. Baliabide ekonomiko bagenitu, azterketa egin liteke ikusteko ea posible eta ona den CO<->2 hartu eta biltzea. Lehentasuna eta dirua beste leku batzuetan jarri beharko liratekeela uste dut.

Erregai fosilen menpeko energia eredua luzatzeko apustua da, beraz.

Hain zuzen ere, karbonoari arnasa eman nahi diote. Karbonoak ez du irtenbiderik, oso kutsagarria delako. Etorkizuneko balizko irtenbide batekin lotzen ari dira, baina hau ez dago argi oraingoz. Ekonomikoki bideraezina da. Beste eredu energetiko bat behar dugu dugun hau ordezkatzeko. Sistema honekin itxaropen faltsuak ematen zaizkie herritarrei, erregaiak erretzen ari diren enpresek berdin-berdin jarrai dezaten. Hori da egiten dugun irakurketa. Nahi nuke azpimarratu, gainera, erkidego autonomo zenbaitek protesta adierazi dutela ez dietelako ezer jakinarazi lur gordetze hauei buruz. Prentsaren bidez jakin dute.

Bizkaiari dagokionez, Urdaibaiko biosferaren ondoan egin dute lur gordetzea, alegia, babesgune baten ondoan.

Suarekin jolasten ari gara. Uste dut ikaragarria dela. Zentzuak diosku arriskuak dituen sistema bat ezin dela probatu babestua dagoen toki batean. Baina gauza bera egin behar dute Asturiasen ere. Ez dakit lekuak zeren arabera aukeratu dituzten, pentsatzen dut irizpide geologikoak hartuko zituztela aintzat, baina oinarri geologikoaren gainean zer dagoen ere kontuan hartu beharko lukete. Itsasoan zailtasun teknikoak lurrean baino askoz ere handiagoak izaten dira, eta istripu bat izateko aukerak askoz ere handiagoak eta larriagoak. Gobernu eta enpresa asko diru asko ari dira bideratzen ikerketa hauetara, karbonoa salbatuko lukeen teknologia delakoan.

Comentarios