Ingurumen Sailak Kanalako lur sail bat birkalifikatu nahi du


ingurumena »


Eusko Jaurlaritzak Urdaibaiko legea babestu beharrean bere kontra egin duela salatu dute hiru talde ekologistak

danel lauzirika HITZA

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Kanalako lur sail bat birkalifikatu gura du. Ekologistak Martxan eta Gernikako ekologia lan-taldea elkarteetako kideek adierazi dutenez, Jaurlaritzak lur sail horietan 50 txalet eta 2.000 metro koadroko hotel bat eraikitzeko baimena eman gura du. Talde ekologisten esanetan, birkalifikazio hori Urdaibaiko Biosfera Erreserbako babes eta antolamendu legearen aurka doa zuzenean, eta babes bereziko gune batzuk arriskuan jarriko lituzke. 2003ean Jaurlaritzak Urdaibaiko babes eta antolamendu legea aldatzen zuen dekretu bat atera zuen. Dekretu horren bitartez, Ingurumen sailak urbanizagarriak ez diren 27,8 hektarea birkalifikatu zituen. Lur sail horretan itsasertzeko babesguneak eta artadi-kantauriarra motako basoak aurkitzen dira.

Dekretu hori baliogabetu nahirik, Ekologistak Martxan-ek, Gernikako Ekologi lan-taldeak eta Linus ornitologia elkarteak auzitara eraman zuten Jaurlaritza. EAEko Auzitegi Nagusiak talde ekologistei arrazoia eman zien, Jaurlaritzak ateratako dekretua baliogabetuz.

«Eusko Legebiltzarrak Urdaibai babesteko egin zuen legearen oinarri batzuk urratzen zirelako eman ziguten arrazoia EAEko epaitegian. Adibidez, babes bereziko guneak hondatuta geratuko liratekeelako, eta hori ez da aurreiritzi soil bat. Paisaia ondare gisa baloratzen da, eta proiektu horrekin paisaia urratzen zen. Urdaibaiko paisaian baserritarrek belaunaldietan egindako lana isladatzen da», adierazi du Alfonso Caño Gernikako ekologi lan-taldeko presidenteak.

Orain Jaurlaritzak 2003an ateratako dekretua indarrean jartzeko Espainiako Auzitegi Gorenean kasazio-helegitea aurkeztu du. Auzitegi Gorenak kasazio-helegite horri erantzuteko eskatu die talde ekologistei, eta horiek beren argudioak aurkeztu dituzte. Joserra Ortiz Ekologistak Martxan elkarteko abokatuak adierazi duenez, «kontu honek luze joko du, gutxienez urte eta erdi».

Auzitegi Gorenak Jaurlaritzaren alde eginez gero, Urdaibaiko legea aldatzeak Kanalan dauden eraikin batzuen egoera legala aldaraziko luke. Horrela, Jose Antonio Ardanza Lehendakari ohiaren txaleteko handitze lanak automatikoki legalak bihurtuko lirateke.

Ekologistak haserre

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari Urdaibaiko legea babestea dagokiola, eta ez bere kontra joatea, hori adierazi dute talde ekologistek. Taldeek Auzitegi Gorenean jarritako helegitea kentzeko eskatu diote Jaurlaritzari. Madriletik EAEko epaitegiaren epaia berresten badute tramite judizialen gastuak Esther Larrañaga sailburuak pertsonalki ordaintzea eskatu dute ekologistek. Legeak defendatzearren hainbat gasturi aurre egin behar dietela salatu dute hiru taldeek.

Joserra Ortizen esanetan, «dekretu hau aurrekari garrantzitsu bat izan liteke. Auzitegi Gorenak helegitea onartzen badu, hemendik aurrera ezer ez da salbu egongo. Erakundeak Urdaibaiko legea aldatzen ausartzen badira edozertarako gai izango dira».

Cañoren ustez «beste gauza batzuk babesteko Kanalako auzoa ordenatu behar zela zioten erakundeek, bertan hoditeria, argindarra eta gizarte zerbitzu batzuk jarri behar zirela. Proiektuan esaten zen (horrela aipatzen da dekretuan) agian auzokideentzako babes ofizialeko etxebizitzak egin zitezkeela».

«Aldundiak orain dela lau urtetik egina du proiektua, eta guk CD-Rom batean dugu. Besteak beste, partzela handiko txaletak doaz, luxuzkoak, 50 txalet inguru. Ekipamendu sozial bezala bost izarretako hotel bat aipatzen da. Nahasmen hori izan zenean auzokideek batzarra egin zuten, eta batez ere gazteek, etxebizitzak behar zituztelako, ez zeuden horren kontra. Ordurako Aldundiaren proiektua egina zegoen, eta hor ez zegoen babes ofizialeko etxebizitzarik ez ezer».

alfonso caño (ekologi lan tailerra)

«Urdaibaiko paisaian baserritarrek belaunaldietan zehar egindako lana isladatzen da»

joserra ortiz (ekologistak martxan)

«Erakundeak Urdaibaiko legea aldatzen ausartzen badira edozertarako gai izango dira gero»

Comentarios