Industriaguneko eta Inamako lurrakbirkalifikatu dituzte

muxika » hirigintza

Industriaguneko eta Inamako lurrakbirkalifikatu dituzte

Udaleko zerbitzu juridikoen txostena ezkorra izan arren, Udalbatzak EAJko botoei esker birkalifikatu ditu lur sailak

danel lauzirika

Atzo 08:00etan ez-ohiko osoko bilkura egin zuten udaletxean. Udalbatzak, EAJko zazpi zinegotzien botoei esker, aurrera atera zuen FINSA-Inamako eta industriagune berriko lur sailen behin behineko birkalifikazioa. Lur sail horiek nekazaritzarako lurzorua izatetik lurzoru industriala izatera pasatzeko proposamenak EAren kontrako botoa izan zuen. Birkalifikazioek FINSA-Inamaren instalazioak handitu eta industriagune berria eraikitzen hastea ahalbidetzen dute.

Birkalifikazio bien proposamenak bakarrik aztertu zituzten osoko bilkuran. Kasu bietan, Udaleko zerbitzu juridikoek proposamen bien txosten ezkorra aurkeztu dute, bai Udaleko hirigintza batzordean, baita atzoko osoko bilkuran ere. Udaleko zerbitzu juridikoetako arduradunen esanetan, proposamen horiek legearen aurkakoak dira.

Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatuaren onarpen txostenik gabe onartu du Udalbatzak lur sail bien birkalifikazioa. Jabier Gezuraga alkateak Patronatuko azken osoko bilkurako gai zerrendan birkalifikazio horien azterketa ez sartzea eskatu zuela adierazi zuen atzo EAko zinegotziak. Patronatuak proposamenok osoko bilkuran jorratu ez baditu onartuta daudela ulertu daitekeela adierazi zuen Gezuragak.

Herritarren kezka

Udalak martxan jarritako birkalifikazio proiektuen aurrean SOS Muxikak eta Alai Begirako auzotarrek alegazioak aurkeztu zituzten. Udalak alegazio horiei ez diela erantzunik eman salatu dute elkarte biek.Inamaren lur sailen berkalifikazio proposamena enpresarekin hartutako konpromisoan oinarritzen dela adierazi zuen Gezuragak. SOS Muxikako ordezkariek, aldiz, herritarrekin hartutako konpromisoaz galdetu zioten Gezuragari.

«Udalaren jarrerak ez gaitu harritu. Gure elkartea kritikatzeko EAJk bidali zuen prentsa oharra Inamatik atera zen. Horrela frogatzen du hedabide bati bidalitako fax-ak. Azken hamabost urteetan Muxikako Udala Inamak gobernatu du. EAJren kandidatura Inamaren kandidatura da», adierazi du SOS Muxikako bozeramaleak.

Txostenak irakurri eta Udalaren prozeduran akatsak dauden ala ez aztertuko dute Alai Begirako kideek.

Jendetza osoko bilkuran

Ehun pertsona inguru bildu ziren atzo, goizean goiz, udaletxeko batzar aretoan. Inamako langileak, SOS Muxika herritarren elkarteko kideak eta Alai Begirako auzotarrak izan ziren osoko bilkuran. Horiez gain, Miren Arantza Madariaga Gautegiz Arteagako alkatea, Kerman Meaurio Ibarrangeluko alkatea, Ramon Urresti Mendatako alkatea eta Iñaki Madariaga Errigoitiko alkatea ere izan ziren bertan.«Ez dute egin osoko bilkuraren deialdi irekirik. Hala ere, Inamako langileei eta EAJko alkate batzuei abisatzeko astia izan dute», adierazi dute SOS Muxikako kideek.

«Ordutegi goiztiar honekin eta deialdirik egin barik EAJko kideek informazio eskubidea ukatu eta herritarrek ezer jakin gabe erabakiak hartu nahi izan dituzte», adierazi du Alai Begirakoen abokatuak.

Bere esanetan, «hilabeteetan zehar osoko bilkura informatibo bat egitea eskatu dugu, eta ez dute deialdirik egin. Orain EAJk ez du argudiorik eman ez-ohiko bilkura bat egiteko. Jarrera mafiosoa da. Ez da kasualitatea osoko bilkura hau hauteskundeak baino hamar egun lehenago egitea».

Comentarios