Espekulazioa salatzeko akanpada burutu dute Bakion

Espekulazioa salatzeko akanpada burutu dute BakionEkologia eta Ingurugiroa

Igorlea: Gaztesarea Data: 2007 Api, 07 - 07:43 AM







Espekulazioa salatzeko egun osoko akanpada burutu dute Bakioko Gazte Asanbladak deituta Nortasuna landuz, espekulazioa salatu lemapean. Honela, etxebizitza eskubidea aldarrikatu dute tailer, eztabaida eta abarren bitartez.

Bakidxogaz, Bakioko Gazte Asanbladaren oharra:
Bakioko gazteok, kanping dendak hartuta udaletxe aurrean egun osoko akampada burutu dugu, honekin herrian ematen den espekulazio eta hirigintza politika salatzeko asmoz. 35 gazte inguruk parte hartu dugu, egunean zehar joko, tailer... ezberdinak antolatu ditugularik.

Argazki Galeria

Hau da salaketa egun honi begira gazteok egindako irakurketa:
Gure herriak jasaten duen egoera, turistifikazioaren ondorio zuzena da. Herri turista bezela definitzeagatik jende askoren bigarren bizitoki bihurtu da. Honek etxe baten prezioa kokaguneagatik, leihotik ikusten den paisaiagatik...garestitzea dakar, etxebizitza beharrizan izatetik luxu bat izatera pasatuz. Etxebizitza luxu bat bihurtzeak, herri elitista bihurtu du Bakio, herri nortasuna ahulduz eta gure arbasoen ondare izan den herri nekazari eta euskalduna desagertaraziz. Hirigintza politika basati honen aurrean, politika sozialago bat eskatzen diegu institutuzio eta udalari, herriaren nortasuna errespetatu eta herritar guztien alde egingo duena.

Etxebizitza eskubide unibertsala den heinean Bakioko gazte guztiok bermatuta izan beharko genuke, baina gure herrian ere negozio borobil bihurtu dute. Espekulazioaren indartzeak gure etxebizitza eskubidearen zapalkuntza ekarri du, gizarte honen irabaziak eta etekinak, espekulatzaile gutxi batzuen eskuetan utziz. Gizarte mailaketaren indartze honek, gazteok, kale gorrian egotea edo gure bizia banketxeei hipotekatzea suposatzen du. Honen ondorioz, Bakioko gazte asanbladakook etxebizitza eskubidea errespetatzea eta espekulazioa gelditzea eskatzen dugu.

Bakion, herri nekazari bat izatearen ondorioz, inguru berde ugari dago. Alde batetik, Udalak daraman hirigintza politika basatia salatu nahi dugu, honen eraginez gune hauek etxez eta porlanez beteko dituztelako. Beste alde batetik, golf zelaia, talasoterapia edo kirol portua bezelako proiektu txikitzaileak salatu nahi ditugu, amalurraren suntsiketa eta ekosistema askoren desagerpena ekartzeaz gain, herriak aukeratu ez duen bizi eredua bultzatzen dutelako.

Bizi garen gizarte hau etekinak ateratzeko sortuta dago. Etxebizitza negozio borobil bihurtzeak, gure eskubidearekin espekulatzen duten enpresen sorrera masiboa ekarri du. Honen artean aipatzekoak dira, inmobiliariak, konstruktorak, banketxe eta aurrezki kutxak. Ez ditugu aipatu gabe utzi nahi instituzioak, gure eskariei entzungor egin eta gainera guzti hau baimentzen dutelako.

Azkenik, Udalari, aurrera daraman hirigintza politikan gardentasuna eskatu nahi diogu. Ezkutuka gauzak egiten ibili beharrean herriaren hitza errespetatu eta aintzat hartzea eskatzen diogu. Honen ondorioz, hirigintza basati honen kontra adierazteko eta antolatzeko eskubidea errespetatzea eskatzen diogu, iritzi desberdinen aurkako jasarpena bertan behera utziz.

NORTASUNA LANDUZ,
ESPEKULAZIOA GELDITU!!!

Comentarios