Listoek tontotzat hartu gintuztenekoa... berriz ere

Listoek tontotzat hartu gintuztenekoa... berriz ere

Basarrian bizitzeak baditu abantailak, asko. Horietatik bat buzoia ez dela 2X1,3X2 edota 6X4=24 gune komertzialetako propagandaz beteta egoten. Garesti ateratzen da basarriz basarri banaketa egitea. Ez dugu ia propagandarik jasotzen. Baina oraingoan bai heldu da, banan-banan, etxez-etxe eta basarriz-basarri banatutako propaganda. Eta ez da hauteskundetakoa. Oraingoan, berriz ere, listoek tontotzat hartzen gaituzten propaganda heldu da.

ALDE ONAK BAINO EZ dituen propaganda, gainera. Busturialdeko Industrigune barria saldu nahi diguzue. Eta barria, propaganda irakurrita kontrakoa ematen badu ere, Busturialdean hainbat industrialde daudelako, Gernika-Lumo eta Bermeokoetatik hasita. Beste edozein propagandan bezala, aspaldiko iragarki hark esaten zuena egin dut neure buruan paper elegante hau jasotzerakoan: busque, compare y si encuantra algo mejor, cómprelo.
Eta begira eta begira, badira komentzitzen ez nauten hainbat arrazoi.

LUR SAILAREN IA ERDIA BERDEGUNEAK IZANGO DIRA.Oso ondo,baina oraintxe bertan ia erdia ez, industrigune hori egin nahi duzuen %100 berdegunea da. Beraz, industrigunea egitea beharrezkoa bada, beste erdia bakean utzi ezazue. Nola bihurtuko duzue berde berdea dena…

INDUSTRIALDEA bizitegi-gunetik aparte geratzeko kirol ekipamenduak ipiniko dira. Industrialde baten kirol ekipamenduak? Eta ez badira egiten zein fisika legek dio bizitegi-guneetatik hurbilago egongo dela? Tontoak izan gaitezke baina metroa 100zm dira, kirol ekipamenduekin edo gabe.

AURRERAPENA ETA NATURA, ARMONIAN. Gernikako Industrialdea benetan erabiltzen bada,naturak 743.834 metro koadro armonia gehiago izango ditu.

BENETAKO AUKERA BAKARRA ETORKIZUNARI
BEGIRA. Hala zen Lemoizko zentral nuklearra ere. Kobazuloko sasoietara ez itzultzeko eta azak ez jateko aukera bakarra. Eta gero eta aza gutxiago jaten da, sinistu esandakoa.

EUROPAKO INGURUGIRO LEGEAK BETETZEN
DOGUZ. Eta zer inporta zait Europa haundi-maundi hortako legea Urdaibako Erreserbako legea bera betetzen ez baduzue. Industri gune berriak egin aurretik daudenak guztiz erabili behar dira. Zuek idatzi eta onartutakoa da.

ENPRESA GARBIAK BAINO EZ DAUZ EUKIKO.
Ez duzue bakar bat aipatzen, aizu. Baldin badakizue esan zeintzuk, zenbat, zenbat lanpostu berri.

INGURUA HOBETU EGITEN DUGU…
Nik euria eragiten dut, eta elurra, eta udazkenean hostoak erortzea, eta… Busque, compare y si encuentra algo mejor, cómprelo. Nire tontotasunetik zuen propaganda zoragarrian falta zaizkizuen gauza batzuk aipatuko dizkizuet. Eta kobrau barik. Industriguneko teilatuetan eguzki-plakak jarri argi indarra sortzeko gasoilez egindako kogenerazioa debekatuz. Industrigunearen ‘berdeguneetan’ nekazari gazteak egotea bultzatu eta hauen barazkiak eta frutak izango dira ahal den neurrian industriguneko jatetxeetan emango direnak, bertakoak, ekologikoak eta transgenikorik gabeak.

Bertako basoen indartzea bultzatu, berau lehengai bezala erabiliz altzariak eta egurrarekin zerikusia duten industriak berpizteko. Eta ohitura ez duzuen arren, jendeari galdetuz gero, seguru jendeak ideia gehiago eman ahal dizkizuela. Aproba egin. Ez zaitezte zuek hain listotzat etagu hain tontotzat hartu.

ALEX ZUBIA --Baserritarra--
BUSTURIALDEKO HITZAn

Comentarios