busturia » hirigintza

Zigor penala eskatzen dute Axpe 22ko obren erantzulearentzat

Auzoartekok obrak «ilegalak» direla salatu du askotan, besteak beste, eraikina «ahal baino altuagoa» dela esanez

maite zabalondo

Auzoarteko Herri Kandidaturak zigor penala eskatzen du Axpe 22ko obren erantzulearentzat. Auzoartekok obrak «ilegalak» direla behin eta berriz salatu du Busturiko udaletxean, eta Arartekoarengana ere jo dute. Ainhoa Barrena Auzoartekoko zinegotziaren esanetan, «eraikina ahal baino altuagoa egiten ari dira, hain zuzen, legeak onartzen duena baino 0,92 zentrimetro gehiago hartzen ditu». Obrak gelditzea eskatu dute hainbat aldiz, baina ez dute lortu. «Horrenbeste salaketa administratibo jarri ostean, ikusita ez digutela kasurik egin eta gaia benetan larria dela, tribunaletara joko dugu. Dagoeneko eman diogu ordena abokatuari obren erantzulearen aurka salaketa penala jartzeko».

Axpe 22an egiten ari diren etxebizitzak direla eta, Auzoartekoko kideek hainbat arrazoi eman dituzte «ilegalak» direla salatzeko. «Legean oinarrituta, eraikinaren eta ondoko guneen artean egon beharreko muga ez dute errespetatzen. Errepideen jabetza publikoa ere ez da errespetatzen».

Dokumentazio falta dagoela ere salatzen dute, eta eraikitzeko ezarrita dagoen gehienezko altuera errespetatzen ez dela diote. «Obrako garabia ere lizentzia barik dabil», gaineratu du Auzoartekoko zinegotziak.

Udalaren erantzuna

Abuztuan jarri zuten lehenengo salaketa formala. Ordutik hainbat akusazio egin dituzte, baina obrek aurrera jarraitzen dute. «Alkateak esan zigun ez duela salaketarik erantzungo», azaldu du Ainhoa Barrena Auzoarteko Herri Kandidaturako zinegotziak.Orain bide penala hartu dute Auzoarteko Herri Ekimenekoek etxebizitzen inguruan «dauden irregulartasunak» salatzeko. Euren ustez, «lotsagabekeriaz» ari dira. Auzoartekoz gain, zenbait banakok ere salaketak jarri dituzte.

Comentarios