Espainiako Auzitegi Gorenak, Basauriko galdeketaren ebazpenak udalen subiranotasuna babestu du

Basauriko galdeketaren ebazpenak udalen subiranotasuna babestu du

San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe biziberritzeko proiektua


BIZKAIKO HITZA
Natalia Salazar Orbe

Ia oharkabean pasatu da, baina epaitegiek Basauriko galdeketari emandako babesak aurrekari garrantzitsu bat ezarri du herrientzat; hala uste du Juan Landa abokatuak. Espainiako Auzitegi Gorenak oraintsu ebatzi du Basauriko herri galdeketa legezkoa izan zela. Iaz EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaia berretsi eta irmo egin du azken ebazpen horrek: haren arabera, udalak ez zion eskatu behar baimenik Espainiako Gobernuari San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe biziberritzeko proiektuari buruzko galdeketa egiteko. Abokatuak dio legeak udalentzat aurreikusten duen eskumena berretsi duela ebazpenak.

Basauriko Udalak 2016an aurkeztu zuen proiektua. Oposizioaren babesik ez zuela eta, herri galdeketaren bidez saiatu zen babes hori lortzen. Urte hartako irailean egin behar zuen galdeketa, baina bertan behera utzi zuen Bilboko epaitegiak, Espainiako Estatuaren Abokatutzak hala eskatuta, estatuaren konpetentziak urratzen zituelakoan. Haren arabera, Basauriko Udalak Espainiako Gobernuari eskatu behar zion galdeketa egiteko baimena. Hala egin zuen hurrengo urterako: 2017ko abenduan egin zuten galdeketa, Espainiako Gobernuaren baimenarekin. Hala ere, aurreko urteko galdeketaren auzitegietako bideak aurrera jarraitu zuen.

EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion Basauriko Udalari iazko maiatzean: ez zen beharrezkoa baimena eskatzea. Estatuaren abokatuak kasazio helegitea aurkeztu zuen, ordea, ebazpen horren aurka, eta duela bi aste Espainiako Auzitegi Gorenak arazoa bukatutzat eman du: ez du onartu estatuaren abokatuaren helegitea. Beraz, EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia irmoa da: Basauriko Udalak antolatu zuen lehen herri galdeketa legezkoa zen.

“Erabakia garrantzitsua da. Eta parte-hartze prozesuak zabalduko ditu”. Hala mintzatu da Landa Gorenaren erabakiari buruz. “Aukera gehiago emango du edozein udalek edozein gauza galdetu ahal izateko”.

Legea oinarri

Erakunde Lokalen 2/2016 Legea du oinarri epaiak. Hain zuzen, azaldu du ebazpenak lege horrek jasotzen duen eskumena aitortu diela udalei: “Ez da bakarrik lege bat egotea. Gorenak berretsi egin du legeak dioena. Orain ez dago interpretaziorako tarterik”. Besteak beste, Galdakao eta Usansoloren arteko desanexio prozesua izan du buruan. “Ibon Uribe Galdakaoko alkateak esan zuen galdeketa egiteko estatuaren baimena behar zela. Gezurra da. Berak bazekien, gainera. Baina prozesua atzeratzeko erabili zuen”. Usansolo Herria plataformak iazko uztailean salatu zuen udalaren jarrera. Esan zuen udalak ez zuela baimenik eskatu behar auzoek desanexio prozesua abiatu nahi zuten argitzeko galdeketa egiteko: ez herritarrak prozesuarekin ados dauden jakiteko loteslea ez zen galdeketa egiteko, ezta desanexioari berari buruzko galdeketa egiteko ere.

Landak, epaiari eta legeari erreparatuta, adierazi du baimenik ez dela eskatu behar galdeketa herritarren “sektore bati” egiten bazaio. “Horietarako ez da behar estatuaren baimenik”.

Sinetsita dago Usansolon galdeketa egin egingo dela; Gorenaren ebazpenak horretarako harri koskorra jarri duela eta bidea ireki duela dio. “Desanexio prozesu guztietan aldundiak antolatutako galdeketak egin dira: Iurreta, Ajangiz, Gernika inguru osoa, Erandio, Sondika, Derio… Eta sekula ez zen eskatu estatuaren baimena”.

2015ean, Batzar Nagusiek aldatu egin zuten Usansoloren desanexioa galarazten zuen foru araua. Erabakiok udalen esku daude orduz geroztik. “Udalen esku uzten da eskumena: prozedura abiatzeko, tramitean ipintzeko zein berori ebazteko”. Dena burututa desanexioa onartuz gero, udalak erabakia Batzar Nagusietara eraman beharko luke. “Han onartu egingo lukete, kontratu moduko baten bidez”. Prozesua gehiegi aurreratzea da hori, baina bidea behintzat zabalik dagoela azaldu du: “Galdeketa egiteko estatuaren baimenik ez dela behar izango esan du ebazpenak, jada, espresuki. Basauriko sententziak lehenbizikoz garbi uzten du hori”.

Dena den, Galdakaoko panorama politikoa aldatu ere egin daiteke. Maiatzaren 26ko udal hauteskundeen emaitzek gobernu aldaketarako agertokia zabaldu dute: sei zinegotzi eskuratu ditu EAJk, eta beste sei EH Bilduk. Jeltzaleek bederatzi zituzten orain arte, eta lau zituen koalizio abertzaleak. Alderdien arteko babesek zer nolako agertokia irudikatzen duten ere argitu beharko da, ikusteko batzuek edo besteek nola heltzen dioten desanexioaren aferari.

Landak Erakunde Lokalen 2/2016 Legearen garrantzia eta haren ibilbidea azaldu ditu egoera ulertarazteko. Toki Erregimenaren Oinarriak arautzen dituen 1985eko Espainiako Legeak “zoritxarrez oso indar handia” duela adierazi du. “Toki administrazioaren garrantzizko egitura guztia Madrilgo araudiak arautzen du. Arrazionalizazio prozesu bat ere egon da, gainera; 2013an onartu zuten, krisi ekonomikoaren ondorioz. Susmagarri bihurtu zituzten udalak, iradokita krisia ere ez ote zuten eurek sortu. Ez estatua, ez erkidegoak: udal administrazioak jarri zituzten susmopean 2013an”. Lege horrek nabarmen “mugatu eta gutxitu” zituen udal eskumenak.

Erakunde lokalen legeak joera hori aldarazi zuela ekarri du gogora: “Lehengo eskumen guztiak berreskuratu zituen”. Horrez gain, legeak ezarri zuen Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek finantza bermeak eman behar dizkietela udalei, eskumen horiek gauzatu ahal izateko. Eta udalak Finantzen Euskal Kontseiluan sartzea ere ahalbidetu zuen. “EAEn dugun diru kopurua nola banatu erabakitzen da han”.

Pozokoetxeko lanak hasita

Basauriko Udalak epaitegi, lege eta ebazpenen itsasoan murgiltzea ia ahaztuta zuela iritsi zen bere aldeko ebazpena. Herrian hasiak dira Pozokoetxeko parke berria izango dena eraikitzeko lanetan. Bihar arte herriko alkate izango den Andoni Busquetek azaldu du San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe auzoak modernizatzen ari direla. Ebazpenaren garrantzia azpimarratu du hark ere: “Une oro uste izan dugu legeak galdeketa babesten zuela eta bagenuela egiteko eskubidea. Horregatik jarraitu genuen prozesu judizialarekin: udal autonomia defendatu behar genuela uste genuelako. Ebazpenak oniritzia ematen dio udal autonomiari afera garrantzitsu batean. Orain arte ez zegoen era horretako aurrekaririk Euskadin. Basauriko Udalak doktrina ezarri du”.


Galdakao hará una consulta “de forma legal” en febrero ...
Usansoloko plaza

Epaiak dio aferak zati txiki bati eragiten diola eta ez dela garrantzi berezikoa


N. S. O.

Espainiako Estatuaren abokatuak uste zuen argi zegoela: Basauriko galdeketa herrian erroldatutako 18 urtetik gorako herritar guztiei zuzentzen zitzaien. Hala, Erakunde Lokalen 2/2016 legearen 82. artikulua kontuan hartuta, helegitea jarri zion galdeketari, bizilagun guztiei zuzentzen zitzaielakoan eta herritarren intereserako “garrantzia berezia” zuen afera zela iritzita. Egoera horretan, galdeketak Espainiako Gobernuaren baimena ere beharrezkoa izango luke, udaleko osoko bilkurak aho batez adosteaz gain. Hori hala izango litzateke galdeketaren atzean bestelako xehetasunik ez balego. Baina badago. Horiek aletu zituen EAEko Auzitegi Nagusiak 2018ko maiatzaren 2an emandako ebazpenean, eta arrazoia eman zion Basauriko Udalari: ez zen beharrezkoa Espainiako Gobernuari baimena eskatzea San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe biziberritzeko proiektuari buruzko galdeketa egiteko. Estatuaren abokatuak kasazio helegitea jarri zion epai hari, eta Gorenak oraintsu iragarri du ez duela onartu. Beraz, irmo bihurtu du iazko sententzia.

Margarita Diaz Perez EAEko Auzitegi Nagusiko magistratuak bost puntutan aletu zituen epaia ebazteko argudioak eta arrazoiak. Kontuan hartu zuen ez dela “garrantzia bereziko” afera bat, eta ez ziela eragiten basauriar guztiei. “Hertsi-hertsian soilik eragiten die zuzenean populazioaren %0,3ra iristen ez diren bizilagunei eta udalerriaren eremuaren %1ari; hau da, udaleko afera garrantzitsua da, baina desberdin eragiten die herritarrei”.

Hiru artikuluri begira

Batez ere, Toki Erakundeei buruzko legearen hiru artikulurekin ari da Diaz Perez gora eta behera epaian: 80, 81 eta 82. artikuluak. “Deialdia egiten duen erakunde lokalaren lurraldean boto eskubidea aitortuta duten herritar guztiak bozkatzera deituta dauden galdeketa oro 80.1 artikulura bideratu behar da, derrigor”. Gainerakoak 81. artikuluak arautzen dituela gogorarazi du. Artikuluok bereizi egiten dituzte “herri-galdeketak” eta bestelakoak, hala nola “sektoreko galdeketak edo lurralde-eremu mugatuko galdeketak” eta “herri-galdeketa irekiak”. 82. artikuluak, berriz, garrantzi bereziko aferak barne hartzen ditu.

Hala dio 80.1 artikuluak: “Alkateek, osoko bilkurak gehiengo osoz hala erabaki ondoren eta Estatuko gobernuaren baimenarekin, herritarren edo komunitatearen interesentzat garrantzi handia daukaten gaiei buruzko iritzia galde diezaiokete herriari, baldin eta gaiok udalaren eskumenekoak eta toki-administrazioaren ingurukoak badira. Tokiko araubideari buruzko legerian debekatuta dauden eremuetako gaiez, ordea, ezin izango da galdeketarik egin”.

81.ak, berriz, honako hau jasotzen du: “Udalerriek, gaiaren edo xede duten lurralde-eremuaren arabera, herritarren zati bati bakarrik bideratutako galdeketa bereziak egin ahal izango dituzte”. Hurrengo atalean jarraitzen du: “Sektoreko galdeketatzat hartzen da arazo jakin bati buruz egiten dena eta herritarren zati bati bakarrik edo udalerriko biztanleen zati bati bakarrik eragiten diona”. Xehetasun gehiago ere ematen ditu: “Lurralde-eremu bateko galdeketatzat hartzen da udalerriaren zati batean bakarrik egiten dena, dela auzo batean, dela toki-erakunde txiki batean, dela udal-barruti batean”.

Basauriko Udalak galdeketara eraman zuen Hiri Berrikuntzarako Plan Bereziak populazioaren eta herriaren zati oso txikian soilik izango duela eragina arrazoituta hartu zuen erabakia EAEko Auzitegi Nagusiko ebazpenak. Gorenaren azken erabakiarekin, aurrekaria ezarri du kasuak.

Comentarios