Danona Donea jaialdia ospatuko dute gaur, Mundakan


Mundakako bizilagunek antolatu dute, Zain Dezagun Urdaibai elkarteagaz batera. Proiektua esperimentu «parte hartzailea, ederra eta sortzailea» izatea nahi dute

Danona Donea izeneko jaialdia ospatuko dute gaur arratsaldean, Mundakako Santa Katalina aurrean.

Herriko jendeak eskualdeko Zain Dezagun Urdaibai elkartearen laguntzagaz antolatutako proiektua da Danona Donea. Antolatzaileen berbetan, ekimena «topagune artistikoa» da, eta «parte hartzailea, ederra eta sortzailea» izatea nahi dute. Azaldu dutenez, jaialdian «arlo askotako jendea elkartu» gura izan dute, «bai Busturialdekoa eta baita Euskal Herri osokoa ere». Era horretan, Mundakako eta inguruetako «dantza, konta, kanta, marrazte, txalaparta, arte, artisautza, lur edota kultura» arloko ekarpen guztiek tokia izango dute formatu berezia izango duen egitasmoan.

Denentzako jaialdia

Arratsaldean emango diote hasiera jaialdiari. Txorrokopuntan bilduko dira 18:00etan, eta handik kalejiran joango dira herritik zehar, giro alaian, herriko jendeari jaialdiagaz bat egiteko gonbidapena eginez. Handik Santa Katalinara joango dira, eta han ospatuko dute jaialdia 19:00etatik aurrera. Ekimenagaz ez dituzte kontzertu erraldoiak eskaini nahi: zerbait txikia eta desberdina egitea daukate buruan. Eta hori lortzeko, bildutako jendea talde txikietan banatuko dutela esan dute; nahi duenak ekarpenak egin ahal izango ditu, «giro eder batean».

Arte diziplina guztiak bildu nahi dituztela azaldu dute antolatzaileek: besteak beste, artea, kultura eta diskurtsoa jorratu nahi dituzte, irakurketa saioak edota ideiak partekatzea posible izango da Santa Katalinan, baita bertsotan aritzea ere. «Adierazpen askatasunaren aldeko jaialdia» izendatu dute ospakizuna, eta jendeak «zerbait ederra sortzeko» duen gaitasuna bultzatuko dute. Modu horretan, «oso gauza berezia» sortuko dela uste dute jaialdiaren arduradunek, eta mundu guztiari dei egin nahi diote gaur arratsaldean zerbait berria egiteko Santa Katalinan. 
 
Lander Unzueta Lekerikabeaskoa

Comentarios