Hainbat gogoeta Gernika-Lumoko Ibarra industrialdea birpentsatzeari buruz


Hainbat gogoeta Gernika-Lumoko Ibarra industrialdea birpentsatzeari buruz

Hasteko, argitzea Ibarra deitzen diogu Gernika eta Oka ibaiaren artean dagoen kokagune osoari, gaur egun lantegiak edo beste erabilera batzuk dituena.

Ondoren azaltzen diren ideiek ez dute katalogo oso bat osatzen; gogoeta arin baten emaitza dira eta beste eragile eta lagun batzuekin kontrastatu beharko ziren. Gogoeta Ibarrako industrigunearen gaurko egoeratik abiatzen da, eta eraberritzeko eta zabaltzeko eszenatokia hartzen du kontuan.

Ezaguna den arren, kokapenaren ezaugarri natural eta historiko batzuk aintzakotzat hartu behar dira:

  • Uholde lautada” deitzen den eremuan (ekosisteman) dago, Urdaibai Biosfera Erreserbaren bihotzean. Horrek esan nahi du Oka errekak zabaltzeko eremu naturalean dagoela. Beraz, kokapen horretatik ondorioztatzen dira arrisku eta ezaugarri batzuk:
  • Noizean behin uholdeak jasateko arriskua, batez ere aldi berean eguraldi faktore batzuk elkartzen direnean (euri-jasak, itsasgora), baita gizakiak sortutako beste faktore batzuek eraginda (baso kudeaketa txarrak areagotutako higadura eta ondorengo ibaietako ubideen lur-metaketa, oztopo artifizialak, ubideen kanalizazioak...).
  • Ekosistema horrek dituen landaredia, batez ere ibaiertzeko basoa (sahatsak, haltzak, makalak, hurritzak eta beste arbola batzuek osatuta), orain oso eraldatuta eta leku batzuetan desagertuta. Balio handiko basoa da, berreskuratzeko nahiko erraza bertan ematen diren baldintza naturalengatik, eta uholdeen kalteak moteltzeko funtzioa du baso horrek.
  • Akuiferoak. Lur azpian barrunbe edo koba natural batzuetan ura gordetzen da, mendeetan bilduta eta, hainbat kasutan, kutsatuta industriak eragindako isurketengatik. Oso baliotsuak dira. Babestuak daude eta, halaber, akuifero horiek birkargatzeko eremuak babestuak daude ere.
  • Fauna. Oka ibaiari lotuta, batik bat, une honetan ez oso egoera onean. Dena dela, Oka ibaia korridore naturala da hegazti, ugaztun eta beste animalia batzuentzat. Batzuek habia egiten dute bertan, eta besteren bat endemikoa da (pinpilinpauxa baten kasua, adibidez).

  • Erabilera historikoak: Nekazaritzan erabili zen Ibarra, gero industria apurka-apurka lekua hartzen joan zen. Hala ere, gaur egun oraindik baratzeak ikus daitezke sail batzuetan. Erabilera horren ondorioz, beste faktore batzuk izan behar dira kontuan:
  • Kutsadura, bai goian aipatutako akuifero batzuena baita lurzoru batzuena ere.
  • Industriguneko barne egitura irrazionala, batez ere kontsolidatutako eremuetan.
  • Lantegi zahar batzuk lurreratzeko zorian daude eta beste instalazio batzuk arriskutsuak ere dira. Aldi berean, industria-eraikin eta instalazio interesgarri batzuk badaude.
  • Trenbidearen trazadura. Industrigunea Gernikatik aldentzen du (muga fisikoa) eta komunikazioetarako (lagunak eta merkantziak) garraiatzeko baliabide garrantzitsua izan da. Potentzialtasuna guztiz ustiatu barik dago.
  • Saihesbideak Ibarra zeharkatzen du hegotik iparrerantz gutxi gorabehera. Ez dago oso argi zein neurritan uholdeetatik babesten duen industrigunea eta zein neurritan areagotu zitzakeen uholde baten eragindako kalteak. Bestaldetik, saihesbidearekin loturak kontuan hartu beharko dira betiere.
  • Ibarrako industriguneak bizkarra eman dio Gernikari, hiriguneari. Gernikatik gertu dago, aldamenean, baina oso urrun egon da orain arte (azken urteotan supermerkatuak eta beste denda eta zerbitzu espezializatu batzuk jarri izanak bizilagunak erakarri ditu industrigunera).

  • Busturialdearen garapenerako kokapen estrategikoa du. Lehen aipatutako bezala, Urdaibai Biosfera Erreserbaren ardatzean kokatzen da. Horrek eskualdearen garapena sustatzeko potentzialtasuna ematen dio, industria eta beste jarduera ekonomiko batzuen trakzio-eragile gisa. Biosfera Erreserba batean egotea datu esanguratsua da eta aukera batzuk ematen dio industriguneari:
  • Tradizionala izan den garapen-eredutik aldentzea eta gainditzea, eta eredu ekonomiko eta sozial jasangarri bati lotutako jarduerak bultzatzea. Euskal Herrian ez dago industrigunerik mota horretako jardueretan espezializatuta. Gernika-Lumoko industriguneak esparru horretan esperientzien laborategia izan liteke, batez ere inguruko baliabideen ustiakuntzari edo tradiziozkoak izan diren fabrikazio-prozesuei lehentasuna ematen.
  • Ibarrako industrigunea ez da kokagune isolatua eta, beraz, batez ere hurbil dauden beste industriguneekin batera elkarri eragin beharko lukete, elkarren osagarri izan. Halaber, garapen jasangarrirako jarduerak martxan jartzeak izaera erakusgarria du, beste industriguneetara zabaltzeko helburuarekin. Munduan bostehun baino biosfera erreserba gehiago direnen artean oso esperientzia gutxi daude industria jasangarriaren esparruan. Urdaibai aitzindari izan liteke erakunde publikoen eta eragile pribatuen (enpresak, kooperatibak, hezkuntza zentroak, ikerketa laborategiak, etab.) artean ados jarriko balira mota horretako proiektuaren lidergoa eramateko (“Urdaibai” edo “Gernika” identifikazio-markak erabil litezke).

Hori guztia, eta seguruenik beste faktore batzuk, kontuan izanda, Gernika-Lumoko Ibarran jarduketari begira honako gauzak proposatzen dira:

  • Hirigintza alorrean:
  • Trazaketa arrazionala egitea, pabiloien kokapena eta komunikazio eta beste behar batzuk kontuan izateaz gain, zein izan beharko zen trazaketa uholdeen kasuan kalteak gutxitzeko.
  • Espazio atsegina, berdeguneekin. Arkitekturaren itxura ere zaindu beharko zen. Kanpoko espazioak ezin dira erabili jarduera pribatuetarako orain arte bezala (garajeen konponketak, koipeen isurketak, merkantzien bilketa, etab. kalean egiten dira batzuetan).

  • Energia alorrean:
  • Kaleko argiztapen-sisteman gehiegizko argiztapenik saihestea (argi-kutsadura) Gernikako beste eremu publiko batzuetan gertatzen den legez. Farolak kontsumo gutxiko bonbillekin.
  • Pabiloi berri eta zaharren gainekoa aprobetxatzea energia fotovoltaikoko panelak kokatzeko (zergatik ez hasi Astratik?). Gainera, energia geotermikoa eta beste energia berriztagarri batzuen erabilera eta ustiakuntza bultzatu beharko ziren.
  • Lantegi eta beste eraikietako isolamendua, energia aurrezteko eta kanpoan zarata ez entzuteko.

  • Kutsadura alorrean:
  • Lurzoru poluituen katalogoa osatu. Lurzoru horiek garbitu beharko ziren (erantzukizunak errudunei eskatu ahalko zitzaien?).
  • Akuiferoak babestu eta berreskuratzeko (metal pisutsuak kentzea) aukerak aztertzea.
  • Soinu kutsadura murriztu edo ekiditea. Kutsadura akustikoaren iturri inportante bat da Ibarra. Eraikin berriak diseinatu beharko dira arazo hori saihestu ahal izateko.
  • Hondakinak tratatzeko plangintza komuna, arrisku potentziala dutenak eta hiriko hondakin solidoen modukoak direnak bereizita. Indarrean jarri lantegi bakoitzaren hoditeriaren kontrola, isurketak kontrolatu ahal izateko.

  • Industria-ondarea alorrean:
  • Industria elementu guztiak aztertu, nahiz eta lurreratzeko zorian egon, eta ondare industrialekoak diren ala ez erabaki, babesteko neurriak hartze aldera. Astra eraikinaren modukoak ondare arkitektonikokoak izan daitezke, baita bigarren mailako eraikinak, ur-andelak, dorre elektrikoak, egitura metalikoak, etab.

  • Natura alorrean:
  • Uholde lautadan kokatuta egoteagatik, ekosisteman honen bereizgarriak diren arrastoak geratzen dira oraindik. Bi jarduera mota egin litezke: alde batetik, zerrendatzea zeintzuk diren arrasto horiek (arbola multzoen arrastoak, batez ere) eta babestea; eta, beste aldetik, berreskuratzea erriberako basoak, ibaiertzetan zein libre utz daitezkeen beste espazio batzuetan. Ahal den neurrian, saihesbidetik ekialderantz geratzen diren espazio libreak (nekazaritzan erabili ez direnak) erabili baso-babesle horiek berreskuratzeko.
  • Espezie inbaditzaileen kontrako neurriak hartzea eta, inolaz ere, ez sartu kanpoko espezierik (palmondoak oso politak dira tropikoetan!).

  • Industrigunea gizarteratzeko proposamen batzuk:
  • Irisgarritasunari lehentasuna ematea eta auto pribatuen erabilera murriztea. Ezinbestekoa da bidegorri-sarea trazatzea industrigune barnean.
  • Disuasio-aparkalekuak egitea. Azken urteotako hirigintza-jarrera autoak hirigunetik kentzea da. Horrek eraginkorra izateko aparkaleku alternatiboak eskatzen du. Bi modalitatekoak izan litezke: alde batetik, industriek astegunetan erabiltzen dituztenak publiko bihurtu asteburu eta jaiegunetan, eta, bestetik, Gernikak duen beharra ondo aztertu ondoren, aparkatzeko pisuzko eraikin bat prestatu (akuiferoan kalterik ez sorrarazteko), erdigunetik ondo komunikatuta.
  • Hiri-soloen sare bat zabaldu, nahi duten herritarrek baratzea lantzeko. Solo horiek libre geratzen diren espazio batzuetan atondu litezke, baita ere eraikin batzuen terrazetan. Beste aukera bat eremu batzuk erreserbatzea liteke.



Gernikako Ekologi Lan-taldea
2013ko azaroa

Comentarios