Udalekuak monumentu multzo izendatzeko txostena aurkeztu du Iñaki Uriartek

Udalekuak monumentu multzo izendatzeko txostena aurkeztu du Iñaki Uriartek

Sukarrietako udalekuak
Sukarrietako udalekuak

Sukarrietako Begoñako Ama udalekuen eraikina eta inguruak Babesturiko Kultur Ondare izendatzeko txosten barriztua aurkeztu du Iñaki Uriarte arkitektoak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean. Hain zuzen be, monumentu multzoaren kategoria emon diezaioten eskatu du Uriartek.
Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiak joan den otsailean  Bizkaiko Foru Aldundiak eta Sukarrietako Udalak jarritako helegiteak onartu ondoren, Sukarrietako udalekuak Babesturiko Kultur Ondare izendatzeko Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 2011ko martxoaren 28an emon zuen agindua baliogabetu zuen. Joan den astean, Monumentuen Nazioarteko Egunean, Uriartek Sukarrietako udalekuen izendapena eskatzen duen txosten barriztua aurkeztu zuen Jaurlaritzako Kultura Sailean. Hemeretzi orriko txostena aurkeztu duela azaldu du arkitektoak. «Lege-gogoetak aurrerago aurkeztutako txostenaren berberak dira, baina, kasu honetan, arkitekturaren kalitatea eta udalekuetan garatzen den jarduera gehiago nabarmendu ditut. Azken horrek izugarrizko garrantzia pedagogikoa du, eta leku horretako jarduera hori ordezka ezina da».

Ondare «ukiezina»
Uriarteren esanetan, udalekuen ezaugarriak ez lirateke beste edozein gunetan emongo. Izan be, ibai-korronteen elkargunea da, ur geza eta gazia nahasten baitira itsasadarrean. Horrez gain, mendiz ingurutata dago, eta Bermeoko portua du hurbil. Halaber, Biosfera Erreserba baten baitan kokatuta egotea nabarmendu du Uriartek. Arkitektura, barriz, lurraldeari lotuta dagoela esan du Uriartek, «baserria irudikatzen baitu Ricardo Bastidaren eraikinak».
Uriarteren ustez, jarduera hori ezaugarri berberak dituen Euskal Herriko beste edozein gunera mugitzekotan, eraikin garaikide batera izan beharko luke, «eta deserrotzea izugarria litzateke, kasu hori emotekotan». Horregatik guztiagatik, Sukarrietako Begoñako Ama udalekuena «ondare ukiezina» dela deritzo, «gunea errepikaezina eta utziezina delako». Horren harira, Heidegger filosofoaren berbak ekarri ditu gogora Uriartek: «Gauzak ez daude bakarrik lekuan, baizik eta lekua dira».
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundirako txostena egin zuen Montaner arkitekto katalandarrak Sukarrietako udalekuetako eraikina «ez zela balio handiko lana» esan zuen. «Zoritxarreko esaldia izan zen hura», Uriarteren arabera. «Nik, barriz, alderantzizkoa aipatzen dut txostenean, hau da, Bastidaren lana ikaragarrizkoa dela».

Comentarios